Egungo alkateak ziurtatu du “betiko ilusioa eta borondatea “ dituela gero eta Muskiz hobea eraikitzen jarraitzeko. Ainara Leiba Muskizko alkate bihurtu zen 2021ean Borja Liañoren lekukoa hartzean
Ainara Leiba Zabalbeitia (Muskiz, 1979) izango da Meatzaldeko udalerri horretan EAJ-PNVk aurkeztuko duen alkategaia. Egungo alkateak aitortu du ilusioz beteta dagoela eta harrotasuna ematen diola “Uri Batzar osoaren babesa jaso izateak”. “Jabetzen naiz oraindik asko geratzen zaigula egiteko eta niri ere asko geratzen zaidala ikasteko, baina 2021eko apirilean Borja Liañoren lekukoa hartzean alkatetzara iritsi nintzen eguneko ilusio eta borondate berberak ditut gaur”.
Hautagaia izan da Muskizko Udaleko lehen alkate andrea. Alkatetzara iritsi zen pandemia gorenean zegoenean, baina horrek ez zuen aldendu udalerrian garrantzi handiko proiektuak garatzeko lanetik. Proiektu horietako bat da, esaterako, kiroldegian egin dena, milioitik gorako aurrekontuarekin, udal instalazio hauek hiritarrei ematen dien zerbitzua nabarmen hobetzea ekarri duena. Era berean hitzartu dira N-634 errepidearen irisgarritasuna Udaletxe paretik eta El Hayatik hobetzeko pasabidea egiteko bi proiektu tekniko eta, bestetik, Cendeja inguruetan ematen diren uholde arriskuak arintzeko egin nahi dena.
Legealdi honetan garatu izan den beste jarduera bat izan da bideo-behaketarako kamerak instalatzea eta herriko argiteria hobetzea 500.000 eurotik gorako inbertsioarekin. Ildo beretik, Udaltzaingoaren lantaldea handitu da muskiztarren segurtasuna hobetzeko helburuarekin.
Etorkizunera begira, hautagaiak aitortu du “Muskiz hobea” eraikitzen jarraitzeko asmoa duela. Aurreikusten dituen planen artean dauka HAPO berria onartzea, haurrentzako jolastokiak hobetzea, auzoen arteko mugikortasuna hobetzea eta Meatzari plaza estaltzea, beste proiektuen artean.
43 urte ditu, Zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta alkate kargua onartu zuen arte abokatutzan lan egin zuen bere bulego propioan. 12 eta 15 urteko mutiko biren ama da eta aitortu digu “bihotzez” estimatzen dituela bere herria, Meatzaldeko herri honetako kostaldea eta inguru osoko ondarea.