Aitor Esteban: “'Mozal legea' oraindik aldarazi ez izanak bi izen propio eta bi erantzule ditu: Bildu eta ERC”

Euskal Taldearen bozeramaileak esan du “ez dela zentzuzkoa” Herritarren Segurtasunerako Legea “aldarazi ez izana”, EAJ-PNVk bultzatu duena, ERCk eta Bilduk “dena ala ezer ere ez” egiten zuten planteamenduagatik. Estebanek adierazi duenez “aurrerapauso nabarmenak” lortu ziren segurtasunaren eta eskubideen arteko oreka lortzeko

Aitor Esteban: “'Mozal legea' oraindik aldarazi ez izanak bi izen propio eta bi erantzule ditu: Bildu eta ERC” 14Martxoak
2023
2023 MartxoaK 14 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldearen bozeramailea “erabat etsituta” agertu da gaur 'Mozal Legearen' aldarazpena, EAJ-PNVk bultzatua, Barne gaietarako Batzordean onartu izan ez delako, EH Bilduren eta ERCren botoengatik.

“Aldaketa nabarmenak adostu ziren 36 artikulu esanguratsutan segurtasunaren printzipioa eta eskubide eta askatasunen oinarriarekin orekatzeko, aurrerapauso nabarmenak lortu ziren eta gaur `dena ala ezer ez´ bilatze horregatik aurrera atera ez izanak bi izen propio eta bi erantzule ditu: Bildu eta ERC”, baieztatu du Kongresuan eman duen prentsaurrekoan.

Hedabideen aurrean Estebanek esan du “pena” izan dela gaur gertatutakoa, eta gaineratu du “zentzuzkoa” ere ez dela Hiritarren Segurtasunerako Legearen aldarazpena babestu ez izana akordioak legearen %60ra eta zigortzeko erregimenaren %50era iristen zirenean. “Gaur PP eta Vox Batzordean txaloka hasi izanak (aldarazpena onartu izan ez delako) bi erantzule ditu: Bildu eta ERC. Eta gaur Macarena Olonak twitterren ERC eta Bildu goretsi izanak zerbait esan nahiko du”, berretsi du.

Estebanek era berean esan du “deigarri” egiten zaiola “igaro ezin ziren marrak”, istiluen aurkako materialaren arauketa (gomazko pilotak) eta mugako itzulketak EH Bilduren zuzenketaren ondorio ez izatea. Nola bihur daiteke marra gorria zuk zuzendu ez duzun gaia eta, gainera, legea horregatik ez onartzea?”, galdetu du.

Ildo beretik baieztatu du ERCk eta EH Bilduk “azaltzeko hainbat gauza” dituztela. “Etorkizunean, manifestazio batean istiluak gertatzen badira eta zigor batzuk badaude, neurrigabeak direla ikusten direnean, joan daitezela ERC eta EH Bildurengana; eta hedabideok istilu horien irudiak hartu nahi dituzuenean eta horregatik zigorra ezartzen dizuetenean, erantzukizuna ERC eta EH Bilduri egotzi”, esan du.

Estebanek ondorio modura deitoratu duenez “ez dira aldatu positiboak izango ziren hainbat gauza, segurtasunaren eta eskubideen arteko oreka ekartzen lagunduko zutenak, eta ez da egin alderdi bik nahi ez dutelako. Eta, benetan, ez da ulergarria ahoz defendatzen zuten posizio ideologikotik”, amaitu du.

Interesatu Zaitez