Eusko Legebiltzarrak gaur, ostirala, onartu ditu 2023rako aurrekontuak, 14.250 milioi eurokoak, aurten baino %8,7 gehiago. Alaitz Zabalak ziurtatu duenez, “Euskadik aurrekontu sendoak izango ditu zerbitzu publikoak indartzeko eta ziurtasun ekonomikoa bermatzeko”
Eusko Legebiltzarrak 2023rako Euskadiko Aurrekontuak onartu ditu ostiral honetan, EAJ-PNVk eta PSE-EEk osatzen duten gehiengo osoari esker. Oposizioko talde guztiek kontra bozkatu dute. Datorren urterako aurrekontua 14.250 milioi eurokoa da, aurrekoan baino ia %9 gehiago; 10 eurotik 8 gastu sozialera bideratuko dira, eta Osasun eta Hezkuntza Sailak dira baliabide gehien jasotzen dituztenak eta gehien hazten direnak. EAJ-PNVren ustez, kontu publikoak onartzea nahitaezkoa zen, gainera, inguratzen gaituen ziurgabetasun-testuinguruari berme handiagoz aurre egiteko.
“Pandemia ez da amaitu, eta Errusiaren inbasioaren ondoren jasaten ari garen ondorioak gaur egun ezin dira aurreikusi. Egoera korapilatsua da, eta eskura ditugun tresna guztiak aktibatzera behartzen gaitu, karga horiek arintzeko eta, batez ere, okerren pasatzen ari diren pertsonen ondoan egoteko. Eta zoritxarrez asko dira. Erronka handiak ditugu: ezin dugu inor bakarrik utzi. Inoiz baino gehiago indartu behar ditugu zerbitzu publikoak, enpresei lagundu behar diegu aberastasuna sortzen, ekonomia mugitzen eta enplegu-aukerak sortzen jarraitzeko. Enplegu duina eta kalitatezkoa”, adierazi du Alaitz Zabala legebiltzarkideak bere defentsan, eta oposizioak kontuak adosteari uko egin izana gaitzetsi du. “Hau zen politika baliagarriaren eta ez frontistaren aldeko apustua egiteko unea, baina zuen beldurrekin, bide beretik eta kalkulu politikoekin jarraitu duzue”, esan die, eta erakunde honetan zertarako dauden galdetu die, hitz egiteko, lankidetzan aritzeko eta guztion ongia bilatzeko ez bada. Aurreko urteetan bezala, aurrekontuak EH Bildurekin, Elkarrekin Podemos-IUrekin eta PPrekin adostu direla gogorarazi du Zabalak, eta horrek agerian uzten duela borondatea dagoenean hurbilketa posible dela. Oraingoan, ziurtatu duenez, “eserita geratu dira, besaulki batean eroso, bizitzea egokitzen ari zaigun une zailari begira, baina kolaboratu gabe, eta diskurtso katastrofistak eta populistak eginez”. Aurrekontu hauen aurkako botoak, aurpegiratu egin die, aurrekontu-luzapen zaharkitua babesten du, eta ez ditu jasotzen, adibidez, Osakidetzako edo Hezkuntzako plantilla-hazkundeak edo berdintasunera eta gizarte-politiketara bideratutako partida %20 handitzea. “Zuei primeran datorkizue oposizio suntsitzailea egitea, erantzukizunik gabekoa eta etengabeko borroka bilatzen duena”.
Oposizio osoak ezezkoa eman arren, ordezkari jeltzaleak Eusko Jaurlaritzak, eta bereziki Azpiazu sailburuak, hasieratik ukatu den adostasuna lortzeko egindako ahaleginen balioa azpimarratu du, eta ezberdinen arteko itunak eta akordioak Euskadirentzat onenak direla onartu du.
“Minutu hauek aprobetxatu nahi nituzke lehenik eta behin Eusko Jaurlaritzari gizarte honek behar dituen aurrekontuak izateko egindako lana eskertzeko. Lan hori, gainera, elkartasunaren, gizarte-kohesioaren, zuhurtziaren, seriotasunaren eta elkarrizketaren balioetan oinarritzen da. Lan hori bat dator Jaurlaritzak legegintzaldian zehar izan duen ibilbidearekin. Eta bigarrenik, zure itun-borondatea nabarmendu nahi dut. Badakizue aurrekontu horiek, oposizioko talderen baten babesarekin edo babesik gabe, aurrera ateratzen direla. Zenbakiek ematen digute, baina politika ulertzeko eta egiteko dugun modua elkarrizketa praktikatzea da. Eta horixe egin dugu azkeneraino, nahiz eta parez pare horma sendo bat aurkitu dugun”, adierazi du.