EAJ-PNVren Berrikuntza Politiko Arloaren arduradun Xabier Barandiaranek gaur bertan Napar Buru Batzarraren egoitzan aurkeztu ditu ´Entzunez Eraiki´ entzute prozesu aktiboaren ondorioak
Emaitzak ezagutzera ematea pendiente zegoen Iruñean, eta prozesuaren helburuak eta garapena azaldu ditu Nafarroako EAJ-PNVren presidente Unai Hualdek. Bertan ere izan dira eta bilkuran parte hartu dute Mikel Irujok, Nafarroako Gobernuan Ekonomiaren eta Enpresen Garapenerako Kontseilariak eta Geroa Baiko parlamentari María Solana eta Blanca Regúlezek, besteak beste.
Entzute aktiboko prozesua izan da EAJ-PNVk Sabino Arana Fundazioarekin elkarlanean azken urtean garatu duena, Euskal Herriko gizartearen ardurak hobeto ezagutzea xede. Orain iritsi da ondorioak herrialdeka azaltzeko momentua, prozesuan parte hartu duten eragileek egin dituzten ekarpenak Foru komunitatean ezagutaraztekoa eta, ondorioz, egungo Nafarroaren erradiografia egitea eta bere beharrak aztertzekoa.
Hitza hartzeko izan duen tartean, Unai Hualdek balioetsi nahi izan du ondorioen agiriak jasotzen dituela “ekarpen iruzkin eta adierazpen positiboak eta negatiboak, azken urte honetan Entzunez Eraiki prozesuan parte hartu duten pertsonek helarazi dizkigutenak. Horixe da gizarteak atera digun argazkia, eta guri dagokigu orain argazki hori interpretatzea”, hitzeman du Hualdek.
“Gizartearen ispiluan bere burua ikusteko eta aldatu behar den guztia aldatzeko konpromisoa har dezakeen alderdia dugu, hobetu behar den guztia hobetzeko, hurrengo argazkia hurbilago egon dadin euskal gizarteak gugandik espero duenetik”, baieztatu du NBBren presidenteak.
Bere aldetik, Xabier Barandiaranek nabarmendu eta balioetsi ditu Entzunez Eraiki prozesuaren agiriaren bidez Alderdiak euskal gizartearekin hartu zituen 10 konpromisoak . Hauen artean daude 2030 Agenda betetzea eta genero berdintasuna bermatzea. Horien artetik nabarmendu nahi izan du 9.a, EAJ-PNVk Nafarroarekin eta Iparralderekin hartu duen konpromisoa.
“Agirian aitortu dugunez, EAEtik asko hitz egin dugu Nafarroaz eta Iparraldeaz, baina ez diegu horrenbeste entzun. Ateak irekiko ditugu, kolektibo berriak hartzeko, eta ´nafartasun´ handiagoa bilatuko dugu EAJ-PNVren nortasun ezaugarrietan. Erabakitasun handiagoarekin babestuko dugu EAJ-PNVk Nafarroa eta Iparraldean egiten duen lana, bereziki gizarte antolatuaren esparruan”, gogoratu du Barandiaranek.
Egungo egoera politikoaren analisia: baikortasuna Geroa Bairen proiektuarekin
Era berean, NBBren Presidente Unai Hualde pozik agertu da Geroa Bai koalizioaren baitan lortu den akordioarekin eta “hauteskundeetako emaitza ona” jasotzea espero du, eta ez bakarrik Foru Parlamentuan eta Iruñean, baizik eta baita maiatzaren 28an Geroa Bai aurkeztuko den udal guztietan ere.
Zentzu honetan, Nafarroako jeltzaleen buruak, Unai Hualdek, baikortasunezko mezua zabaldu nahi izan du: “Hautagairik onenak ditugu, pertsona prestatuak, lanean bihotza jartzen dutenak, Nafarroaren errealitate sozial eta ekonomikoa oso ondo ezagutzen dutenak, gure osasun sistema eta gure hezkuntza sistema ezagutzen dutenak, gure komunitatea sektore estrategikoetara eramaten jakingo dutenak kalitatezko enpleguarekin. Onenak ditugu gure taldean, 2023ko maiatzetik aurrera Gobernua berriz ere lideratzen saiatuko gara, 2015 eta 2019 urte bitartean emaitza onekin egin genuen bezala, kontuen egoera berroneratuz , gizarte politiketan inbestitzearen aldeko jarrerari eutsiz eta Nafarroan ekonomiaren garapen orekatu eta jasangarriaren alde eginez”.
“Uste dut Alderdi gisa eta Geroa Bai koalizioaren aldetik ere legealdi honetan gizarteari entzuten jakin dugula. Jabetzen gara beharrez, etorkizuneko erronkez, eta horregatik diseinatuko dugu herritar guztion Nafarroaren mailan egongo den hauteskunde egitasmoa”, amaitu du Hualdek.