Mikel Uribetxeberria da Aretxabaletako EAJ-PNVren alkategaia udal hauteskundeetarako

“Orain arte bezala, Aretxabaletaren aldeko apustua egiten dugu eta gure herritarrekin konpromiso sendoa mantentzen dugu”, azpimarratu du hautagai jeltzaleak.

Mikel Uribetxeberria da Aretxabaletako EAJ-PNVren alkategaia udal hauteskundeetarako 30Martxoak
2023
2023 MartxoaK 30 |
Aretxabaleta

PARTEKATU

Aretxabaletako EAJ-PNVk Mikel Uribetxeberria aurkeztu du maiatzeko udal hauteskundeetarako alkategai. Alderdiaren babesarekin eta militantziak berretsita, Uribetxeberria “gogotsu, ilusioz eta proiektu sendoekin” heltzen dio datorren maiatzaren 28ko hauteskundeen erronkari. “Aretxabaletaren aldeko apustua egiten dugu eta gure herritarrekin konpromiso sendoa dugu”, azpimarratu du. Aretxabaletarrekin eta herriko eragileekin elkarlanerako prest azaldu da hautagai jeltzalea, “guztion artean etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egiteko helburuarekin”.

Alderdikideek nabarmendu dutenez, Uribetxeberria “hurbiltasunaren, kudeaketa eraginkorraren eta kemenaren adibide garbia da. Aretxabaleta ondo ezagutzen du eta horregatik guztiagatik, batzarrak haren aldeko apustua egin du”. “Herria asko hobetu da urte hauetan zehar -gehitu du hautagai jeltzaleak-. Begibistakoa da eraldaketa nabarmena izan duela, baina Aretxabaletak aurrera egiten jarraitzeko proiektu berriak ditugu, bai gizarte zerbitzuetan, ekonomian, jasangarritasunean zein udal ekipamenduetan”. Horretarako, “eskarmentu handia” duen lan taldeak babestuta egingo dio aurre erronkari Uribetxeberriak. “Aretxabaletarren beharrak entzun eta haien eskaerei erantzungo diegu, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko proposamen, proiektu eta jarduera berriekin”.

Mikel Uribetxeberriak ingeniaritza teknikoko ikasketak egin zituen Arrasaten eta ezagutza zabala du; bere ibilbide profesionala enpresetan zein erakunde publikoetan egin du. Cegasa Taldean proiektu zuzendaria izan zen eta udal kudeaketan ere eskarmentua du, Aretxabaletako Udalean zinegotzi izan baitzen hainbat legealditan zehar. Gaur egun, Kudeaketa eta Plangintza zuzendaria da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako Departamentuan.

Interesatu Zaitez