EAJ-PNVk “demagogia egiteari uzteko” eskatu dio Anduezari, eta euskal erakundeek eta eragile sozial inplikatuenek harreraren arloan proposatzen dutenarekin sentikor izateko

Joseba Diez Antxustegi legebiltzarkide jeltzaleak Euskal Harrera Ereduaren alde egin du, "errefuxiatuak ahalik eta ondoen hartzea baitu helburu", eta gogorarazi du Europako estatu gehienek ez dituztela jada erabiltzen makrozentroak, "ez dutelako laguntzen integratzen eta sustatzen kohesio sozial komunitarioa"

EAJ-PNVk “demagogia egiteari uzteko” eskatu dio Anduezari, eta euskal erakundeek eta eragile sozial inplikatuenek harreraren arloan proposatzen dutenarekin sentikor izateko 19Urtarrilak
2023
2023 UrtarrilaK 19 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Joseba Diez Antxustegi EAJ-PNVko legebiltzarkidearen ustez, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak errefuxiatuen harrera, arreta eta sozializazio eskubideekiko elektoralismoa egitea oso larria da, eta jarrera hori bertan behera uzteko eskatu dio, "politikan denak ez duelako balio". "Andueza jaunari eskatzen diogu demagogia egiteari utz diezaiola eta sentibera izan dadila euskal erakundeak eta inplikazio handiena duten gizarte eragileak proposatzen ari garenaren aurrean", ziurtatu du ordezkari jeltzaleak gaur eguerdian Eusko Legebiltzarrean eskaini duen prentsaurrekoan.

Diez Antxustegik, hedabideen aurrean egindako agerraldian, Euskal Harrera Ereduaren defentsa itxia egin du, pertsonen sozializazioa bultzatzen duena. Esan duenez, eredu hori Espainiako Gobernuak Gasteizko makrozentroarekin proiektatzen duenaren kontrakoa da. "Errefuxiatuei ahalik eta harrera onena eman nahi die EAJk. Eta hori ez da gertatuko Espainiako Gobernuaren proiektua gauzatzen bada. Ez du EAJk bakarrik esaten. Asiloaren munduan eta errefuxiatuekin lan egiten duten ia gizarte-erakunde guztiak oso kritikoak dira makrozentro termikoarekin", parlamentari jeltzaleak ziurtatu duenez. Halaber, Diez Antxustegik argi utzi nahi izan du, gaur Anduezak esandakoaren oso bestela, obra honen lizitazioaren albistea ez duela EAJ-PNVk agenda publikoan jarri, "Gasteizko komunikabide batek baizik, Alderdi Sozialistaren eta Espainiako Gobernuaren deserosotasuna sortuz, orain arte isiltasun osoz eta gardentasunik gabe kudeatzen ari baitziren".

Alderdi jeltzaleak berretsi egin du Euskal Herrian asiloa bilatzen ari diren pertsonak artatzeko konpromisoa, eta euskal erakundeei babesa eman die harrera-sistema pertsonalizatuaren defentsan, euskal kasuan oso ondo funtzionatu baitu. "EAJ-PNVk Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera babesten eta bere egiten du. Euskadik harrera- eta asilo-eredu bat du, eredu arrakastatsu bat, komunitatetik bertatik banakako laguntza bultzatzen duena eta gizarteratzea errazten duena, makrokentroetatik eta ghettoetatik ihes eginez". Hala, legebiltzarkide jeltzaleak zalantzan jarri du Europako herrialde gehienetan azpiegitura horiek erabiltzeari utzi zaiola integrazio eta kohesio sozial komunitarioa sustatzeko prozesuetan lortzen diren emaitza eskasengatik, baina hemen Estatuak garatu egin nahi ditu.

Gainera, zehaztu du Gasteizkoa izango litzatekeela mota horretako lehena, eta, beraz, zaila dela arrakasta-aukerak probatzea. "Euskal Harrera Ereduak bere erabilgarritasuna erakutsi du. Eredu honen pean artatutako pertsonek arrakasta kasu ugari bizi izan dituzte. Arreta hori ehuneko handi batean ematen da etxebizitza edo zentro birdimentsionatuetan, indibidualizatuetan, errealitate sozialarekin lotutako proiektu batekin. Aitzitik, gaur egun ez dago Estatu mailan erreferentziazkoa den eta Gasteizen proiektatzen dena bezalako makrozentrorik, gizarteratze-prozesu indibidual edo familiarretako jardunbide egokiak edo ibilbideak irakatsi ahal izango dizkigunik arrakastaren berme orokor batekin".

Diez Antxustegik aitortu du Estatuko harrera-sistemak bizi duen tentsio-egoera eta egon daitezkeen plazen beharra, baina euskal ereduarekin erantzun dakieke ondoen sufritzen duten eta gure laguntza guztia behar duten pertsona horien beharrei. "Uste dugu eta bat gatoz plazak handitu behar direla, eta plazen handitze hori Euskadin planteatu eta gauzatu behar dela, baina betiere orain arte funtzionatu duen eta Euskal Harrera Ereduarekin osatu den ereduaren arabera", bukatu du.

Interesatu Zaitez