Itziar Unibaso Ausín “ilusioz beteta eta gogotsu” dago “Barrikaren alde lanean jarraitzeko”

EAJ-PNVko hautagaiak, Roberto Muñoz egungo alkatearen lekukoa hartuta, datozen lau urteetan kostaldeko herri horretako “herritarren zerbitzura egongo den emakume eta gizon talde bikain bat” izango du bidelagun

Itziar Unibaso Ausín “ilusioz beteta eta gogotsu” dago “Barrikaren alde lanean jarraitzeko” 23Otsailak
2023
2023 OtsailaK 23 |
BARRIKA

PARTEKATU

Itziar Unibaso Ausin (Barrika, 1969) izango da EAJ-PNVk maiatzeko udal hauteskundeetan Barrikan aurkeztuko duen zerrendaburua. Kultura, Berdintasun eta Gizarte Ongizateko egungo zinegotziak “Barrikaren alde eta Barrikaren onbeharrez” lanean jarraitzeko gogo handia duela ziurtatu du, eta Barrikako EAJ-PNVren hautagaitza berriak herri honen etorkizunari ilusioz begiratzen diola adierazi du. “Pertsonak ditugu, proiektuak ditugu, eta ilusioa dugu”, azpimarratu du hautagaiak.

Horrela, Unibasok udal talde jeltzalea gidatuko du, Roberto Muñoz egungo alkatearen eskutik lekukoa hartuz. Izan ere, azken bi legegintzaldietan Barrikarentzat garrantzitsuak diren proiektuak egin dira. Horien guztien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: HAPOren onarpena, udal pilotalekuaren berrikuntza, Emakumeen Biribilgunea eta Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzua (HAZ) sortzea udal bulegoetan. Aipatzekoak dira, halaber, Butroi itsasadarrera egindako isurketak kendu izana San Telmoko saneamendu-obrarekin, Udalak herritarrekin duen komunikazioa hobetu izana (udal-aldizkaria, sare sozialak eta kanal berri bat WhatsApp bidez), Auzo-Taxi zerbitzua abian jarri izana eta udalerri osoko luminariak ledekin ordezkatu izana. Azpimarratu behar da jarduketa horiek guztiek 2019ko hauteskundeetan Barrikako herritarrekin hartutako 10 konpromisoak betetzea dakartela.

EAJ-PNVk herritarren aurrean aurkeztuko dituen ekintza guztiak azaltzeko goiz bada ere, talde jeltzalea konpromisoak aurreikusten hasi da . Adibidez, Goierri eta Artepeta auzoak oinezkoentzako eta bizikletentzako bide baten bidez lotzea; Kostaldeko bidezidorra seinaleztatzea, itsaslabarreraino eramanez; oinezkoentzako guneak sortzea Barrikako auzo gehienen eta mugakide diren udalerrien artean; ibilgailuek udal-bideetan duten abiadura-muga murrizteko ekintzak ezartzea, oinezkoei eta bidegorrien erabiltzaileei bide-segurtasun handiagoa emateko, eta, horrez gain, HAPOren garapen iraunkorra egitea, etxebizitza tasatuak eta babes ofizialeko etxebizitzak bultzatuz.

Itziar Unibaso ezkonduta dago eta bi alaba ditu. Alkategaia ehungintzaren diseinu sektoretik dator, argazkilaritza eta uretako kirolen zalea, eta ez da zaila piraguan Butroiko itsasadarrean paseatzen aurkitzea. Barrikak dituen baliabideak eta udalerriak eskaintzen dituen aukerak maite ditu, eta Unibasok oso gustuko du auzoetan ibiltzea, inguruneaz eta barrikoztarren konpainiaz gozatzea, oso garrantzitsutzat jotzen baitu pertsonekiko hurbiltasuna eta udalerriko elkarte-sarea.

Interesatu Zaitez