Alderdikideek aho batez aukeratu dute egungo alkatea 2023ko udal hauteskundeetarako alkategai
Eneko Goia izango da EAJ-PNVren Donostiako alkategaia 2023ko udal hauteskundeetarako. Horrela berretsi dute aho batez alderdikideek azken asteetan garatutako prozesuan. Goiak Donostiaren aurrerapenarekiko bere konpromiso pertsonala eta EAJ-PNV berarena berretsi du, guztion artean hiriarentzat etorkizun oparo bat eraikitzeko.
Alderdikideekin eta alderdizaleekin egindako ekitaldian, Eneko Goiak beregan jarritako konfiantza eskertu du Donostiako alkate hirugarren legealdiz izateko. Eta honakoa gaineratu du: “Donostiar batentzat ohore eta pribilegio handia da alkate izatea. Amets bat da, baina baita ardura handia ere, hain zuzen ere, lehen aldiko ilusio berberaz hartzen dudan ardura”.
Eneko Goiak gogorarazi du, EAJ-PNVk Donostian ehun urte baino gehiagoko historia duela, 1911n Donostiako Udaletxean lehen zinegotzia izan zuenetik. Orduz geroztik, jeltzaleen konpromisoa hiriarekiko erabatekoa izan da gaur arte, eta horrela izaten jarraituko du etorkizunean ere.
Eta hiriaren etorkizunaren aldeko konpromiso horren adibide da, alkatearen iritziz, Espainiako Gobernuaren Defentsa Ministerioarekin lortutako akordioa Loiolako Kuartelen lur-saila erosteko: “Ezinbesteko pieza izango da hiriaren etorkizunarentzat, izan ere, bertan, milaka donostiarrek errealitate bihurtu ahal izango dute euren bizitza proiektua”.
Horiek horrela, honakoa azpimarratu du: “Prozesua zaila izan da, baina merezi izan du. Akordio honi esker Donostiak eta donostiarrok irabazten dugu”.
Alkategai jeltzaleak balioan jarri du Donostiak azken zazpi urteetan izan duen eraldaketa: “Proiekturik gabeko hiri batekin topatu ginen. Gaur, zazpi urteren ondoren, harro esan dezakegu Donostia hazi egin dela, hobeagoa dela eta eraldatu dela. Hiri egonkorra da eta, horri esker, hainbat proiektu martxan ditugu eta etorkizun oparoa dugu”.
Donostiako alkateak esan du, egun Donostia Estatuko per capita errenta handien eta langabezia tasa txikien duen hiria dela, eta horrek erakusten duela funtzionatzen duen hiria dela.
Halaber, Goiak adierazi du, argi duela zein izan behar duen apustua: “Aurrera egiten jarraitzeko ezinbestekoa da hiritarrekin, hiriko elkarteekin, gizarte-eragileekin eta gainerako erakundeekin elkarlanean jarraitzea. Izan ere, sarean sortutako hiri-ereduan sinesten dugu, hain zuzen ere, guztion artean saretzen dugun hiri-ereduan. Ez ordea batzuek duela hamaika urte ezarri nahi izan zuten eta porrot egin zuen eskema bertikal batean”.
Horrenbestez, Eneko Goiak honakoa nabarmendu du: “Donostia positibo bat proposatzen dugu. Elkarlanari esker aurrera egiten duen Donostia. Ez dugu sinesten hiri nostalgikoaren, grisaren edo txuri-beltzaren ideian”.
Goiak hiria eraikitzeko bost zutabe aipatu ditu:
“Euren eskubideak eta ardurak ezagutzen dituzten pertsonak; batzuek besteengan konfiantza dutenak; erakundeek modu egokian lan egiten dutela sinesten dutenak; eskubide berdinak dituzten jatorri ezberdinetako pertsonak; eta proiektuak partekatzen dituzten pertsonak”.
Egibarrek babestu du pertsona askeak dituen herri askea
Bestalde, Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek Eneko Goiari eskerrak eman dizkio hiriarekiko eta herriarekiko duen konpromisoagatik, eta Donostiako alkategai izateko ardura beste lau urtez hartu izanagatik.
Egibarrek populismoaren arriskuaz ohartarazi du, nahiz eta azpimarratu duen Euskadik erakunde indartsuak dituen, hain zuzen ere, gizartearen arazoei irtenbideak bilatzeko gaitasuna duten erakundeak.
Halaber esan du, batzuek ikusarazi nahi dutela gauzak gaizki doazela. “Horren aurrean, EAJ-PNVk gaitasuna du hiriarentzat, lurraldearentzat eta herriarentzat proiektu bat aurkezteko” gaineratu du.
GBBren presidenteak honakoa esan du: “Herria eraikitzeko ezinbestekoa da errespetua oinarritzat izatea, eta ez inposaketa. Eta horretarako herritarren eskutik joan behar da, eta akordio politiko eta sozial zabalak lortu behar dira”.
Egibarrek azpimarratu du EAJ-PNVren ekintza politikoak hiru zutabe dituela: “Herri bat existitzen dela sinesten dugu, erabakitzeko eskubidea duen herria. Printzipio demokratikoetan sinesten dugu, baita justizia sozialean oinarritutako ekintza politikoan. Sinesten dugu gizon eta emakume askeak dituen herri aske batean”.