Mikel Legarda diputatu jeltzale eta Lege Proposamenaren egileak lortutakoa “urrats garrantzitsu” jotzen du lehenetsi beharreko helburuan aurrera egitea dakarrelako: egungo legeria hobetzea
Euskal Taldeak 'mozal legea' aldarazteko egin duen proposamenak ponentziako lanak amaitu ditu gaur eta izapidetze prozesuan jarraitzen du, hemendik aurrera Batzordearen baitan. Fase hau gainditzeak suposatzen du, Mikel Legarda diputatu jeltzalea eta Lege Proposamenaren egilearen hitzetan, “urrats garrantzitsua ematea” lehenik eta behin, alderantzizkoak suposatuko lukeelako “erreforma bertan behera geratzea” eta bigarrenez , lege aldarazpen honen helburu nagusian aurrera egitea dakarrelako,hau da, indarrean dagoen legea hobetzea. Halaber, Euskal Taldeak onetsi du erreforma honen inguruko ezbaiak ez direla gehiago gela itxian egingo eta hemendik aurrera publikoak izango direla.
Legardak berak adierazitakoaren arabera, lantaldearen gehiengoak gaur hartutako erabakiarekin, talde parlamentarioek azken urtean lortutako akordioen %90 baino gehiago finkatuta geratu dira, egin dituzten 50 bat bileretan.
“Prozesuan aurrera egiteko, hurrengo urratsa emateko eta Batzordera eramateko unea zen.Hauteskunde urte batean sartuko gara eta gai honekin ezin gara hauteskundeetara iritsi; egiaren ordua da, erabakitzeko momentua”, ziurtatu du Legardak.
Atzo Aitor Esteban Euskal Taldeko bozeramaileak adierazitakoaren ildotik, Legardak nabarmendu du egungo akordioekin 'mozal legea' deritzonaren aginduen %60 baino gehiago aldatzen dela eta zehapen-araubidearen %60 baino gehiago eraldatzen dela, herritarrei gehien eragiten dieten zehapenak murriztuz, jokabideak hobeto tipifikatuz eta isunak zigortutako pertsonaren gaitasun ekonomikora egokituz. Besteak beste, itundutako 35 aldaketek biltzeko eta manifestatzeko eskubidea gauzatzea, identifikazio-atxiloketetan edo miaketetan polizia-jarduerak egitea, agenteak grabatzea eta abar hartzen dituzte. "Aurrerapausoak funtsezkoak dira, eta ezin dugu aukera pasatzen utzi eskubide eta askatasunen erabilera hobea bermatzeko", ziurtatu du diputatu jeltzaleak.
Hala ere, bere horretan jarraitzen dute hiru gairen inguruko desadostasunek: istiluen aurkako materialaren erabilera; desobedientziaren erregulazioa, eta agenteekiko errespetu eta begirune faltak; eta mugako kanporaketak. Euskal Taldeak negoziaziorako eta akordiorako borondateari eusten dio gai horiek ere adosteko, eta horretarako proposatu ditu gehiengo nahikoa jaso dezaketen testuak.