Jeltzaleek justifikatu egin dute Aurrekontu Orokorrei aurkeztutako osoko zuzenketen kontra bozkatu izana berrikitan adostu diren akordioekin “galdutako konfiantzaren zati bat” berreskuratu zela esanez, baina baieztatu dute Kontuak “hobetzeko aukera egon badagoela” “Euskal Agenda are sakontasun handiagoarekin lantzeko”
Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak, aurreko ostiralean iragarritakoaren ildotik, Aurrekontuei aurkeztu zaizkien osoko zuzenketen kontra bozkatu du, baina Espainiako gobernuari ohartarazi dio “bide luzea” geratzen dela oraindik 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak adosteko.
Gaur Kongresuan egin den eztabaidan, Euskal Taldearen bozeramaile ekonomikoak, Idoia Sagastizabalek, baieztatu du “galdutako konfiantzaren zati bat” berreskuratu dela EAJ-PNVk azken egunotan lortu diren akordioei esker eta aurreko aurrekontuen inguruan hitzeman ziren itunen betepenari “bultzada” eman zaiolako, baina gaineratu duenez “tartea egon badago Kontuak hobetzera begira desadostasunak eztabaidatzeko eta Euskal Agenda are sakontasun handiagoarekin lantzeko”.
Bilkuran hitz egiteko izan duen tartean, Sagastaizabalek Espainiako gobernuarekiko “argiak eta ilunak” azaldu ditu eta bigarren horien artetik nabarmendu du “Gobernuaren agenda legegilearen joera zentralista, bereziki zergen arloan”, eta horrek dakartzan zailtasunekin bankuen eta energiaren gaineko zerga berriak adosteko orduan, “Euskal Taldearentzat funtsezko diren gaiei eman zaien abiadura geldoa” edo “benetako kogobernantzarik eza” Europako Funtsen kudeaketan. Azken gai honi dagokionez Sagastizabalak erreklamatu du “Funtsen eta PERTEen birdiseinuan aurrera egitea lurraldeen eta sektoreen beharrizanetara egokitzeko” eta aldi berean eskatu du “gainerako administrazioekin elkarlanean Funtsen Adenda diseinatzeko lanean aurrera egitea, mailegu horien irizpide eta baldintzak ezartzera begira”. “Argien” arloan, Sagastizabalek azaldu ditu azken egunotan eman diren “aurrerapausoak”, aukera eman baitute negoziaketaren lehen fasean “konfiantza giroa berrezartzeko”, besteak beste Kupoaren Bosturtekoa berritzeko, ministro andreak berak bere erantzunean konfirmatu duen bezala.
Aurrekontuen proiektuko zenbaki eta partidei dagokienez, diputatu jeltzaleak deitoratu du 2023rako Aurrekontu Orokorrek ez dutela jasotzen “Euskadirako inbertsio publikoen isla egokia”. Hala, baieztatu duenez “itxura batean aurreko urtearekin alderatuta gorakada bat ematen den arren, igoera hori da 2022an negoziatu ziren proiektuei jarraipena emango zaielako, hauek ere EAJ-PNVk Aurrekontuetan sartutakoak direlarik”; halaber “pendiente jarraitzen dute 2022ko Aurrekontuen inguruko akordioen ondorio diren hainbat neurri”, besteak beste EAEko tren azpiegiturei dagozkienak.
Halaber, diputatu jeltzalea kritiko agertu da Espainiako gobernuak Aurrekontuen proiektu hau egiteko egin dituen planteamenduetako batzuekin, nazioarteko organismo batzuek kritikatutakoak, baina baieztatu duenez “zuzena da aitortzea egungo egoeran zail gertatzen dela aurreikuspenak egitea eta asmatzea”.
Hain zuzen ere eta EAJ-PNVk “erakundeei egonkortasuna eman behar zaiela” uste duelako, are gehiago oraingoa moduko ziurgabetasunaren eta aldakortasunaren aurrean, eta kontuan hartuta “hiritargoak elkarrizketa, negoziaketa eta akordio zabalak bilatzea” exijitzen duela, Sagastizabalak Montero ministro andreari eskatu dio zuzenketa partzialen izapidean akordio bat adostea, zeinak aurkezteko epea bihar bertan amaitzen baita. Negoziaketa horretara “asmo eraikitzailearekin” joango da Euskal Taldea.