Mikel Baraiazarra Ziarretak oinezkoentzako eta txirringaz joateko ibilbidea proposatzen du Meñakako auzoak konektatzeko

Alkategaiak aldarrikatu du EAJ-PNVk mugikortasun seguru eta jasangarriaren alde egiten duen apustua, Meñakako herrigunea Larrauri eta Belako guneekin konektatuko lukeen proiektuaren bidez

Mikel Baraiazarra Ziarretak oinezkoentzako eta txirringaz joateko ibilbidea proposatzen du Meñakako auzoak konektatzeko 08Martxoak
2023
2023 MartxoaK 08 |
MEÑAKA

PARTEKATU

Mikel Baraiazarra Ziarreta izango da EAJ-PNVk Meñakako alkatetzarako aurkeztuko duen zerrendaburua. Hautagaiak adierazi du entzutea, gardentasuna, parte-hartzea eta berdintasuna izango direla bere kudeaketa gidatuko duten ardatzak. “Zorroztasunez eta eredugarritasunez lan egingo dugu, gure herrikideek bizi-kalitate handiagoa izan dezaten, auzo guztietako zerbitzu publikoak hobeak izan daitezen, udalerri erakargarri, dinamiko eta solidario bat eraikitzeko, gazteek beren bizi-proiektua Meñakan garatu ahal izateko aukera izan dezaten eta adineko pertsonei arreta hobea eskaintzeko”, aurreratu du. Baraiazarra buru duen taldeak bidea ondo markatuta dauka. “Harremanetarako guneak sortu nahi ditugu gazteen artean, adinekoen artean, kolektiboen artean, komunitatea sortu nahi dugu. Hitz batean, ‘herrigintza’”, esan du.

Ildo horretan, proposamen garrantzitsuenetako bat iragarri dute: “Oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide bat Meñakako errepidean, Larrauritik Belakoraino. Gure auzoak lotuko dituen mugikortasun seguru eta jasangarriaren aldeko apustua egiten dugu, baita Meñaka eta inguruko udalerriak lotuko dituena ere, ibilgailu pribatuaren erabilera murrizten lagunduko duena”, ziurtatu du. “Ibilbide horrek lehen aipatutako bi puntuak lotuko ditu BI-4105 errepidean zehar, eta tartean dauden erakundeekin elkarlanean jarriko dugu martxan”. Hautagai jeltzaleak behin betiko konponbidea eman nahi dio errepide nagusitik igarotzen diren ibilgailuek sortzen duten bide-segurtasun ezari. “Bide hori seguruago egin behar dugu Meñakatik igarotzean; horretarako, Trafikoa Baretzeko Plan bat garatuko dugu”, hitzeman du.

Baraiazarrak eta berarekin doan taldeak oso aurreratuta dute bere auzokideen aurrean aurkeztuko den hauteskunde programa. Ildo horretan, hondakin-uren saneamendua bideratzea eta ur beltzetatik ibaietara egiten diren isurketak ezabatzea ere planteatzen du. Adierazi duenez, “udalerriko auzo guztietako hondakin-urak biltzea izango da gure beste helburuetako bat. Beste lehentasunetako bat izango da genero eta aukera berdintasuna sustatzea”. “Bereziki heldu nahi diogu pertsona guztiak berdintasuna moduko oinarrizko printzipio batean trebatzeko lanari. Helburu handi horren ildo beretik, EAJ-PNVk aurkeztu duen lantaldean emakumeak gehiengo dira; baina denok, emakumeok zein gizonok, soinez soin”, argitu du

Euskara ere bada lehentasun nagusi hautagaiarentzat. “Euskaraz hitz egitea, eta ez horrenbeste euskararen inguruan. Hori da markatu dugun erronketako bat. Horregatik, gure hizkuntzaren erabilera soziala sustatuko dugu, bai eta gure ama hizkuntzan aritzeko guneak sortu ere”, aurreratu du.

Izen propioarekin

“EAJ-PNVk Meñakako alkategai izatea proposatu zidanean, familiaz oroitu nintzen eta, batez ere aitaita abertzale biez, gerrarik ankerrena sufritzea tokatu zitzaien arren herriarekin eta Alderdiarekin konpromisoa hartu baitzuten. Haiek gogoan eta nire ekarpena egiteko gogoz, pausua ematea erabaki dut eta, EAJ-PNVren eskutik, Meñakako alkatetzara aurkeztea. Ilusioz beteta egingo dut, apaltasunez eta erantzukizun handiz”, esan du Mikel Baraiazarrak.

“Meñakan jaio eta hazi naiz, hemen sortu da nire familia”, esan du hautagaiak. 45 urte ditu eta neskato eta mutiko baten aita da. Mungiako Mesa enpresan lan egiten du, gaur egun Kudeaketa industrialeko departamentuan. “Pertsona lasaia naiz, eta bizi garen gizartean dena abiadura bizian doan arren eta azkartasun hori arau bihurtu den, lasaitasuna lehenesten dut, hausnartzea. Horregatik gozatzen dut Meñakako ingurune naturalak eskaintzen didan lasaitasuna. Bereziki atsegin dut menditik ibiltzea, Sollubera igotzea familiarekin eta txakurrekin”, azaldu du.

Interesatu Zaitez