Kepa Zubiarrain alkategaiak, Eneritz Miranda EGIko kideak eta Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak parte hartu dute udal zinemako hallean antolatutako ekitaldian, eta nabarmendu dute guztion ongizatea bermatzeko oso garrantzitsua dela gazteek politikan duten inplikazioa balioestea eta gizarte-kohesioa sortzea.
Lazkaoko EAJ-PNVk pertsonak erdigunean jartzearen eta kalitatezko enplegua sustatzearen apustua egin du. Horren berri eman du udal zinemako hallean egindako ekitaldi batean. Bertan izan dira Kepa Zubiarrain alkategaia, Eneritz Miranda EGIko kidea eta Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea.
Eneritz Mirandak, udal talde jeltzaleko zinegotziak, gazteria politikan inplikatzearen garrantzia azpimarratu du bere hitzaldian. “Esparru politikoan gertatzen den guztiarekiko gazte pasibo eta interesik gabearen irudia indarra hartu du diskurtso sozialean. Baina desafekzio politikoaren aurrean, gaur, zuekin guztiekin, aldarrikatu nahi dut asko garela egunero guztiz kontrakoaren alde borrokatzen dugunok. Gaztea naiz eta ahotsa eta botoa ditut. Lazkaoren eta lazkaotarren alde ari naiz lanean, nire herria maite dudalako eta ilusioz eta gogoz hobetzen jarraitu nahi dudalako. Uste dut gakoa Lazkao eraikitzen jarraitzea dela, herritar guztien eskutik. Eusko Alderdi Jeltzalearengan konfiantza osoa dut Lazkaok aurrera egin dezan”, zehaztu du.
Era berean, zinegotzi jeltzaleak gaineratu du garrantzitsua dela gazteei laguntza eskaintzen jarraitzea emantzipatu eta bizitza proiektua Lazkaon garatu dezaten. Erronka horretarako hautagai ezin hobea dutela azaldu du: Kepa Zubiarrain.
Kohesio soziala, etorkizuneko erronkei aurre egiteko
Kepa Zubiarrain egungo alkate eta maiatzaren 28ko hauteskundeetarako hautagaiak, martxoaren 8aren bezperan gogorarazi du berdintasunerako urratsak ematen ari garela, baina oraindik “lan handia” dagoela egiteko emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko. “Emakume eta gizonen artean dauden arrakalak murrizteko lanean jarraituko dugu”, nabarmendu du. Gainera, Lazkaok etorkizuneko erronkei aurre egiteko kohesio soziala bultzatzearen garrantzia azpimarratu du: “Gizarte kohesioak herritarren ongizatea bermatzeko indarra du. Helburua da desberdintasunak murriztea eta herritar guztien enplegua, hezkuntza, osasuna, parte-hartzea eta berdintasuna bultzatzea. Lazkaon ere komunitate sentimendua bultzatu nahi dugu eta batzen gaituen guztiarekin aurrera egiten jarraitu. Gizarte kohesionatua pertsona guztien eskubideak eta betebeharrak oinarri hartuta eraikitakoa da, gizarte-kontzientzia duena, bizikidetza errazten duena eta hainbat kolektiboren laguntzarekin lan egiten duena. Etorkizunean ere horrelako Lazkao eraikitzen jarraitu nahi dugu: bizia, solidarioa, parte-hartzailea eta Euskaraz pentsatu eta bizitzeko gai dena. Guztion artean eraikitako herria. Horretarako, beharrezkoa da pertsona politika ororen erdigunean jartzea. Lazkao errespetuzkoa, enpatikoa eta zaintzaren kultura, hezkuntza eta ezagutza eta kulturarekiko sentsibilitatea bultzatzen dituena nahi dugu, pertsonen konpromisoaz eta gizartearen parte-hartzeaz gain, egunez egun hobetzen jarrai dezagun”.
Zubiarrainek gaineratu du, halaber, gizarte kohesionatu baten alde egin daitekeen ekarpen nagusietakoa, kalitatezko enpleguaren alde lan egitea dela, eta horixe izango dela aurrera begira ere bere lanaren ardatzetako bat: "Bere garaian industria indartsu baten alde egindako apustuak, eta urte guzti hauetan erakundeek, enpresek eta sektore ekonomikoko eragileek izandako lankidetzak ahalbidetu dute Lazkaok eta Goierrik ehun ekonomiko sendoa izatea". Aitortuz langabezia-tasa konparatiboki ez dela altua, aipatu du, “horrek ez gaituela konplazentziara eraman behar, baizik eta testuingurua lantzen jarraitzera, jarduera ekonomikoak lanpostuak sortzen jarrai dezan. Horren adibide da esan du “datozen urteetan jarduera berriak ezartzeko sortu ahal diren beharrei erantzuteko Kanpandegin prestatutako lurzorua”.
Oinak lurrean eta besoak elkarlanera zabalik
Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, azken urte hauetan guztietan EAJ-PNVk Lazkaon egindako lana goraipatu du, “apal-apal, zalaparta handirik gabe, proiektuak gauzatzen eta herri zoragarri bat” eraikitzen joan direlako Udal gobernutik. Hori horrela bada, gaineratu duenez, Kepa Zubiarrain eta aurreko EAJ-PNVren alkateek “oinak lurrean eta besoak elkarlanera zabalik” egindako ekarpenagatik izan da. “Ibilbide bat, iritziak eta proiektuak ongi landuta, burua argi. Kepa Zubiarrain ez dator inprobisatzera, oinarri sendoak dauzka eta, gainera, lanaren emaitzak hor daude. Hori da proiektuak eta herri antolaketak aurrera egiteko modua”, nabarmendu du.
Egibarrek gogorarazi duenez, “euskal naziogintza, justizia soziala eta demokrazia” dira EAJ-PNVren hiru zutabe nagusiak. Adierazi duenez, “giza eskubideen alorrean fin” jokatu izan dute beti eta hori “berme” bat da etorkizuna eraikitzeko. “Iragana ezin da aldatu, baina irakurri bai; hainbat ikuspuntutik –humanoa, politikoa, morala– horrelako eragina izan zuen indarkeriak, ez du merezi irakurketa bat?”, galdegin du.
“Guk ez dugu edozein herri nahi, gizon eta emakume librez osatutako Euskadi libre bat nahi dugu. Langabezia eta bestelako kateak desagerraraziko dituen Euskadi bat eraiki nahi dugu”, azpimarratu du eta EAJ-PNVren lankidetza eskaini die lazkaotarrei horretarako. “Aurrera egiteko, oinak lurrean, burua argi, begirada garbia, besoak zabalik, eskuak lanean, euskara ahoan eta herria bihotzean”, laburbildu du.