Eneko Goiak eta Aitor Estebanek azpimarratu dute Defentsarekin lortutako akordioa hiriaren etorkizunerako mugarri historikoa izango dela
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Loiolako Kuartela dagoen lur-sailaren salerosketa egiteko akordioa da “EAJ-PNVk Donostiarekiko duen konpromisoaren adierazle”, esan dute gaur Eneko Goiak eta Aitor Estebanek.
Donostiako alkateak eta Diputatuen Kongresuan Euskal Taldearen bozeramaileak balioan jarri dute Udalak eta Defentsa Ministerioak lur-sailaren salerosketa egiteko lortu duten akordioa, eta honakoa esan dute: “Aurrerapen eta mugarri historikoa izango da Donostiarentzat”.
Adierazpenok egin dituzte Goiak eta Estebanek Loiolara egin duten bisitan. Bertan, parte hartu dute ere Kogresuan eta Senatuan Euskal Taldearen kide Joseba Agirretxeak, Maribel Vaquerok, Iñigo Barandiaranek, Mertxe Garmendiak eta Luke Uribe-Etxebarriak. Nekane Arzallus Donostiako Udaleko Hirigintza Sostengagarriko zinegotzia ere bertan izan da.
Eneko Goiak adierazi du salerosketari esker egun erabilera militar pribatua duen lur-saila hiriarentzat erabilera publikoa izateko berreskuratu ahal izango dela. Ildo beretik, gogorarazi du Donostiaren hedapena historikoki egin ahal izan dela erabilera militarrerako ziren eremuak erosita, harresien eraistearen ondoren gertatu zen moduan, edota Urgull mendiaren eremu militarra edo San Telmo erosi zirenean bezala.
Donostiako alkateak esan du hiriak 1.500 eta 1.700 etxebizitza bitartean eraiki ahal izango dituen lur-saila izango duela, eta horrek hiriko etxebizitza parkea kontsolidatzen lagunduko duela. Gainera, Urumea ibaia inguruan integratua egongo da, bere ekologia- eta paisai-balioa dela-eta. Goiak gaineratu du, Loiolako Kuartelen ingurua dela hiriaren hedapenerako Urumearen ardatzan falta zen zatia. Gainera, hiria sortzeko eta Erdialdea edo Intxaurrondo auzoekin lotzeko aukera emango du.
“Hurrengo urteetan aukera izango dugu eremua diseinatzeko, hain zuzen ere, bizitza proiektuak eta etorkizuneko proiektuak egingo diren eremua”, esan du Goiak.
Goiak eskerrak eman dizkie Euskal Taldeari eta Aitor Esteban bozeramaileari, egindako lanagatik, Espainiako Gobernuak hartutako konpromisoa betetzeko eta lur-sailaren salerosketa errealitate bihurtzeko.
Era berean, alkateak honakoa esan du: “Taldean egindako lan handia izan da, hain zuzen eren, Euzko Alderdi Jeltzalearen Donostiarekiko konpromisoa agerian uzten duen taldeko lana”. Eta gogorarazi du Donostiara hainbat inbertsio iritsi direla talde jeltzaleari esker, besteak beste honakoak: Loiolako Erriberetako Aldageltokia, Kontxako barandaren berritzea, elektromugikortasun polorako inbertsioak edo Añarbeko Behe-Kanala berritzea.
Inbertsio gehiago lortzeko konpromisoa
Diputatuen Kongresuan Euskal Taldearen bozeramaile Aitor Estebanek gogorarazi du Kuartelaren lur-saila Udalaren esku uzteko Espainiako Gobernuarekin eta Defentsa Ministerioarekin negoziazioak gogorrak izan direla, duela bi urte hasi zirela eta Eneko Goia alkatearekin uneoro kontaktuak mantenduz egin direla. “Negoziazioak beti izaten dira gogorrak, baina hauek bereziki zailak izan dira”, esan du. “Dena den, Espainiako Gobernua jakitun da ez dugula etsitzen eta helburuak lortu arte gogor lanean jarraitzen dugula. Eta argi dugu zein den gure helburua: hiritarren bizi-kalitatea hobetzea. Eta proiektu hau helburu horren eta EAJ-PNVk Donostiarekiko duen konpromisoaren adibide argia da”, nabarmendu du.
“Hiriarekiko konpromisoa Kuartelen gaineko akordioa baino gehiago da, eta argi gelditu da ere Añarbeko Behe-Kanala berritzeko proiektua egiteko lortutako bultzadan. 36 milioi euroko inbertsio hori Diputatuen Kongresuan Euskal Taldeak iazko aurrekontuen negoziazioan lortu zuen, eta horri esker Donostialdean ur-hornidura bermatuta egongo da. Eta egun tramitatzen ari diren Aurrekontuen negoziazioan ere Donostian beste hainbat inbertsio egitea lortuko dugu”, esan du Aitor Estebanek.
Estebanek azaldu duenez aurrekontu-sail berri horiek, Goiak azaldutako proiektuez gain, 10 milioi euro ere aurreikusten dituztela Loiolako Hondakin-uren Araztegiarentzat, Gipuzkoako biztanleen erdia baino gehiagoren uren saneamendurako. “Proiektuak gauzatzen dituen alderdia gara. Ez gara soilik iragarkietan edo aldarrikapenetan gelditzen. Hiritarren bizi-kalitatea hobetzen dituzten proiektuak dira. Eta hori da mugitzen gaituena eta gure lana egiten jarraitzeko indarrak ematen diguna. Eta horrela jarraituko dugu, Donostiarentzat, Euskal Autonomia Erkidegoarentzat eta Nafarroarentzat proiektuak eta inbertsioak lortzeko lanean”, amaitu du Estebanek.