Almudena Otaolak lege-testuak euskaratzea sustatu dezala eskatu dio Espainiako Gobernuari, prozedura judizialetan erabili ahal izateko

Agerian utzi du, itzulpen ofizialak ematen duen segurtasun juridikorik gabe, interesdunek uko egin ohi dietela beren hizkuntza-eskubideei prozedura judizialetan

Almudena Otaolak lege-testuak euskaratzea sustatu dezala eskatu dio Espainiako Gobernuari, prozedura judizialetan erabili ahal izateko 21Otsailak
2023
2023 OtsailaK 21 |
Senatua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVko Almudena Otaola senatariak lege-testuak euskarara eta gainerako hizkuntza ofizialetara itzultzea sustatu dezala eskatu dio Espainiako Gobernuari, prozedura judizial, administratibo eta legaletan erabili ahal izateko. Gobernuaren kontrol saioan, ordezkari jeltzaleak Felix Bolaños ministroari jakinarazi dio Gorte Nagusiek euskaraz aldarrikatu duten azken arau xedapena 2021eko urrikoa dela. “Data horretatik aurrera, ez dago gure hizkuntzan arautegi bakar bat ere eskuragarri; beraz, horren osteko araudiekin lotutako edozein prozedura judizial edo administratibotan, itzulpen ofizial batek emango lukeen segurtasun juridikorik gabe, interesdunek uko egiten ohi diete bere hizkuntza-eskubideei”.

Era berean, senatari jeltzaleak adierazi duen bezala, finkatutako legeriaren itzulpenik eza, adibidez, arrisku erantsia izan daiteke epaiketa bat euskaraz egin nahi duten alderdientzat. “Argi dago beharrezkoa dela Gorte Nagusietatik datozen legeak hizkuntza ofizialetan eskuragarri egotea; bestela, oso zaila da hizkuntza-eskubideak erabiltzea, aplikatu beharreko araudiak itzulpen ofizialik ez badu”, gaineratu du Otaolak.

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean, Kultura arloko bozeramaile jeltzaleak Presidentzia, Gorteekiko Harremanak eta Memoria Demokratikoa ministroari galdetu dio ea aurreikuspenik dagoen Gorte Nagusietatik datozen legeak hizkuntza ofizial guztietan aldarrikatzeko. Otaola kezkatuta agertu da ministroaren erantzunarekin, honek BOEren itzulpenerako adimen artifizialeko tresna bat erabiliko dela aurreratu duenean; “lege-testuak izanik, ez du ematen itzulpen ofizialak eskatzen duen segurtasun juridikorik. Horretarako, beharrezkoa da itzultzaile kualifikatuak izatea”.

Azkenik, gogorarazi dio Espainiako Estatuak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berretsi zuela, eta horren bidez, besteak beste, konpromiso hauek hartu zituela: ‘Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan legegintza-testu garrantzitsuenak eskuragarri jartzea’, Espainiako Konstituzioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak “gure hizkuntza propioa, euskara, babesten eta bultzatzen” dutenetik haratago.

 

Interesatu Zaitez