EAJ-PNVk Txorierrin aurkeztuko dituen udal eta foru hautagaiak ondoan izan dituela, Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak erakundeen arteko elkarlana du xede, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, “elkarlanak gehiago egiten gaituelako”
"Aurrera egiteko, ondo prestatutako erakundeak izan behar ditugu, gaurko beharrei eta biharko erronkei erantzuteko gai direnak. Eta argi daukat Aldundiak hurrengo urteetan izango duen zeregina: gure ongizate ekonomikoaren eta kalitatezko enpleguaren alde lan egitea; pertsona guztiak zaintzea eta babestea, eta zerbitzu publiko onenak eskaintzea”. Hori izan da Elixabete Etxanobek, EAJ-PNVren Bizkaiko ahaldun nagusigaiak eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, gaur goizean EAJ-PNVren Txorierriko udal eta foru hautagaiekin egin den bileran helarazi nahi izan duen mezu nagusia.
“Ziurgabetasunez beteriko mundu honetan, gure egunerokotasunean eragina duen honetan, segurtasuna, eraginkortasuna eta bermea behar ditugu”, jarraitu du. “Gertuko erakundeekin eta gerta daitekeenari erantzuteko gai direnekin; pandemian, krisian, orain Ukrainaren inbasioaren ondorioekin gertatu den bezala”, zerrendatu du. “Udalak, aldundiak eta Eusko Jaurlaritza pertsona guztientzako segurtasun-sarea dira; elkarlanean oinarritutako sare sendoa, indarrak bilduz”, ziurtatu du. Horregatik, azpimarratu nahi izan du “Aldundia izango da zuen kidea; zuen aliatuak izango gara. Hobetzeko bada, jendearen benetako arazoak hobetzeko bada, elkarrekin egingo dugu. Horrela gehiago aurreratuko dugulako eta, indarrak batuz, gehiago garelako”, bermatu du.
Hautagai jeltzalearekin batera, Txorierriko alkatetzarako EAJren hautagai guztiak izan dira, baita Batzar Nagusietarako hauteskunde-zerrendako kideak ere, Busturia-Uribeko barrutian (Txorierriko udalerriak jasotzen dira bertan). Etxanobek Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea izan du lagun, eta bertan izan dira Mireia Zarate, Euzkadi Buru Batzarreko idazkaria; Jane Eyre Urkieta, Busturia-Uribe barrutiko zerrendaburua, Jesus Lekerikabeaskoa eta Aitor Landa, BBBko burukideak, eta ehundik gora alderdikide eta alderdizale.
Ekitaldian, EAJ-PNVk Txorierriko udalerri bakoitzean aukeratu dituen hautagai guztiek hartu dute parte. Izen propio guztien artean, Esther Apraiz (Derio), Aitziber Oliban (Erandio), Jon Ander Aurrekoetxea (Lezama) eta Josu Andoni Begoña (Loiu) dira berriz ere alkategai; Borja Ramirez (Larrabetzu), Naia Landa (Sondika) eta Lander Aretxabaleta (Zamudio), berriz, lehen aldiz izango dira alkategai , bakoitza bere udalerrian.
Anfitrioi gisa, Esther Apraiz Derioko alkate eta hurrengo hauteskundeetarako alkategaiak nabarmendu duenez “legegintzaldi zaila izan den arren, Derion gure hauteskunde proposamenen ia % 100 bete ditugu eta gure udalerria merezi duen tokian jartzen jakin dugu, ez baitugu inoiz galdu behar eta ez baitugu bistatik galdu behar zertarako gauden hemen: jendearen zerbitzura egon behar dugu eta gaude”, adierazi du. Apraizek tonu pertsonalagoan esan duenez, “Derio dena dela niretzat”, eta horregatik esan du lan egingo duela “entzuten jarraitzeko eta derioztarren ondoan egoteko”. “Hor aurkituko nauzue, eta datozen lau urteetan lagunduko didan ekipo bikaina ere aurkituko duzue. Ilusioz gainezka dagoen taldea, indarrak batzeko eta Derioren aldeko adostasunetara iristeko gai dena. Herriaren bizitzan inplikatuak. Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen taldea. Derioztar guztien ahotsa izateko prest dagoen talde bat” aurreratu du irribarretsu.
Itxaso Atutxa EAJ-PNVren Bizkaiko presidenteak eman dio amaiera ekitaldiari. Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi izan dizkie EAJren hauteskunde-zerrendetako kide guztien konpromisoagatik, batez ere lehen lerroan jarraituko ez dutenena, hala nola Miguel Ángel Gaztelu (Larrabetzu), Xabier Zubiaur (Sondika) eta Igotz López (Zamudio) egungo ordezkariena eta “askoz ere protagonista gehiagorena. Lekukoa ematen eta laguntza eskaintzen duten pertsonak dira; beren ezagutza eta esperientzia guztion onerako, taldearen onerako, proiektuaren alde, Alderdiaren alde transmititzen dutenak. Izan ere, bai, kontinuistak gara. Izan ere, kontinuismoa ondo planifikatzen dutenen indarra da. Eta EAJk planifikatu, lan egin eta bete egiten du. Euskadin, Bizkaian eta Txorierrin” nabarmendu du.
Halaber, azpimarratu duenez elkarlanak eta lan koordinatuak “onurak baino ez dizkie ekartzen herritarrei, eskualde bakoitzean egiten denak Bizkaiari eta Euskadiri ere mesede egiten dielako”. “Bizkaiko bizi-kalitatea ona izan arren, Euzko Alderdi Jeltzaleko emakume eta gizonok hura hobetzeko lan egingo dugu”, ziurtatu du. “Garrantzitsua da giza ongizate hori garapen ekonomikoarekin uztartzea; horrela, enplegu gehiago eta hobea lortuko dugu, eta oparotasun handiagoa Bizkaian. Izan ere, Bizkaia zenbat eta aberatsagoa izan, orduan eta aukera gehiago izango dituzte herritarrek ongizate horri eusteko eta handitzeko”, azaldu du.