Aldundiak 2023ko Aurrekontuen Foru Arauaren proiektua erregistratu du Bizkaiko Batzar Nagusietan

Aldundiko sail bakoitzeko arduradunek azaroaren 8tik aurrera azalduko dituzte euren kontuak Ogasun eta Finantzetako batzordean. Herritarrek hamar eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko Batzar Nagusien webguneko ‘Herritarren Atariaren’ bitartez.

Aldundiak 2023ko Aurrekontuen Foru Arauaren proiektua erregistratu du Bizkaiko Batzar Nagusietan 31Urriak
2022
2022 UrriaK 31 |
Bizkaia BBNN

PARTEKATU

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak 2023ko Lurraldeko Aurrekontuen Foru Arau Proiektua jaso du gaur goizean José María Iruarrizaga Artaraz Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren eskutik. Horrela ematen zaio hasiera Bizkaiko Batzar Nagusietako tramitazioari. Aurreikuspenak betetzen badira, prozedura hurrengo hilabete bietan luzatuko da.

Batzar Nagusietako Mahaiak araugintza-proiektua onartu ostean, foru diputatuek euren sailen kontuak azaldu beharko dituzte informazio-batzordeetan. Azaroaren 8tik aurrera, sail bakoitzeko arduradunak Ogasun eta Finantzetako batzordera joango dira hurrengo urterako jarduketa-ildo nagusiak eta proiektuak zehaztera. Fase hori herritarren alegazio-aldiarekin bat etorriko da.

Aurrekontuak herritar guztiek parte har dezaten irekiko dira berriro, Batzar Nagusietako araudiak jasotzen duen moduan. Aste honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek jjggbizkaia.eus webguneko ‘Herritarren Atarian’ azalduko dute araugintza-proiektu osoa, bizkaitarrek euren ikuspuntuak, iradokizunak eta aldaketak helarazteko aukera izan dezaten. Epea hamar egunez egongo da zabalik, azaroaren 2tik 12era bitartean.

Aurrekontuen eztabaida prozesua urtea amaitu baino lehen bukatzeko dago antolatuta. Horretarako, diputatuen agerraldien ostean, eta dokumentua herritarren alegazioei zabaldu eta gero, Mahaiak, Batzar Nagusietako bost taldeek (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) 9.808,1 milioi euroko aurrekontuei zuzenketa-eskeak aurkezteko epea zabaldu beharko du. Horietatik 1.540,5 milioi foru-sailen esku egongo dira. 

Zuzenketa-eskeen aldia itxi ondoren -seguruenez azaroaren 30ean-, Batzar Nagusiek zuzenketa-eskeak aztertuko dituzte, lehenengo osokoa deitu aurretik, osoko zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko. Seguruenez, abenduaren 13an egingo da. Osoko horren ostean, hala bajagoko, zuzenketa-eske partzialak batzordean eztabaidatuko dira. Eta Batzar Nagusietako tramitea hilabete horren amaieran bukatuko litzateke -seguruenez abenduaren 28ean-, Ogasun eta Finantzetako batzordetik igaro ostean geratzen diren zuzenketa-eske partzialak aztertuko dituen beste osoko batekin.

Interesatu Zaitez