Herrialdeko ahaldun nagusirako hautagaiak gaur goizean Santurtzin ziurtatu duenez “argi daukagu errealitate bihurtzeko modurik onena zein den: elkarlana da bidea”
“Baikortasunez ikusten dut Bizkaiaren etorkizuna. Herrialde honek merezi du. Jendeak merezi duelako. Bizkaiak etorkizuna du. Jarraituko dugu munduari esaten herrialde modernoa garela, eta merezi duela bertan bizitzeak, lan egiteak, inbertitzeak, bizi-kalitateaz gozatzeak”. Horiek izan dira Elixabete Etxanobe EAJ-PNVren Bizkaiko ahaldun nagusigaiaren eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuaren hitzak, gaur goizean, Santurtzin. Ezkerraldean eta Meatzaldean EAJ-PNVk udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko dituen emakume eta gizonek babestuta, Etxanobek azaldu duenez “proiektuak ditugu, eta argi daukagu proiektu horiek errealitate egiteko modu egokia zein den: elkarlana da bidea”.
“Bizi-kalitatea hobetzeko lankidetza eta proiektuak. Gizarte integratzaile eta anitza eraikitzen jarraitzeko. Aukera-berdintasunarekin. Pertsona guztiek beren bizi-proiektua egin ahal izan dezaten”, zerrendatu du. Hori guztia bizkaitarren bizi-kalitatea hobetzeko. “Gaur egun Bizkaian ondo bizi gara. Jakina arazoak ditugula, bai eta hobetzeko esparruak ere! Baina bizi-kalitate onaz gozatzen dugu. Eta hori ez dator besterik gabe. Ahaleginetik eta lanetik dator. Gaur horrela bagaude, gure aurrekoek egindako lanari esker da. Eta guri dagokigu lekuko horiek hartzea eta gure seme-alabei Bizkaia hobea uztea”, adierazi du.
Beraz, “ziurgabetasunari aurre egiteko, lana; seriotasunez, eraginkortasunez eta hurbiltasunez. Pertsiana egunero altxatuz. Pertsona guztiak ekitatez artatuz. Inor atzean utzi gabe. Lana, lana eta lan gehiago. Arduraz, proiektuz eta ilusioz. Hori da gure eredua; EAJ eredua”, hitzeman du, ahaldun nagusigaiak.
Hautagai jeltzalearekin batera, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko alkatetzarako EAJren hautagai guztiak izan dira, baita Batzar Nagusietarako hauteskunde-zerrendako kideak ere, Enkarterriko barrutian (eskualde hauetako udalerriak jasotzen dira bertan). Ezkerraldeko eta Metzaldeko alkategai guztiek aktiboki parte hartu duten bileran, Karmele Tubillak hartu du hitza, anfitrioi gisa. Tubillak alkatetza berretsi nahi du EAJ-PNVrentzat, egungo alkate Aintzane Urkijoren lekukoa hartuta, eta esker oneko hitzak izan ditu guztientzat. Hitzaldian zehar, hautagai jeltzaleak mezu argia helarazi nahi izan du: “Dena emango dugu. Une honetan, datozen urteetarako Santurtzi egiteko proiektua amaitzen ari gara. Helburu argia duen proiektua: pertsonak”, aurreratu du. “Horrek mugiarazten gaitu. Gauzak errazago egitea. Beren kezkak eta ardurak lantzea eta artatzea. Aparkalekua, gure adinekoentzako arreta, nerabeentzako aisialdirako alternatibak, haurrentzako espazioak, kaleak garbitzea. Horretan arituko gara: pertsonen bizitza hobetzen saiatuko gara”, hitzeman du.
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eman dio amaiera gaur goizeko ekitaldiari. Bertaratutakoei kontatu dienez, atzo, Serantes menditik, Ezkerraldeak eta Meatzaldeak azken hamarkadetan jasan duten eraldaketa ikaragarria ikusteko aukera izan zuen. Urte horietan, “EAJ-PNV izan da instituzioetatik eraldaketa horren protagonista”, azpimarratu du. Beste ezer baino gehiago “industria-hondamena ikusten zen, enpresa abandonatuak, langile auzune axolagabeak... Atzo ikusten nuen eraikitzeko prozesuan dauden Ezkerraldea eta Meatzaldea, proiektu garrantzitsuak martxan eta berriak igartzen ziren eremu berrituak; iraganean bizitzeko etsi ez duten eta etorkizuna eraiki nahi duten Ezkerraldea eta Meatzaldea. Euskadiren motorra izan ginen, eta berriro izan behar dugu”, aldarrikatu du. Eta “lortu egingo dugu”; “garrantzitsuena bokazioa, ilusioa eta lan egiteko gogoa direlako”, eta gaur “lasai joango naiz, talentuaz gain, gogo handia, konpromiso handia eta ilusio handia ikusten direlako hemen”, adierazi du jeltzaleen presidenteak.
Ekitaldian, EAJ-PNVk Ezkerraldeko eta Meatzaldeko udalerri bakoitzean aukeratu dituen hautagai guztiek hartu dute parte. Izen propio guzti horiek dira Amaia del Campo (Barakaldo), Ainara Leiba (Muskiz), Ainhoa Basabe (Sestao), Ainhoa Santisteban (Trapagaran), Eugenio Mendikote (Zierbena), Iñaki Urrutia (Abanto-Zierbena), Karmele Tubilla (Santurtzi), Saulo Nebreda (Ortuella) eta Txema Ezkerra (Portugalete).
Santurtziko Parke jendetsuan egin da topaketa, eta bertan izan dira 300 alderdikide inguru eta EAJ-PNVren jarraitzaile, alderdiko hainbat kargudun publiko eta barne-kargudun, Itxaso Atutxa BBBko presidentea, Jon Andoni Atutxa, Aitor Landa, Jane Eyre Urkieta, Jesús Lekerikabeaskoa, Maitane Ipiñazar, Ana San Nicolás, Manu Tejada, Bizkaiko exekutibako burukideak; Mireia Zarate eta Joseba Aurrekoetxea, EBBko kideak, eta erakundeetako ordezkari ugari, tartean Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia; Pedro Azpiazu eta Gotzone Sagardui sailburuak; Amaia Antxustegi, Sergio Murillo, Imanol Pradales, Ainara Basurko eta Jose Mari Iruarrizaga foru diputatuak; Aitor Esteban eta Idoia Sagastizabal, EAJ-PNVk Kongresuan dituen ordezkariak; eta Iñigo Iturrate, legebiltzarkidea, beste hanibat ordezkari jeltzaleen artean.