Alkatetza berreskuratzeko aurkezten den hautagaiak bere esker ona adierazi du “Uri Batzarrean bertan eta kalean erakutsi didaten babesagatik”; “indarberritu egin nau eta gero eta argiago erakusten dit hartutako erabakia zuzena dela”
Olatz Urkiza Atutxa (Igorre, 1977) izango da, maiatzeko udal hauteskundeetan, Igorreko Alkatetza berreskuratzera begira EAJ-PNVk aurkeztuko duen hautagaia, eta oso argi dauka: “Igorre berpiztera gatoz eta talde-lanetik eta elkarrizketatik egingo dugu”. Printzipio sozial sendoak dituen emakumea da; gogotsu sentitzen da, baina erronka izugarria dela aitortu du. “Erantzukizuna izugarria da, baina Uri Batzarrean zein kalean erakutsi didaten babesa ikusteak, indarberritu egiten nau. Ziur nago hartutako erabakia zuzena dela”.
Urkiza Igorreko zinegotzi izan zen 2007-2011 eta 2011-2015 legegintzaldietan eta Igorre azken urteetan noraezean joan dela deitoratu du. “Agerikoa da EH Bilduren gobernu-taldearen lidergorik eza; eta ez bakarrik Igorren herri gisa, baita Udalean bertan ere. Ez dute egin igorreztarrek mereziko luketena, eta horrek ekarri ditu desgobernua eta konpondu ezin den gelditasuna”, kritikatu du. “Hasiera batean saldu zuten guztitik ez dute ia ezer egin; auzoei kasurik ere ez diete egiten; kultur eskaintza ia ezereza da, ez gazteentzat, ez adinekoentzat; gure kaleen oinarrizko mantentze-lanak ere ez dira ikusten”, azaldu du. “Azken urteotan Igorren izan ditugun hobekuntza gehienak beste erakunde batzuetatik heldu zaizkigu, hala nola Mankomunitatetik edo Aldunditik”.
Edozein kasutan, Alkatetzarako aurkezten den hautagaiak begirada positiboari eutsi nahi dio eta uste du herritarrek jakingo dutela baloratzen EAJ-PNVren udal taldeak egin duena, oposizioan egonda ere. “Beste aldean egonda, ezinezkoa izan da proiektu handiak aurkeztea, baina lan handia eta oso ona egiten duen udal talde bat dugu; gatazkarik sortarazten ez duena eta proposamenak egiten dituena; baina Udalean ezezkoaren politika da nagusi eta ezer ez da aurrera ateratzen. Ez da guztien ongizatea baloratzen, beti ezezkoan dagoen gobernu-taldearen jarrera baino ez da lehenesten”, azaldu du. “Udala berriro martxan jarri behar dugu. EH Bilduk Udalean daramatzan urteetan, langile-taldea banatzea besterik ez du lortu eta berriro batzeko gai izan behar dugu, barne funtzionamenduaren onerako, baina, batez ere, herriaren onerako. Pertsona horiek berriro liluratu behar ditugu, eta lantalde bat sortu lan-ildoak denon artean partekatzeko. Horrela bakarrik bermatu ahal izango dugu gure udalerriarentzat etorkizunik onena”, ziurtatu du. Lehenik eta behin, “gauza txikiak egingo ditugu, baina talde horretan lan egiten duten pertsonek giro onean lan egiten badute, entzunak eta baloratuak direla sentitzen badira, dena onerako izango da. Kontua da helburu komun bat partekatzea: Igorre”.
Ildo horretan, hautagaiak uste du gauza txiki horiek udalerriaren eta, batez ere, auzoen mantentze eta garbiketa izan daitezkeela. “Igorre erdigunea baino askoz gehiago da. Gure auzoak protagonista izan behar dira; irisgarritasuna hobetu behar da, azpiegitura birgaitu, hiri-altzariak aldatu edo argiak berritu, besteak beste”. Era berean, nabarmendu du Igorre berpizteko lan horretan industrialdearen hobekuntza bultzatuko dela eta adin guztientzako agenda kultural bat proposatuko dela, garraio publikoaren erronka ahaztu gabe.
Olatz Urkiza ezkonduta dago eta hiru neraberen ama da. Igorren jaioa, Garbe auzoan igaro zuen haurtzaroa. Igorreko institutuan ikasi zuen eta, 18 urterekin, Erresuma Batura joan zen. Bertan, Ingelesa eta Informatika ikasketak egin zituen. Baina, sei urte geroago, herriminak deituta, bere herrira itzuli zen, Igorrera, eta ordutik bertan bizi da, orain Mikele auzoan. Aholkularitza enpresa batean lan egiten du, eta boluntariotza lanetan murgilduta dago. Alde batetik, elizan laguntzen du; “laikoa naiz eta parrokian laguntzen dut, bai begirale gisa, bai apaizik gabeko mezetan”. Era berean, “Igorren badugu elkarte bat familiei laguntzen diena beren senideen hileta elizkizunak kudeatzen eta ordaintzen; talde horren idazkaria naiz eta administrazioarekin laguntzen diet”. Horri guztiari gehitu behar zaio EAJ-PNVren Igorreko Uri Buru Batzarreko kide dela.
Libre geratzen zaion denbora apurra familiari ematen dio, “errutinan murgilduta gaudenean faltan botatzen dugun kalitatezko denbora hori; asko gozatzen dut”, baieztatu du.Garbeko jaiez eta azokaz ere gozatzen duela aitortu du “asko, gainera”. “Herritar talde batek sortua da, gure aita ere talde horretan zegoelarik”, esan du, eta aurtengoarekin egin du bere 42. edizioa.