Goenaga: “Orain aurrera egin nahi dugun edo berdin geratu nahi dugun erabaki behar dugu”

Joseba Egibar: “Garai honetan, oinak lurrean eduki behar dira, burua argi, jakin zer proiektu landu nahi ditugun, eskuak lanerako eta besoak zabalik. Euskara ahoan eta herria bihotzean”.

Eider Mendoza: “Herritarrak, elkarteak eta eragileak aktibatzea lortu dugu, Gipuzkoa aurrerabidean jarriz eta etorkizuneko erronkei bidea eginez”.

Goenaga: “Orain aurrera egin nahi dugun edo berdin geratu nahi dugun erabaki behar dugu” 03Martxoak
2023
2023 MartxoaK 03 |
Andoain

PARTEKATU

Eider Mendoza diputatu nagusigaiak eta Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak parte hartu duten ekitaldian, EAJ-PNVk Imanol Goenaga maiatzaren 28ko hauteskundeetarako alkategaia aurkeztu du Andoainen. Bastero Kulturgunean bildutako kide eta jarraitzaileen aurrean, Goenagak Andoaini bultzada berri bat emateko asmo sendoa agertu du, Udalean lidergo berri batekin, proiektu garrantzitsuak dituen talde batekin, ilusioz eta "Andoainek aurrera egin dezan" lan egiteko gogo handiarekin. Ekitaldian Arantxa Tapia Sailburua ere izan da - azken urteotan Goenaga haren kabineteko kide izan da-, eta baita Buruntzaldeko alkategaiak eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak ere.

Hautagaiak bere aurkezpenean defendatu duenez, proiektu argia duen eta gure herriaren etorkizunaren alde lan egiteko gaitasuna duen alderdi bakarra EAJ-PNV da. Orain, "aurrera egin nahi dugun edo berdin geratu nahi dugun erabaki behar dugu". Hori dela eta, Goenagak aurreko belaunaldien lana aldarrikatu du, egungo Andoainen oinarriak eta Euskadiko ongizatea eraikitzen jakin baitzuten. Gure herriaren eraldaketa nagusiak 80ko hamarkadan jarri ziren abian, etorkizunari begiratzen jakin zuen belaunaldi baten eta erronkei heltzeko eta proiektu handiak gauzatzeko gai zen alderdi baten eskutik, eta ondare horri jarraipena eman nahi dio Goenagak. “Liskar urte gogorrak gainditu ditugu, elkarri bizkarra emanda egon gara, alkatetzan aldaketak eginez, baina ikuspegirik eta anbiziorik gabe, beti epe laburrean”. Goenagaren ustez, Andoainek ez du ez lidergorik ez norabide argirik izan azken 40 urteetan. Horren aurrean, kontrako pankarta bakoitzeko, proposamen berri bat eskainiko dutela agindu du, arazoei aurre egiteko beldurrik gabe. Izan ere, arazo zailei erantzun errazak ematea populismoa da, baina “EAJ-PNVk Andoaingo erronkei helduko die konplexutasun osoan, herritarrei entzunez eta erantzun integralekin”.

Horretarako, lehentasunezkoa izango da azpiegitura onak dituen ekonomia sendo baten alde egiten jarraitzea, etorkizuneko ekonomia berde, digital eta iraunkorrerantz urratsak eginez. Pertsonen ongizatea eta zaintza funtsezko beste apustu bat dira, eta, horretarako, Goenagak dei egin du benetan anbizio handikoak eta berritzaileak izateko, Andoaingo pertsona guztiek beren bizi-proiektua kalitatez garatu ahal izan dezaten, zainketak bermatuz eta arreta berezia jarriz zailtasun gehien dituzten pertsonengan. Hirugarren gakoetako bat herri gisa dugun proiektua izango da, herrigintza funtsezko tresna izanik aurrera egiten jarraitzeko eta gure nortasunetik eta balio fisikoetatik aurrera egiteko.

Egun hauetan, Goenaga eta bere taldea hainbat bilera eta kontraste saio egiten ari dira hurrengo asteetan aurkeztuko duten hauteskunde programa prestatzeko.

Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, Andoaingo hautagaiari babesa eman dio, EAJ-PNVren printzipioak eta balioak defendatuz eta herritik zein erakundeetatik egindako lana defendatuz. “Orain, aurrera egiteko garaia da. Eta aurrera egiteko, garai honetan, oinak lurrean eduki behar dira, burua argi, jakin zer proiektu landu nahi ditugun, eskuak lanerako eta besoak zabalik. Euskara ahoan eta herria bihotzean. Ezaugarri eta birtute horiek guztiak islatzen ditu Goenagak”, adierazi du Egibarrek. “Gure nazio proiektuak bi zutabe nagusi ditu –erantsi du–: bata gizarte eraikuntza eta bestea nazio eraikuntza. Eta bi zutabe horiek elkar hartuta eraiki behar dira. Hor dago gure indarra. Hamarkada guzti hauetan hori defenditu eta landu dugu”.

ZIURTASUNA ESKAINI

Ziurgabetasunen eta garaiko zailtasunen aurrean, herritarrei “ziurtasunak” eskaintzeko determinazioa azaldu du Eider Mendozak, bere aldetik, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJren hautagaiak, eta, ahalegin horretan, Gipuzkoak “oinarri sendoak” dituela gogorarazi du. “Gure lurraldean sinesten dugu, gure industria indartsu dago, gizarte dinamiko eta solidarioa da gurea, Europan desberdintasun sozial gutxien duen lurraldeetako bat da Gipuzkoa. Denok gogoratzen dugu Gipuzkoa nola zegoen duela zortzi urte eta nola dagoen orain. Aitzindariak gara eremu askotan eta, guztiok elkarlanean, herritarrak, elkarteak eta eragileak aktibatzea lortu dugu, Gipuzkoa aurrerabidean ipiniz eta etorkizuneko erronketan bidegile izanez”, azpimarratu du.

Interesatu Zaitez