EH Bilduk inbertsio berri gisa aurkeztu dituen proposamenen artean, EAJ-PNV 2011z geroztik egiten ari denetako batzuk daude. Horietako batzuk posta bidez banatu zituen alderdi jeltzaleak 2022an, hernaniarrek EAJ-PNVren proposamenen berri izan zezaten.
EH Bilduk egindako proposamenen artean, EAJ-PNVk 2011tik aurrera bere programan eraman dituen bi proiektu daude, besteak beste lur azpiko Milagrosako aparkalekuaren proposamena; alderdi jeltzaleak orain bi urte inguru zabaldu zuen postaz bere asmoen berri hernaniarrei emateko. Bozeramaile jeltzaleak gogorarazi du “EH Bilduk orain 6 bat urte egin zuen azterketak ondorioztatu zuela ez zegoela lurrazpiko aparkaleku baten beharrik. Milagrosako aparkalekuari buruz Osoko Bilkuran egin genuen kontsulta baten ondoren ordea, prozesu parte-hartzaile bat egin beharko zela esan ziguten, zer egingo zen ikusteko. Ez dakigu kontsulta egin den ala ez, baina badirudi martxan jarriko dela orain 11 urte onartutako Arau Subsidiarioek adierazitakoa”.
Amonarraizek azaldu duenez, “ilusioz hartu dugu berria, azkenean, Portu-Elizatxo auzoa irisgarriago egiteko elementu mekaniko baten proiektua egiteko partida bat sortu delako. Baina, bestalde, EH Bilduk proposatutako tokia bera kezkagarria iruditzen zaigu, bertan eraiki ahal izateko urte batzuk pasa beharko direlako. Proposatzen duten igogailua lur pribatuetan kokatzen da, baina Arau Subsidiarioetan ez da aurreikusten bertan igogailurik jartzea eta eraikuntza-enpresa batzuk eremu horretan eraikitzeko gogoz daudela badakigu. Gure ustez, gaur egun, inguru horretako bizilagunen irisgarritasun-arazoari irtenbide azkar bat ematea lehenetsi behar da, eta Leoka gaineko aparkalekutik abiatuko litzatekeen igogailu bat proposatu dugu; etorkizunean, beste irtenbide batzuk gauzatu daitezkeen edo ez aztertu liteke”.
“EH Bilduk soberakina bideratzeko egin duen gastu proposamenetik etsigarriena da, azaldu dituzten proiektuetatik soilik %35a izango direla garatzeko gai, beraiek jarraitzen badute noski. Ez dut etorkizuna ezagutzeko gaitasun berezirik, EH Bilduk azken urteetan proposatutako proiektuak garatzeko izan duen bilakaera erreparatu beterik ez dago: %65 aegin gabe uzten dute, gutxi gorabehera. Urtetik urtera, inbertitzen ez den diru-kopurua handiagoa da, eta udal-aurrekontuko gerakinean pilatzen da. 2015ean soberan geratu ziren 6.9M €, 2016an 9.7M €, 2020an 17.5M €, 2021ean 21.5M € eta, azkenik, 2022an 26.7M € daude. Diru publikoa beste batzuek kudeatzen ez badugu, EH Bilduk aurkeztutako proposamena ezer ezean geratuko da, beste behin ere, itxurakeria hutsa izango da”, azaldu du EAJ-PNVko bozeramaileak.