Herri administrazioen zigor prozesuetan herritarren bermeak indartzen dituen legearen onarpena txalotu du EAJ-PNVk

Araua bermatzaileagoa izango da, eta sinplifikatu egingo ditu Eusko Jaurlaritzak, Foru-Aldundiek eta euskal udalek ireki ditzaketen zehapen-prozesuak. “Gaur egun dauden arauen sakabanaketarekin amaituko dugu, eta argitasun eta segurtasun juridiko handiagoa lortuko dugu, bai administrazioentzat, bai pertsonentzat”, defendatu du Irune Berasaluzek

Herri administrazioen zigor prozesuetan herritarren bermeak indartzen dituen legearen onarpena txalotu du EAJ-PNVk 16Martxoak
2023
2023 MartxoaK 16 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Gaur goizean Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak gehiengo zabalez berretsi duen legeak, Zehatzeko Ahalari buruzko Legeak, Euskadiko administrazio publikoen zigortzeko ahala arautzen du. Arau berriak, Irune Berasaluze legebiltzarkide jeltzaleak zehaztu duen bezala, 1998ko aurreko araua eguneratzeaz gain, prozesuak sinplifikatzea eta herritarren bermeak indartzea ahalbidetuko du zigorra jaso dezaketen prozesuetan. “Arau berri honen helburua da hiru erakunde-mailetan zehatzeko ahala duten erakunde publiko guztien zehapen-prozesuan berme handiagoak ematea herritarrei, eta, beraz, gure hiru erakunde-mailetan aplikatuko da”. Ildo horretan, “beste aldaketa garrantzitsu batzuk” jaso direla gaineratu du, “batez ere Euskadiko Toki Erakundeei dagokienez, haien esparruan ere aplikatu ahal izango baita”.

Lege-testu berri honek segurtasun juridikoaren beharrari erantzuten dio, arlo horretako araudiaren sakabanatze eta gabezia handiaren ondorioz. 25 urteko historia duen egungo araua errealitate berrietara eta prozeduran sartutako aldaketetara egokitzeko beharrezkoak diren aldaketak sartzea du oinarri.

Osoko bilkuran adierazi duenez, legeak zehapenaren hezkuntza-izaeraren alde egiten du, zigorren aurrean, eta, bereziki, adingabeen eta desgaitasunen bat duten pertsonen kasuan, horiek are babes handiagoa izango baitute. Hala, EAJ-PNVko ordezkariak azaldu duenez, “adingabeak edo desgaitasuna duen pertsonak arau-hauste administratibo bat egiten duenean, administrazio publikoek babestu beharreko interes gorena kontuan hartu beharko dute, eta, adibidez, zehapenaren ordezko aukerak proposatu beharko dituzte, hala nola arau-hausleen eta biktimen arteko adiskidetze- edo erreparazio-ekitaldiak". Era berean, Berasaluzek genero-hizkuntza txertatzea, pertsona guztien hizkuntza-eskubideak eta “gardentasunarekin, gobernu onarekin edo administrazio elektronikoarekin zerikusia duten gai guztiak” nabarmendu ditu. Gogorarazi duenez, administrazioak modernizazio-prozesuaren barruan eskatzen zituen gaiak.

Interesatu Zaitez