Balio kooperatiboak eta langileen partaidetza bultzatzeak enpresa proiektuak sendotzen dituela azpimarratu du Eider Mendozak Oñatin

Diputatu nagusi izateko hautagaiak Debagoiengo zenbait enpresa eta eragile bisitatu ditu gaur; ekonomia sustatzen jarraitzeko konpromisoa berritu du, “banatzeko lehenik eta sortu egin behar delako”

Balio kooperatiboak eta langileen partaidetza bultzatzeak enpresa proiektuak sendotzen dituela azpimarratu du Eider Mendozak Oñatin 04Apirilak
2023
2023 ApirilaK 04 |
ONATI

PARTEKATU

Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNV-ren hautagaia den Eider Mendoza Larrañaga Oñatin izan da gaur, eskualdeko zenbait enpresa eta eragile gertutik ezagutzen, herriko alkategai Amaia Erostarberekin batera. Bertan Mendozak egin dituen adierazpenetan, ekonomia bultzatzen eta indartzen jarraitzeko konpromisoa berritu du, “ekonomia indartsua ezinbestekoa baita gizarte desberdintasunei aurre egiteko”. Alor honetan, “balio kooperatiboak eta, oro har, langileen partaidetza sustatzeak gure enpresek gaur egun dituzten erronketako askori” erantzuten diola iritzi dio: “Enpresa proiektuak indartzen dira; erabaki guneei eusten zaio, enpresak lurraldean sustraituz; enpresa barneko kohesioa indartzen da; eta talentuari eusten ere laguntzen du”. Honenbestez, alor hau bultzatzen jarraitzeko asmoa adierazi du.

Mendozak, egunean zehar, zenbait topaketa pribatu egin ditu ekonomia erloko zein beste sektoretako eragileekin. Esan duenez, Debagoiengo konpainiek lurraldeko ekonomiaren ikur diren bi elementu ondo jasotzen dituzte: industria eta eredu parte hartzaileak. Gogoratu duenez, industria Gipuzkoaren BPGaren %25 inguru da, “Europako herrialde aurreratuenen pare”, eta 28.500 enplegu dituzten 800 kooperatiba daude gaur gaurkoz lurraldean. “Bi ezaugarri hauek funtsezkoak dira ekonomia sendo eta lehiakorra eraikitzeko”, azaldu du, gaineratuz “banatzeko, lehenik eta behin sortu” egin behar dela. “Azken hamarkadetan, EAJ-PNVren ibilbideari erreparatu besterik ez dago: industria eta parte-hartzea bultzatu dugun ereduaren lehentasunetako bi izan dira. Eta gainera, part hartzea Gipuzkoaren eta euskal idiosinkrasiaren parte da”, osatu du.

Etorkizunera begiratuta, Mendozak esan du alderdi jeltzalearen proiektuan lehentasunezkoak izaten jarraituko dutela EAJ-PNVk proposatzen duen proiektuan. “Parte hartze eredu ezberdinak daude, eta denak dira baliagarriak: kooperatibak, sozietate laboralak, oinordekotza prozesuetan jabetza hartzen duten langileak…”, gogoratu du, azken urte hauetan Aldunditik hartu diren “neurri erabakigarrietan” jarriz azpimarra. Honela, adibide bezala jarri ditu Ogasunak 2016an onartu zituen zerga pizgarriak, langileen partaidetza sustatzeko: “Indarrean sartu zirenetik, 2.315 langile sartu dira 432 enpresaren jabegoan”, azaldu du. Mendozaren esanetan, guk “ekintzekin egiten eta erakusten dugu gure eredua”.

Ondorioz, nabarmendu du aurrera begira ere “ekonomia sendoa” eraikitzeko lanean jarraituko dutela, eta industria, parte hartzea, berrikuntza eta kalitatezko enplegua sortzea funtsezkoak izango direla bere proiektuan. “Txikitik, munduko edozein lekutan aritzeko gai diren enpresak dira eta izaten jarraitu behar dute gipuzkoarrak”, esan du. Honekin batera, dauden aukerak ustiatzeko abaguneak baliatzera ere deitu, gogoratuz Aldundia lan hori egiten ari dela jada Etorkizuna Eraikizen eskutik. “Gaurtik, biharko ekonomia ari gara eraikitzen, etorkizuneko gure ongizatearen eta bizi kalitatearen bermea izango dena”, esan du.

Zaintza eredu berritzailea, pertsona erdigunean

Ekonomia sustapenarekin batera, Gipuzkoan “pertsona ororen ongizatea sustatzeko garaian” gizarte politikak indartzen jarraitzearen garrantziaz mintzatu da diputatu nagusi izateko hautagaia. Gogoratu duenez, gainera, EAJ-PNVk Gipuzkoako Foru Aldundian duen arduratik, pauso sendoak eman ditu alor honetan eta, gaur egun, gipuzkoar bakoitzeko 700 euro baino gehiago bideratzen dira gizarte politiketara, “inoizko zifrarik altuena”.

“Gaur egun bezala bihar ere, orainaldian eta etorkizunean, kalitatezko zaintza bermatu behar diogu pertsona orori eta, horrela, Gipuzkoak gizarte politiken abangoardian segiko du”. Horrela, babes sozialeko sistema indartzen segi eta, gizartearen zahartzearen aurrean, sistema jasangarri egiteko konpromisoa hartu du Mendozak. Gainera, balioa eman dio Gipuzkoako 30 adineko egoitzetan martxan dagoen eraldatze prozesuari –horietako bat da, hain zuzen ere, Oñatiko San Martin egoitza–, pertsona ardatz duen arreta eredu etxekoiago baterantz.

“Berrikuntza, pertsonalizazioa eta komunitatearekin lotura ardatz dituen eredu hori zabaldu eta iraunkor egiteko determinazioa dugu. Ez da gauetik goizera eman daitekeen aldaketa bat, prozesuan murgilduta gaude eta atzera bueltarik ez duen aldaketa ematen ari da Gipuzkoan”, nabarmendu du, ahalegin hori EAJ-PNVren “egiteko moduaren eta begirada sozialaren” adibide gisa nabarmenduz.

Gizarte politikei lotuta, hain zuzen ere, Amaia Erostarbek, Oñatiko EAJ-PNVren alkategaiak azaldu du bere hautagaitzaren lehentasun nagusietako bat dela herriko nagusien zaintza eta ongizatea bermatzea “horretarako kalitatezko zerbitzuak sustatuz eta indartuz”. Datorren legealdiari begira, hauteskunde programan jaso dute San Martin egoitzaren ondoko zelaian pertsona nagusiei zuzenduriko bi zerbitzu berritzaile eskaintzeko ekintza plana garatzea.

“Bizi osorako etxebizitzak eta eguneko zentroa zein laguntza zerbitzua duten etxebizitzak sortu eta eraikitzeko aukera jorratu eta egikaritu nahi dugu, menpekotasuna, ezintasun iraunkorra edota zaintza beharra duten pertsona nagusiei zuzenduta, horien beharrak asebete eta bermatzeko”.

Interesatu Zaitez