Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJ-PNVk aurkezten duen hautagaiak Durangotik aldarrikatu du “lankidetzan oinarritutako saregintzari” eusteko beharra, “emaitzak” dakartzan lan egiteko moduari
“Herrialde dinamiko, kementsu eta kohesionatua” eraikitzeko lanari eutsiko diot”, baieztatu du Elixabete Etxanobek, Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJ-PNVk aurkeztuko duen hautagai eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, gaur goizean maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan talde jeltzaleak Durangaldean aurkeztuko dituen ordezkariekin egin duen topaketan. Hautagai jeltzalea konbentzituta dago “erakundeek geratuko denari erantzuteko gaitasuna erakutsi behar dutela”, “segurtasun-sare izan behar dute ziurgabetasunez betetako mundu honetan” eta, horregatik aurreratu du lan egingo duela “sare sendoa sortzeko, elkarlanean oinarrituta; indarrak batuz”, “elkarlanak emaitzak dakartzalako”.
Erakundeen arteko lankidetzak dakartzan onuretan oinarritu duen hitzaldian, hautagai jeltzaleak adierazi duenez “Durangaldean horren adibide onak ditugu”. Etxanobek aurreikusten diren proiektuak zerrendatu ditu: Abadiñoko Zelaieta auzoan proiektatutako egoitza berriak 120 plaza izango ditu elkarbizitza-unitateetan, Amorebieta-Etxanoko eta Iurretako hiriguneak auzo eta lan-zentroekin lotuko dituen bizikleta-pista egingo da, eguneroko joan-etorriak segurtasunez eta erosotasunez errazteko. Ez ditu ahaztu, halaber, N-634 errepidean egin beharreko hobekuntzak eta Automotive Intelligence Center (AIC) handitzeko lanak, Boroatik automobilgintzarako industriarako balio erantsia sortzen jarraituko baitu edo banda zabala eskualde osora hedatuko baita. Eta, jakina, Tourra; hirugarren etapa Amorebieta-Etxanotik abiatuko baita Baionarantz.
Eta, hori guztia lortzeko, Etxanobek azpimarratu duenez “Bizkaiak Foru Aldundi indartsu bat behar du, orain arte izan den bezala”. “Gure ongizate ekonomikoaren eta kalitatezko enpleguaren alde lan egin dezala; pertsona ahulenak zaindu eta babestu ditzala; eraginkortasunez erantzun diezaiela gaur ditugun arazoei eta biharko erronkei. Eraginkortasunez. Berme osoz”, azpimarratu du.
Bi protagonistekin batera, eskualdeko udalerrietan EAJ-PNVk alkatetzarako aukeratu dituen zerrendaburuak izan dira, baita eskualdeko Batzar Nagusietarako hautagaiak ere. Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidentea ere izan da, Iñigo Urkullu lehendakaria eta ehun bat alderdikide eta jarraitzaile baino gehiago bertan zirela.
Anfitrioi gisa, Mireia Elkoroiribek, Durangoko alkatetza berreskuratzeko aurkezten den EAJren hautagaiak, hitza hartu du “Durango indartsu bat nahi dugu” aldarrikatuz, EH Bilduren 4 urteko gobernuaren ostean “non etorkizunerako proiekturik ez dutela erakutsi baitute”. “Gaur egun Durangon dugun bizi-kalitatea gure aurrekoek egindako lan eta ahalegin handiaren ondorio da; baina ez gara konformatzen. Gure helburua bizi-kalitate hobea izatea da”. Ildo horretan, dagoeneko oso landuta dauden proiektuetako batzuk aurreratu ditu, hala nola bereizmen handiko osasun-zentro bat eraikitzea, “Gernikako Ospitalearen antzekoa”, edo Durangaldeko Ekogarapen Gunea. Proiektu horrek, DEK-Durangaldea Enpresa Ekimenarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, “gure enpresei lagunduko die lehiakortasuna hobetzen, ekintzaileei proiektuak sortzen eta sendotzen eta gazteei kalitatezko enplegua lortzen”, aurreratu du.
Ekitaldian parte hartu dute Durangaldeko udalerrietan EAJ-PNVko alderdikideek beren zerrendak lideratzeko aurkeztu dituen hautagaiak. Horiek dira Mikel Garaizabal (Abadiño), Orlan Isoird (Berriz), Mireia Elkoroiribe (Durango), Jol Gisasola (Ermua), Erramun Osa (Garai), Iñaki Totorikaguena (Iurreta), Aroa González (Izurtza) eta Igor Agirre (Mallabia) dira alkategai gisa errepikatzen dutenak; eta Pedro León (Atxondo), Mikel Arruabarrena (Elorrio), Julen Uribelarrea (Mañaria), Javier Sampredo (Zaldibar) eta Ainhoa Salterain (Zornotza) izango dira lehen aldiz alkategai izango direnak. Otxandiokoa falta da, oraindik ez baitute zerrendaburua aukeratu.