GALi buruzko dokumentazio guztiaren sekretua altxa dezala eskatu dio Estefanía Beltrán de Herediak Espainiako Gobernuari

GALen biktimen egiaren eta duintasunaren aldeko neurriak hartzeko eskatu dio Felix Bolaños ministroari, Jose Barrionuevo ministro ohiak egindako adierazpenen ostean

GALi buruzko dokumentazio guztiaren sekretua altxa dezala eskatu dio Estefanía Beltrán de Herediak Espainiako Gobernuari 15Azaroak
2022
2022 AzaroaK 15 |
Senatua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

EAJ-PNVk Senatuan duen bozeramaile Estefania Beltran de Herediak GALen jarduerarekin lotutako dokumentazio guztiaren sekretua altxa dezala eskatu dio Espainiako Gobernuari. Gaurko kontrol saioan, Beltran de Herediak Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko ministroari gogorarazi dio GAL ez dela inoiz talde terrorista gisa ikertu, eta biktimak askotan zalantzan jarri direla. Hori dela eta, “berrogei urte geroago Sekretu Ofizialen Legearen babesean ezkutatzen diren gertakariei buruzko informazioa desklasifikatzeko garaia iritsi” dela jakinarazi du. “Hori ez dagokio egiaren, justiziaren eta biktimen erreparazioaren aldeko konpromisoa duen estatu demokratiko bati”.

Eskaerari entzungor egin dio Felix Bolañosek. Berau, José Barrionuevok joan den asteburuan egindako adierazpenen harira egin dion galderaren testuinguruan helarazi dio jeltzaleak ministroari, hain zuzen ere, egiaren alde eta GALen biktimen duintasunaren alde zer ekimen egitea aurreikusten duen galdetuz, Terrorismoaren Biktimak Babesteko Legeak agintzen dion bezala. Adierazpenetan, ministro sozialista ohiak “espresuki aitortzen du gobernuaren erantzukizuna, biktimak mespretxatzen eta umiliatzen ditu, eta Estatuaren indarkeria erabili izana justifikatzen eta harrotzen du, eta hori terrorismoaren apologia argia da”, EAJ-PNVko bozeramaileak adierazi duenez, eta PSOEren, Gobernuko presidentearen eta PPren jarrera publikorik egon ez izana aurpegiratu du.

Beltrán de Herediak berak esandako hitz batzuk gogorarazi dizkio Félix Bolaños ministroari: “XXI. mendeko Espainiak egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermearen aldeko estatu-politiketan sakondu behar du. Izan ere, memoria, egia, herritarren eskubidea da, eta batez ere biktimen eskubidea da”, eta dei egin dio “erakusteko orain ez direla hitz hutsak izan, zintzoak baizik, Gobernuaren esku baitago egia argitara ateratzea. Biktima guztiek merezi dute".

Interesatu Zaitez