EAJ-PNV eta PDE, Demokraziaren defentsan

EAJ-PNV eta PDE, Demokraziaren defentsan 21Otsailak
2023
2023 OtsailaK 21 |
EBB

PARTEKATU

Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vascok erantsita doan adierazpena izenpetzen du eta bat egiten du Europan eta mundu osoan Demokraziaren defentsan Europako Alderdi Demokratak gaur abiarazi duen ekimenarekin. 

 

DEMOKRAZIA DEFENDATUKO DUGU BAI ALA EZ?


Demokrazia ez da halabeharrez sortzen.
Defendatu egin behar dugu, haren alde borrokatu, indartu, eraberritu.
Joe Biden, Demokraziaren aldeko Gailurra, 2021eko otsaila


Demokraziaren alde borrokatzeko denbora ez da amaitu. Alderantziz, borroka horri heldu behar zaio berriz, demokrazia bera eta sistema demokratikoak mundu osoan eraso bortitzen mende daudelako gaur egun.

2019ko ekainean, Vladimir Putinek, Financial Times aldizkarian egin zioten elkarrizketan, adierazi zuen ideia liberala “zaharkituta” geratu zela; handik eta hiru urtera Europako mugetan ikusi ahal izan dugu herrialde demokratiko baten kontra egin nahi zuena. Azken urteotan egunkari eta astekari nagusienek, pentsamendu-eskolek eta unibertsitateek galdetu dute demokraziak bizirik iraun ahal izango ote duen Interneten eta sare sozialen esku-sartze eta polarizazioarekin. Aste batzuen buruan baten batek bere buruari galde liezaioke demokraziak adimen artifizialaren erasoaren aurrean bizirauteko aukerarik izango ote duen: ez, izan ere, The New York Times-ek galdera hori planteatu du dagoeneko.

Hala ere, horixe izan da munduan hainbatek mahaigaineratu duten galdera 2021eko urtarrilean Kapitolioko erasoa gertatu zenez geroztik; Hungariako gertakarien ostean, non funtsezko zenbait eskubide auzitan jarri baitziren; duela hilabete batzuk Brasilian eman ziren gertakariez geroztik; Europan eta AEBn atzerriko esku sartzeak atzeman zirenez geroztik. Eta galdera hori ere bada Gandhi familiako oinordeko batek egin duena munduko demokraziarik handienean, Indian.

Erantzun bat dugu eta Europa deitzen da. Demokrazia indartzea lehentasun izan behar du berriz ere Europaren agendan, 2021eko abenduan Frankfurteko Adierazpenean esan genuen bezala. Demokrazia sortu eta garatu zen kontinentean, non batzuek honela deskribatu baitzuten: “Gobernatzeko erarik txarrena, noiz behinka saiatu diren gainerako moldeak salbu”. Europan daude demokrazia salbatzeko gakoak eta baldintzak: Kontinente Zaharrak bizi izan duen garai ilun eta bortitzenaren ondoren, eta ez kasualitatez, sortu zen Europaren integrazio prozesu hori indartuz. Europako erakundeei indar handiagoa emanez; atzerriko eraginetatik babestuz; Zuzenbide Estatua indartuz; hezkuntzan inbertituz, kulturaren baitan baitaude demokrazia babesteko antibiotikoak; askatasuna praktikatuz Europak soilik dakien moduan; giza

eskubideak errespetatuz eta babestuz, demokraziaren beraren funtsa direlako; eta prozesu demokratiko sendoagoak garatuz maila guztietan: toki, erregio, nazio eta Europa mailan. Demokrazia babesteko ere beharrezkoa da nazioz gaindiko mugimendu politikoak eta alderdi politikoak sortzea edo finkatzea, PDE alderdia esaterako.

Europako Alderdi Demokratak izan behar du konstelazio politiko berri baterako eredua, Europako Batasuna eraldatzeko eta gure demokrazia indartzeko. Erronka handia da, bai eta premiaz jorratu behar den bidea ere. Beraz, gaurtik eta 2024ko ekainera arte, erreformaren beharra aldarrikatuko dugu zorroztasunez. Europa berreraikiko dugu. Gure lehentasunak sustatuko ditugu inoizko borondaterik sendoenarekin.

https://democrats.eu/en/fight-or-dont-fight-for-democracy/

Interesatu Zaitez