EAJ-PNVren alkategaiak esan du “ilusioz beteta eta konprometituta” dagoela Udaleko jardunean beste legealdi bat emateko
EAJ-PNVren Udal Batzordeak erabaki du Igor Agirre Barrientos izatea Mallabiko alkategaia 2023ko maiatzeko udal hauteskundeetan. Igor Agirre Barrientosek eskertu egin du berriz ere hautatua izatea, eta adierazi du Mallabiko alkatea izateak ilusioa, erantzukizuna eta konpromisoa dakarrela, “gure proiektuetan nola ari garen aurrera egiten eta Mallabia nola hobetzen ari den ikusteak ilusioa sortzen duelako”.
Legegintzaldi hau 2019an hasi zen, Mallabiko gobernu-talde berrituarekin, baina 2020ko martxoan, “pandemiak Gobernu talde gisa genituen eskema guztiak aldatu zituen eta Covid-19ak gure bizitzetara ekarri zituen lehentasun berriak kudeatze hasi ginen; batez ere, arlo sozialean zentratuz, Mallabiko familia ahulenei eta behartsuenei laguntzera bideratu genituen gure ahalegin guztiak”, azaldu du Agirrek. “Orain aro berri batean murgilduta gaude, 2019an aurkeztu genituen proiektuak berregiteko aukera ematen diguna, Mallabia hobe baten alde egiten dutenak. “Proiektu guztiak, xumeenetik hasi eta handienera, ilusioz beteriko proiektuak dira”, azpimarratu du Agirrek.
Egungo alkate eta berrautaketarako hautagaiak azpimarratu du hainbat proiektutan lanean jarraitzen dutela, hala nola, haur-parkea berritzen, Elizaldeko parkea hobetzen edo Zubetegi ibaiertzeko parkea berrurbanizatzen. “Beste proiektu garrantzitsu bat Berano eta Arandoño auzoetarako sarbide berriak dira. Aldarrikapen historiko hori Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin aurrera atera ahal izango dugu”.
Legegintzaldian zehar Mallabiko ondareari balioa emateko ere lan egin da, hala nola garbitokia, edo pasealekuak berreskuratu eta seinaleztatzea, edota ur-jauzien ibilbidea, Okako errepidea edo Oiz mendiaren proiektu arkeologikoa, Probazelaiburuko multzo megalitikoa ezagutaraziz.
Bestalde, Eibar Kirol Elkartearen kirol-hiria ere martxan dago, Areitioko gainean. Pandemiak eragina izan zuen haren eraikuntzan, eta 2024rako lanak amaitzea aurreikusten da. Igor Agirre Barrientos laborategiko teknikaria da eta oso sakon ezagutzen du Mallabiko bizitza politikoa. 2015etik udalerriko alkate izateaz gain, zinegotzi izan da 2007tik.