Zerrendaburua ilusioz beteta eta gogotsu agertu da “erronka erraldoi” honi aurre egiteko, eta baieztatu du ohorea izango dela “alkatetzara iristea, udalerriaren eta herrikideen bizitzaren alde egin dezakedan ekarpena kontuan hartuta”
Iñaki Urrutia del Cura (Abanto-Zierbena, 1983) aukeratu du EAJ-PNVk 2023ko udal hauteskundeetan Abanto-Zierbenako Udalerako aurkeztuko duen alkategaia izan dadin, egungo alkate Maite Etxebarria Azpiolearen lekukoa hartuz. “Benetan uste dut Abanto-Zierbenan daukagun bizi kalitatea bikaina dela, Udalean EAJ-PNVk izan dituen lantaldeek finkatu eta bultzatu duten zerbait. Inguru zoragarria daukagu, mendia eta hondartza baititugu ia etxe ondoan”, adierazi du hautagaiak. Zalantzarik gabe, “ohorea izango litzateke Alkatetzara iristea udalerri osoan eta nire herrikideen bizitzarako egin ahal dudan ekarpenagatik”.
Urrutiak esker ona adierazteko mezua helarazi nahi izan dio egungo alkateari: “Maite eta udal talde osoak lan bikaina egin dute gure herriko udalean”. “Maite pertsona hurbil eta irekia da, beti entzuteko eta laguntzeko prest agertzen dena. Halaber, lan nekaezina egin du Abanto-Zierbena bizitoki bikaina izan dadin, herria alderdi guztietan hobetu duelako. Eredugarria izan da lanean, bere apaltasunagatik eta sakrifizio pertsonalagatik. Eredu dut eta izango dut hemendik aurrera”, baloratu du.
Urrutiak aurreratu duenez Alkatetzara iristen bada “auzoei emango zaie are irisgarritasun handiagoa, gune publikoak eta kirol instalazioak hobetzen jarraituko dugu, Udalaren barne egitura birmoldatuko dugu, herritarrentzako zerbitzu berriak sortuko ditugu eta HAZ bulego bat jarriko dugu”.
Gallartakoa da jaiotzez. Urrutia Telekomunikazio eta Informatika Sistemen teknikari da eta futbol zale amorratua: “Futbola maite dut, gaztaroan praktikatu nuen eta inguruko hainbat taldetako kide izan naiz, hauen artean Gallartakoan”. Zinemazalea ere bada, koadrilarekin elkartzea eta bere denbora senideekin ematea.