“Azken legealdietan galdutako denbora berreskuratzeko egingo dugu aurrera, tinko, minutu bat gehiago galdu gabe”, azaldu du alkategai jeltzale gazteak
Ondarroako EAJ-PNVko alderdikideek Aitor Basterretxea izendatu dute maiatzeko udal hauteskundeetako alkatetzarako hautagai gisa. Ostegun arratsaldean egindako batzarrak aho batez babestu zuen Basterretxearen hautagaitza. Zerrendaburu izatea proposatu ziotenean “poz handia” hartu zuela onartzen du, “ohore” handia delako beretzat herri ordezkaria izatea eta Ondarroaren alde lan egitea. Erronka handia dauka eskuartean, baina ziur da, osatuko duten taldearekin batera, lana ondo baino hobeto egiteko gai izango dela.
“Eskerrak eman nahi diet alderdikideei nigan jarri duten konfidantzagatik; eta esker bereziak Mª Dolores Etxanori, urte hauetan egindako lanagatik eta irakatsitako guztiagatik”.
Hurrengo asteetan herritarrekin eta herriko eragileekin batuko da Aitor hauteskunde programa osatu eta datozen urteotako lan ildoak zehazteko. “Herrian zer daukagun eta zer behar duen herritarrek baino hobeto inork ere ezin dezake esan”. Talde anitza osatu nahi du Basterretxeak, herri arrantzaleko errealitate ezberdinak irudikatu eta ordezten dituena, belaunaldiartekotasuna irizpide izanik, gobernantza estilo irekia landuko duena. “Herritarren partaidetza ezinbestekoa da herriaren eraikuntzan” dio hautagai jeltzaleak, “herriaren interesak defendatzeko”.
Elkarlanean, gertutasunetik eta gardentasun osoz
Horiek izango dira Basterretxearen lanaren oinarri. “Erronka berriak ditugu aurrean eta herritarrek eguneroko bizitzan dituzten arazoei aurre egin behar diegu: garbitasuna, etxebizitza, irisgarritasuna, gazteria...". Herrigintzan "ondarrutar guztientzako" lan egiteko asmoa azaldu du EAJ-PNVren alkatetzarako hautagaiak.
Basterretxeak adierazi duenez “gaztetasuna eta freskotasuna falta da” herri honetako udal gobernuan, “bada garaia hautsak astindu eta udaletxea martxan jartzeko. Proiektu berrietan apostu egin eta belaunaldi berriei beraiena den etorkizuna eraikitzen lagundu behar” die Udalak, eta horretarako herriak udal gobernu ”sendoa” behar duela dio, proposamen zehatzekin eta plangintza landu batekin. Hala, besteak beste, herriko gazteak Ondarroan gelditzeko eta beraien bizi-proiektuak bertan garatzeko proiektuak lantzen hasia da EAJ-PNV. Era berean, adineko pertsonentzako, Ondarroa atseginagoa eta irisgarriagoa izateko proposamenak ere baditu, herritarrekin partekatuko direnak, hauen ekarpenekin aberasteko.
Ondarroa, aurrera egiteko garaia
“Ondarroak aldaketa behar du. Denbora daramagu ikusten EH Bilduren lantaldea ez dela hitzemandakoa betetzen ari”, udalak aurrera egiteko aukera gehiegi galdu duela nabarmendu du Aitorrek, hiru legealdiren ostean aldaketa esanguratsurik ez baita ikusten herrian.
Ia lau urte dira Aitor udalean zinegotzi bezala sartu zela eta urte hauetan zehar herriarekiko konpromisoa eta lan egiteko grina eta ahalmena izan dira bere ikur. “Herri honek izan dezakeen hautagairik onena da. Ziur gaude lan ezin hobea egingo duela Ondarroa hobe baten alde”, adierazi dute Uri Buru Batzarretik. Ideia eta proiektu berritzaileak eta ausartak dituela azpimarratu dute. “Gustoko du herrigintza, eta ezagutzen dugunok badakigu, arduraz eta motibazio handiarekin arituko dela Ondarroaren alde lanean. Aitor prest dago Ondarroak behar duen alkatea izateko”, esan du Uri Buru Batzarrak.
Ondarrutarra jaiotzez, Aitor Basterretxea udal zinegotzia da 2019az geroztik. Filosofia ikasketak egin zituen EHUn eta sustapen arduraduna da Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzan.