“Plan Orokor berriak usurbildarren arazoak eta beharrak alde batera uzten ditu” dio EAJ-PNVk

Alegazioetan jeltzaleek industria eta teknologiarako eremu berri bat proposatzen dute Luzuriaga parean N-636 eta GI-41 errepideen artean.

“Plan Orokor berriak usurbildarren arazoak eta beharrak alde batera uzten ditu” dio EAJ-PNVk 09Martxoak
2023
2023 MartxoaK 09 |
Usurbil

PARTEKATU

EAJ-PNVren udal taldeak Hiri Antolamenduko  Plan Orokor berriari, HAPOari, zortzi alegazio eta beste hainbeste eskaera aurkeztu dizkio udaleko erregistroan aurkeztutako idazkiaren bidez.

Jeltzaleen esanetan “Plan berria lurzorua sailkatzeko eta antolatzeko tresna hutsa da, interes orokorrak eta kolektibitatearen arazoak eta beharrak alde batera utzita”.

Eremu urbanistikoen artean jarraipenik ez dagoela diote eta Iartzako eremua jartzen dute adibide gisa “irla bat osatuz nahiz eta herrigunetik oso gertu egon”. Irregulartasun nabaria ere azaltzen dela aipatzen dute esaterako Aginagan non  Elutx eta Ezpaldi artean dagoen landa lurra ez da urbanizagarria, “haustura ekarriaz eta zatituta geratzen da”. Beste eremu batzuk egungo egoera finkatzen dutela azpimarratzen dute “baina etorkizuneko beharrei aurre egiteko inongo planifikaziorik gabe. Hau garbi ikusten da herrigunean, Santuenean eta proposatutako industria gunetan”. Zubietan proposatzen denari buruz ekipamenduren zehaztapenik ez dagoela adierazten dute eta “etxebizitza kolektiboak modu isolatuan agertzen dira, inguruarekin inongo loturarik gabe, Errota eta Errotabide kasu. Guzti honengatik lurzoru urbanizagarriak zabaltzea eskatzen dute “zentsuzko jarraikortasun batekin”.

Lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen den azalera oso eskasa dela agertzen dute “hiri-lurzoru azalarekin alderatuta eta kontuan hartu behar da HAPOAK datozen 20 urteetako Usurbilgo beharrei erantzun beharko diela”. Horregatik eremu bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuaz tipologia desberdinetako etxebizitzak eraikitzeko aukera izatea eta etxebizitza kolektiboak planteatzen diren tokietan eraikigarritasuna gehitzea eskatzen dute “lurzoruaren zentzuzko erabilerarekin”. Aparkaleku faltaren aurrean planak ez diola erantzuten eta aparkalekuak eraiki behar direla merkataritzaren beharrei erantzunez.

Auzoen arteko komunikazioaren alorrean EAJk adierazten du plan orokorrak ez diola konponbiderik ematen eta auzo berriak eta lehendik daudenak lotzeko aurreikusten direnak ez direla nahikoak. Honen harira zinegotzi taldeak dio herrigunea iparraldera zabaltzen ari dela  eta herrirako sarrera-irteera berririk ez dela aurreikusten. “Honen adibide da Ugarteondoko eraikuntzaren ondorioz Troiako bideak jasaten duen trafikoa. Trazadura ez dago egokituta izan duen gehikuntzarako eta oinezkoak ere bertatik pasatzen dira. Bide berriak egiteko lur erreserba falta da”.     

Bestalde Etxealdia auzoarentzako egin den planeamenduak ez du aprobetxatzen kale nagusiari jarraipena emateko dagoen aukera paregabea, auzoa eta herrigunearen lotura ahalbidetuz. “ Usurbilgo sarrera nagusia da eta utzikeriazko itxura du. Ezta planteatzen ere Txaramuntoko loturarik eta tokiko bide-etxea nabarmen hobetuz gain auzo osorako irisgarritasuna eta kalitatezko ekipamenduez hornitutako aukera eskaini beharko litzateke”. Honekin batera azpimarra jartzen dute hirigintza garapen berriek sarbide nagusi berri bat eskatzen duela “aurreikusi diren eremu berrien beharrak, Artzabal, Ugarteondo, Olarriondo, Zaintza…ez bait dira egungo bide-azpiegiturekin asetzen”.

Jarduera ekonomikoa

“Jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta lanpostu berriak sortzeko Zapategi eremuaz aparte HAPOAK ez du industriarako lur berririk proposatzen datozen urteetara begira” eta honen aurrean EAJk industria eta enpresa eta teknologia parkeen  erabilira mistoko eremu bat sortzea proposatzen du Luzuriaga parean, N-636 eta GI-11 errepideen artean.

Landa eremua

Lehen sektoreari begira jeltzaleek nekazaritza eta abeltzaintza industria berriak baimentzea defendatzen dute planak balio estrategiko handiko nekazaritza eta abeltzaintza lurrak izendapenean jasotzen dituen haietan. Halaber arrantzara lotutako industria berriak ere baimentzea erregistratu dute “tradizio handiko industria izanik batez ere Aginagan”. Lursail pribatuetan landa eremuko jarduerak aurrera eramateko  beharrezkoak diren pistak eta bideak eraiki ahal izateko baimenak erraztea ere eskatzen dute eta berdin energia berriztagarriak jartzeko aukerarekin.

Interesatu Zaitez