Emakumeen kirolaren gorakada txalotu, eta berdintasuna bultzatzen jarraitzeko deia egin du EAJ-PNVk

Eider Mendoza, Elixabete Etxanobe eta Eneko Goia Realak eta Athleticek jokatutako derbian izan dira gaur

Emakumeen kirolaren gorakada txalotu, eta berdintasuna bultzatzen jarraitzeko deia egin du EAJ-PNVk 02Apirilak
2023
2023 ApirilaK 02 |
Berria

PARTEKATU

EAJ-PNVko ordezkariak, hala nola Eider Mendoza eta Elixabete Etxanobe Gipuzkoako eta Bizkaiko diputatu nagusi izateko hautagaiak eta Eneko Goia Donostiako alkategaia, Realak eta Athleticek Anoetan jokatutako futbol derbian izan dira gaur. Kirolak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko kausa ikusarazteko egiten duen ekarpena balioesteaz gain, “Euskadiko bizitza publikoko esparru guztietan -kirola, gizartea, ekonomia eta kultura, besteak beste emakumeek parte-hartze handiagoa” izan dezaten lan egiten jarraitzeko deia egin dute.

Eider Mendozak adierazi du Gipuzkoa eta Bizkaia “lurralde aitzindariak” izan direla “kirolean berdintasuna bultzatzen, eta futbola horren adibide ona” dela: “Reala eta Athletic izan ziren profesionalizazioaren aldeko apustua egin zuten lehen taldeetakoak”. Hainbat mugarri ekarri ditu gogora, hala nola 2019an San Mamesen jokatu zen emakumezkoen partida bateko bertaratze errekorra (48.000 pertsona baino gehiago izan ziren Kopako final-laurdenetan), edo Gipuzkoan “duela hamarkada batzuk Añorga, Oiartzun edo Eibarko taldeek jokatu zuten papera, emaitza apartak lortzeaz gain, hurrengo belaunaldietako emakumeei bidea zabaldu zietelako”.

“Gaur egun – gaineratu du- EAEko hiru lurraldeek taldea dute Lehen Mailan, eta emakumezkoen kirolaren hazkundea, futbolarena ez ezik, albiste pozgarria da. Duela urte batzuk pentsaezina zen emakumeak maila gorenean lehiatzen ikustea arraunean, pilotan edo herri kiroletan, adibidez. Bide onetik goaz, baina lanean jarraitu behar dugu estereotipoak eta kirol-, gizarte- eta ekonomia-oztopoak eraisteko, eta kirolak mezu positiboak transmititzeko eta gizartea hobetzeko duen potentzial guztia aprobetxatzeko”.

Ildo beretik, EAJ-PNVko hautagaiak adierazi du kirola “oso lotuta” dagoela “herri gisa dugun nortasunarekin eta esfortzua eta talde-lana bezalako balioekin. Derbiak, batez ere, ahizpatasun eta jai egunak dira. Lehia sanoa da eta futbol zelaian hasi eta amaitzen da. Kirolean kolore ezberdinak defendatu arren, lankidetzan aurrera egin nahi duen herri bereko kide gara. Kirolak hobetzeko konpetentziak duen garrantzia gogorarazten digu, baina baita elkarrekin indartsuagoak eta eraginkorragoak garela ere”.

Mendozak azpimarratu du garrantzitsua dela “herri ikuspegi eta estrategia hori, partekatzen ditugun erronkei aurre egiteko. Gure konpromisoa lurraldeen arteko elkarlan hori indartzea da, hor baikara sendo. Hauteskunde-etekinak lortzeko helburu bakarrarekin probintzien arteko liskarrak aireratu nahi dituztenen aurrean, herritarren onurarako lankidetzan sakontzea da gure konpromisoa”, nabarmendu du. Hainbat adibide aipatu ditu, hala nola mugikortasuna (Mugi eta Barik txartelak), talentuaren erakarpena, fiskalitatea edo teknologia kuantikoak garatzeko egin berri den akordioa: “Garrantzi handiko erronkak ditugu, eta gaur egungo mundu globalizatu honetan, gurea bezalako herrialde txiki batek lehentasuna eman behar dio lankidetza eredu horri”.

Euskal selekzioak

Azkenik, Mendozak EAJ-PNVk euskal pilota eta surf selekzioen ofizialtasuna lortzeko lortutako akordioari buruz hitz egin du. “Albiste bikaina” dela esan du, eta “gizartearen gehiengoaren eskaerari erantzuna emango dioten aurrerapen gehiago” eskatu ditu. “Izan ere, gizartearen gehiengoari ilusio handia ematen dio Euskadi nazioartean eta ofizialki beste kirol modalitate batzuetan lehiatzen ikusteak. Akordio honek ez luke hor geratu behar, eta lanean jarraituko dugu gurea bezalako estaturik gabeko nazioak kirol esparruan aitortuak izan daitezen”, amaitu du.

Interesatu Zaitez