Amaia Erostarbe Letamendi aurkeztu du alkategai Oñatiko EAJ-PNVk maiatzeko udal-hauteskundeetarako

Amaia Erostarbe: “gogo biziz, prestutasunez eta konpromisoz heltzen diot hautagaitza honi, Oñatiren eta oñatiarren etorkizuna elkarlanean eraikitzeko eta Oñati aurrera begira bizi den herri bihurtzeko”.

Amaia Erostarbe 11Otsailak
2023
2023 OtsailaK 11 |
ONATI

PARTEKATU

Oñatiko EAJ-PNVk Amaia Erostarbe Letamendi aurkeztu du alkategai, maiatzeko udal- hauteskundeetarako. Erostarbek adierazi du “gogo biziz, prestutasunez eta konpromisoz” heltzen diola karguari, “Oñatiren eta oñatiarren alde lan egiteko, haien kezkak eta beharrak entzun eta aintzat hartzeko konpromisoarekin, elkarlanean herriaren zein herritarren etorkizuna eraikitzeko”.  

Amaia Erostarbe oñatiarra da, eta Oñatin egin du bizimodua, “etxekoengandik ikasi baitut Oñati bizitzeko leku paregabea izan dela”. Alderdikideek adierazi dutenez, Erostarbe  “baikortasunaren, apaltasunaren eta konstantziaren eredua da”.  

Filologian lizentziatua da, EHUn, eta Euskal Kulturgintzaren transmisioan aditua (MU). Hezkuntzan egin du lan-ibilbidea. Urte askoan, Gasteizko Iralen egin du lan, eta, gaur egun, Oñati Institutuan da irakasle, “Herria ederki ezagutzen du, urteak dihardu-eta herrirako eta herritarrentzat lan egiten, bai institutuan, bai udalean zinegotzi”, nabarmendu dute alderditik. Horregatik guztiagatik aukeratu du Uri Buru Batzarrak Oñatiko EAJ-PNVren hautagai, “Oñatik aurrera egiteko behar duen aldaketa gidatzeko pertsonarik onena delako”. 

Konpromisoa, baikortasuna eta entzuteko gaitasuna oinarri dituen pertsona

“Emakume abertzalea, bakezalea, hurbila eta baikorra” dela diote Oñatiko EAJ-PNVko udal -taldeko kideek. “Amaia baikorra eta lasaia da, talde-lanean eskarmentu handikoa eta entzuteko gaitasun handikoa. Gainera, herrian ondo errotuta, ondo ezagutzen ditu Oñati eta oñatiarrak; baita egunerokotasuenan sortu ohi diren kezka, arazo eta gorabeherak ere”, adierazi dute alderdikideek. 

Oñatiko EAJ-PNVko kideek eskerrak eman dizkiote Amaiari erronka handi honi heltzeko agertu duen konpromisoagatik eta prestutasunagatik. “Oñatin lan asko dago egiteke eta beti agertu zara gogotsu eta kementsu. Gertutasunez eta erabateko konpromisoz egin duzu beti lan herriaren alde”, gehitu dute. 

Amaia Erostarbe da Oñatiko herriak behar duen eta eskatzen ari den aldaketa gidatzeko hautagai egokiena. “Oñatik aukera ugari dauka aurrera begira bizi den herri bihurtzeko, eta herritarrekin elkarlanean eraiki nahi dut gure herriaren etorkizuna”, adierazi du. “Herriaren zein herritarren alde urteetan lanean egonda, ohorea da bide horri jarraipena emateko abagunea edukitzea, Oñati denon parte hartzearekin eraiki ahal izateko”.

Interesatu Zaitez