Imanol Landak Estatuko Fiskal Nagusiari eskatu dio Barrionuevok GALi buruz egindako adierazpenen eta Mikel Zabalzaren heriotzari buruzko grabazioen inguruan jardun dezala

Bere garaian Felix Bolaños eta Dolores Delgadori egindako aldarrikapen honi heldu dio berriro EAJ-PNVk, biktima horiei egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidearen alde

Imanol Landak Estatuko Fiskal Nagusiari eskatu dio Barrionuevok GALi buruz egindako adierazpenen eta Mikel Zabalzaren heriotzari buruzko grabazioen inguruan jardun dezala 16Otsailak
2023
2023 OtsailaK 16 |
Senatua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVko Imanol Landa senatariak Ministerio Fiskalak Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruan egindako grabazioen eta Jose Barrionuevo ministro ohiak GALen ekintzen inguruan egindako adierazpenen harira jardun dezala eskatu dio Estatuko Fiskal Nagusiari. Azken eskari honekin, Landak berriro heldu dio Euskal Taldeak azaroan Felix Bolaños ministroari helarazi zionari, eta azaldu du “Barne ministro zigortu eta indultatu baten adierazpen horiek, Zuzenbide Estatuari iseka egiteaz gain, GALen biktimak gutxiesten eta umiliatzen dituztela argi eta garbi”, hauek Zigor Kodearen 578. artikuluan tipifikatzen direnak, “terrorismoa goratzen dutenak ez badira”, gaineratu du Landak.

Alvaro Garciak Goi Ganberan egindako agerraldian, EAJko ordezkariak zuzenean galdetu dio: "Non dago Fiskaltzaren jarduna biktimen defentsan eta kasu zehatz honetan haien umiliazioaren eta gutxiespenaren aurka? Non dago Fiskaltzaren jarduna elkarrizketa honetan aitortu ez diren delitu-egitateak ikertzeko eta argitzeko? Non dago Ministerio Fiskalaren jarduna egia, justizia eta erreparaziorako eskubidearen alde, biktima horiek ere eskubide horren titularrak baitira?”. Hori dela eta, galdetu dio ez ote duen uste ministro ohia dagokion organo judizialera joan beharko litzatekeela, “elkarrizketan GAL talde terroristari, haren kideei, aginteei, eragileei, jarduteko moduari eta ekintza zehatzei buruz ematen duen ezagutza zabala zabal-zabal azaltzeko”.

Era berean, bere aurrekoari egin zion bezala, Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko bidea emango duen ere galdetu dio Landak Garciari. Halaber, gazte nafarraren 1985eko heriotzari dagokionez, 2021ean grabazio bat argitaratu zen, garai hartan Cesideko koronela, Alberto Perote, eta Institutu Armatuko kapitaina, Pedro Gómez Nieto, zirenen artean. Grabazio horretan, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean jasandako torturen ondorioz hil izanaren susmoaren egiazkotasuna adierazten zen. “Zantzu berri eta argi hori gorabehera, eta duela bi urte agerraldi honetan Estatuko Fiskal Nagusiari eskatu banion ere, Fiskaltzak ez zuen ezer egin heriotza horren inguruan artxibatutako jarduketa judizialak berriro aktibatzeko, eta horiekin argitzeari ekiteko, baita giza eskubideen urraketa argi eta odoltsu horren biktima diren senideek eta gertukoek egia, erreparazioa eta justizia izateko duten eta merezi duten eskubideari dagokionez ere”.

Estatuko fiskal nagusiak uko egin dio bi kasuetako bati ere erantzuteari, argudiatuz ez dituela kasu zehatzak aipatu nahi, ez irekitako kasuak, ez artxibatutako eginbideak ere.

Interesatu Zaitez