Egungo alkateak aitortu du “ilusioz beteta eta oso motibatuta” dagoela berraukeratua izateko aukeraren aurrean, eta aurreratu duenez bere helburu nagusia da sopeloztarrentzat “herri adeitsuagoa” eraikitzea
Josu Landaluze Zarandona (Sopela, 1957) izango da, berriz ere, EAJ-PNVk datorren urteko udal hauteskundeei begira aurkeztuko duen hurrengo alkategaia. Hala erabaki zuen herriko batzar jeltzaleak iragan azaroaren 3an egungo alkateak herriko udalean egin duen lanari oso balorazio positiboa eman ondoren. Zerrendaburua “ilusioz beteta eta oso motibatuta” dago “Sopelaren alde eta herritarren onerako lan egiten jarraitzeko”. “Dagoeneko martxan dauden proiektu estrategikoak burutu nahi ditut”, esan du.
Agintaldi honetan, Landaluzek zuzentzen duen gobernu taldeak bultzatu du udalerriaren erdigunea zati batean oinezkoentzako gune egiteko proiektua “herritarrentzako herri adeitsuagoa egitea helburu”; Olabideko bideak Urdulizko ospitalearekin konektatzeko lotunea amaitu da; parte hartze prozesuak bultzatu dira ausoak hobetzako eta eskualde osoan papera eta kartoia batzeko eta ondoren birziklatzeko prozesuak areagotu dira, besteak beste. Berrautatua izateko aurkezten den hautagaiaren esanetan “datorren abenduan argitaratuko dugu Agintaldiko Planaren betepena eta harrotasun osoz esan dezakegu betepena %80tik gorakoa dela”.
Baina hemendik aurrera egin beharreko lana egon badago eta landu nahi dituen erronken artean dago Urkoko kirolgune berria egiteko prozesuan aurrera egitea; ZIpirine eskola handitzea, herriko hezkuntza proiektua bermatzeko, bai eta esparru publikoak hobetzen lan egitea eta udaltzain etxe berri bat eraikitzea, besteak beste.
Halaber, eta datozen urteko hauteskundeei begira, Landaluzeren asmoa da “martxan dauden proiektuak egiten jarraitzea”, pandemiak nabarmen baldintzatu duen legealdiari aurre egin behar izan ondoren. “Urte konplikatuak izan dira azken biak eta udalerria garatzen jarraitu nahi dugu hemendik aurrera”, azaldu du.
Landaluzek ondo baino hobeto ezagutzen du udal jarduera, alkate izateaz gain aurreko legealdietan zinegotzi ere izan delako, 2003tik 2011ra bitartean Herritarren Segurtasunaz arduratu baitzen. Ondoren, Imanol Garai alkate zelarik lehen alkateorde eta Hirigintza, Herrilan eta Zerbitzuen zinegotzi izan zen; 2011tik 2015ra bitartean EAJko zinegotzi izan zen oposizioan .