EAJ-PNVren EBBren adierazpena Emakumeen eta Neskatoen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean

Gaur da Emakumeen eta Neskatoen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna. Aitorpen eta aintzatespen berezia eskaini nahi diegu gaur urteko egun guztietan, Euskadin eta mundu osoan, emakumeak eta neskatoak babesteko eta beren eskubide guztiak defendatzeko lana egiten dutenei

EAJ-PNVren EBBren adierazpena Emakumeen eta Neskatoen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean 25Azaroak
2022
2022 AzaroaK 25 |
EBB

PARTEKATU

Emakumeen kontrako indarkeria krisi globala da berez. Mundu osoan gatazka armatuak, klimaren aldaketarekin zerikusia duten hondamendi naturalak, segurtasunik eza, elikagaien urritasuna eta giza eskubideen urraketa emakumeen kontrako indarkeria areagotzen ari dira. Horren guztiaren ondorioz, hainbat herrialdetan, aberats zein txiroetan, generoarekin zerikusia duten aurreiritziek emakumeen eta neskatoen kontrako indarkeria eragiten jarraitzen dute.

Euskadi, zoritxarrez, ez da gaitz horretatik libre geratzen ari. Horregatik, euskal erakundeen aldetik, eskutik eskura gizarte zibilarekin, buru belarri lan egin da azken urteetan arlo horretan, iragan martxoaren 3an, adostasun zabalarekin, Euskadiko Berdintasun Lege berria egitea lortu arte. Arau horrek desberdintasunaren eta indarkeria matxistaren arteko lotura finkatzen du, eta, gainera, bere izenetik egiten du, formulazio berrian ‘Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legea’ esaten baitzaio. Lege berri honen eskutik, emakumeen kontrako indarkeria, lehenago genero indarkeriari, familia barruko indarkeriari eta indarkeria sexualari lotuta agertzen zena, zabaldu egin da eta barne hartzen ditu indarkeria matxistaren edozein biktima eta adierazpen, haurrak eta nerabeak babestuz, gizarte sektore honentzat beren beregi prestaturiko baliabideen bidez. Beste neurrien artean, laguntza bat aurreikusten da umezurtzentzat. Halaber, arau berri honek emakumearen inguru guztia hartzen du biktimatzat, pertsona hauek erasotzailearen jazarpena sufritzen badute, biktimei erreparazioa emateko derrigorra jasoz. Biktima hauei aitortzen zaie sufritu dituzten kalteengatik kalte ordaina jasotzeko eskubidea, bai eta egiaren aitortza eta indarrezko gertakariak berriro gerta ez daitezela ere.

Emakumeen kontrako indarkeria sarritan salatu ere ez da egiten, isilarazita geratzen baita, estigmatizazioaren eta lotsaren mende, erasotzaileei zaien beldurragatik eta biktimak sentitzen duen beldurragatik, faktore horiek eragozten dutelarik eskubide guztiekin eta askatasunez bizitzea. Emakumeen giza eskubideak, segurtasunarekin, duintasunarekin, berdintasunarekin eta justiziarekin zerikusia dutenak barne, nazioarteko zuzenbidearen funtsezko printzipio dira. Eta jakin dakigu emakumeen lidergoak eta segurtasunak, beren aniztasun osoan, funtsezko zeregina dutela ekonomiaren abantzamenduan, komunitateen ongizatean, haurren osasun eta hezkuntzan. Denok gara onuradun emakumeen giza eskubideak defendatzen direnean, giza eskubide hauek urratzen direnean denok sufritzen dugun modu berean.

Euzkadi Buru Batzarra osatzen dugunok geure egiten dugu eta A-25 honen zioz erakundeen aldetik deitu den kanpainaren mezuarekin bat egiten dugu, gizonei eskatuz, gazteei bereziki, aurrera egiteko urrats bat eman dezatela eta hausnarketa egin dezatela berdintasun politiken eraikuntzan duten zereginaz.

EAJ-PNVren berezko balore dira benetako berdintasun eraginkorrarenak, eta erabat jabetzen gara gure alderdikideek, gizonek zein emakumeek, erantzukizun handia dutela indarkeria matxistaren kontrako borrokan. Horregatik, hurrengo hilabeteetan, gure alderdikideekin batera, dekalogo bat idatziko dugu erronka saihestezin honi eusteko orduan bete beharreko jarduera ildo nagusiekin, beti ere egingo diren lege aldaketen arabera, Administrazioaren maila ezberdinetan egiten ari diren praktika onen ildotik aurrera eginez eta mugimendu feministen aldarrikapenei entzunez.

Euzkadi Buru Batzarraren izenean, gure alderdikide guztiak animatzen ditugu A-25 honen kariaz euskal erakunde guztietatik, gure Uri Buru Batzarretatik eta mugimendu eta talde feministetatik deituko diren mobilizazio eta ekitaldiekin bat egitera eta parte hartzera.

Interesatu Zaitez