Aitor Estebanek Sabin Etxean iragarri du 48 zuzenketa jaso direla Estatuko Aurrekontu Orokorren lehen izapidetze fasean, hau da, aurreko urteko negoziaketan lortutakoa “nabarmen” gaindituz. Azpimarragarria da Guggenheim Urdaibai proiektuarentzat 25 milioi gehiago lortu izana, 10 milioi Loiolako EDAR araztegia hobetzeko eta 9 milioi Araban Zadorra ibaiaren ondoko jarduerak egiteko
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Kongresuko Euskal Taldeak Sabin Etxean iragarri du gaur 48 zuzenketa jaso direla Estatuko Aurrekontu Orokorren lehen izapidetze fasean. Hobekuntza hauek dakarte Euskal Autonomia Erkidegoarentzat eta Nafarroako Foru Komunitatearentzat 70 milioi euro gehiago esleitzea. Adostutako kopuruak,beraz, “nabarmen” gainditzen du iazko ekitaldian lortu zena, Kongresuko bozeramaile jeltzale Aitor Estebanek aditzera eman duenez.
Jaso diren funtsak bideratuko dira ekonomia hazi arazteko ekimenetara, hiritargoaren eguneroko bizitzarako ezinbesteko jotzen diren azpiegiturak hobetzera, kultura arloko proiektuak garatzera eta giza eskubideen defentsara. Hauen artean nabarmendu behar dira Guggenheim Urdaibai museoa garatzeko lortu diren 25 milioiak, aurreko proposamenean esleitzen zirenei gehituz osotara 40 milioi euroko kopurua izango baita proiektu honetara bideratuko dena eta, Trantsizio Ekologikoko Ministerioak hitzeman bezala, 10 milioi euro bideratuko dira Loiolako araztegia konpontzeko, hau delarik Gipuzkoako biztanleriaren erdiari urez hornitzen diona; halaber 9 milioi euro bideratuko dira Araban Zadorra ibaiaren inguruak hobetzera.
“Uste dugu balantze ona egiten dugula, gai interesgarriak jasotzea lortu baitugu Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko hiritarren bizimodua hobetzen lagunduko dutenak, baina oraindik espero dugu Gobernuak gai zehatz batzuen inguruan bigarren hausnarketa bat egitea”, laburbildu du Estebanek.
Euskal Taldeko bozeramaileak azaldu duenez, lehen aldiz eta EAJ-PNVk aurkeztu duen zuzenketari esker, programa bat sortuko da giza eskubideen defentsan ari diren pertsonak aldi baterako babesteko. “Euskadin urteak daramatzagu honekin, baina Estatuan ez da orain arte halakorik planteatu”. Ildo beretik lortu da portuko tasak ordaintzetik salbuestea izaera humanitarioa duten edo osasun gaietara dedikatzen diren ontzientzat, hauen artean Aita Mari itsasontziarentzat.
Jaso diren hainbat zuzenketa, 14, kultura arloko jardueretarako dira. Hala, eta Guggenheim Urdaibairen garapenaz gain, arestian esan bezala, zeinarentzat “arauzko moldatze batzuk” egingo baitira, partidak aurreikusi dira askotariko fundazio,museo, jaialdi eta antzokietarako. Hauen artean Estebanek nabarmendu du zuzentzea lortu dela Euskaltzaindiak orain arte sufritzen zuen “diskriminazioa”, izaera bereko Kataluniako eta Galiziako erakundeekin alderatuta, eta Sestaoko “Labe Garaia” behin betiko eraberritzeko 4 milioi euro esleitu direla.
Azpiegiturei dagokienez, osotara 22 milioi euroko kopurua lortu delarik, Estebanek azaldu du tren geltokiak egokitzeko eta eraberritzeko esleitu diren 22 milioi horiekin Eusko Jaurlaritzak EAJ-PNVk aurreko aurrekontuetan sartutako zuzenketei esker onartu diren proiektuei jarraipena eman nahi diela. Bestetik, 10 milioi bideratuko dira Loiolako EDARerako eta Zadorra inguruko lanetarako, arestian esan bezala, eta 300 mila euro Santurtziko portuko lanetarako.
Euskal Taldeko bozeramaileak ildo beretik nabarmendu du zuzenketak onartu direla kostaldean egin nahi diren proiektuetarako. Hauen artean Sukarrietan egin nahi den oinezkoen ibilbiderako 600 mila euro eta Kontxako pasealekuan jarduerak egiteko dirua jasotzeaz gainera, 6 milioi euro bideratuko dira Orioko Oribarzarrera, Txurrukako aterpetxeari kokapen berria emateko azken Kosta Legea onartu denez geroztik.
Azkenik, Estebanek gogora ekarri du jarduera ekonomikoa bultzatzea eta produkzioan egin beharreko transformazioa beti izan direla Euskal Taldeari “interesatu zaizkion gaiak”, eta horregatik 7 milioi eurotik gorako kopurua lortu da Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Nafarroan B+G esparruko proiektuak garatzeko. Hauen artean daude Mubil Fundazioa, Deustuko Unibertsitatea edo Nafarroako CENER zentroa.
“Oraindik espero dugu Gobernuak gai batzuen inguruko hausnarketa egitea”, baieztatu du Estebanek. Hauen artean aipatu du Euskal Taldeak garraioa diruz laguntzen jarraitzeko egin duen proposamena; kontratu publikoen prezioen berrikusketa, inflazioaren gorakadari langileen soldata egokiro igotzeko; edo Sahararentzako laguntzak “bereziki politikoki bizkarra eman zaien une honetan”. “Espero dut zuzenketa hau aurrera atera ahal izatea, Gobernuaren oposizioarekin bada ere”, amaitu du.
GARRANTZITSUA: Ondorengo estekan kontsulta daitezke Euskal Taldeak aurkeztutako zuzenketak, txostenean jasota geratu direnak: https://kongresua.eaj-pnv.eus/eu/agiriak/20606/enmiendas-del-grupo-vasco-incorporadas-en-ponencia