Ortuzar EAJ-PNVren ordezkaritzaren buru izango da Kanariar irletan PDEk egingo duen foroan, eta CCrekin egingo den alde biko bileran parte hartuko du

Ordezkaritza jeltzalea Palma bisitatuko du sumendiaren azken erupzioak utzitako ondorioak lehen eskutik ezagutzeko

Ortuzar EAJ-PNVren ordezkaritzaren buru izango da Kanariar irletan PDEk egingo duen foroan, eta CCrekin egingo den alde biko bileran parte hartuko du 27Urriak
2022
2022 UrriaK 27 |
EBB

PARTEKATU

Euzkadi Buru Batzarraren presidente eta PDE-Europako Alderdi Demokrataren presidenteorde exekutibo Andoni Ortuzar gaur arratsaldean Kanariar irletara bidaiatuko den EAJ-PNVren ordezkaritzaren buru izango da PDEk bihar Santa Cruz Tenerifekoan egingo duen foroan parte hartzeko eta larunbatean Palman Coalición Canariaren zuzendaritzarekin alde biko topaketa egiteko. Ortuzarrekin batera, jeltzaleen ordezkaritza osatuko dute Antolakuntza Arloko burukide Joseba Aurrekoetxeak; Kanpo Ekintzetarako burukide Mikel Burzakok; EBBren idazkari Mireia Zaratek; eta EAJ-PNVren Kanpo Ekintza Batzordearen arduradun eta PDEren idazkari nagusi Jose Mari Etxebarriak.

PDEk Kanariar irletan egingo du ostiralean 'Europarentzako irtenbideak' izenburuko foroaren laugarren topaketa, eta bertan parte hartuko dute PDEren ordezkariek, EAJ-PNV eta Coalición Canaria alderdien ordezkariek, enpresa sektore berritzaileetako ordezkariek, gobernuz kanpoko erakundeek, Max Orville eta Stéphane Bijoux Europako Parlamentuko diputatuek, Kanariar Irlen antzeko erronkak dituzten Europako erregio ultraperiferikoetako ordezkariek eta PDEren kide diren alderdietako ordezkariek.'Europarrentzako irtenbideak' izeneko kanpaina PDEk jarri zuen abian 2022ko otsailean Angers-en (Frantzian) eta orain arte bi bilkura egin ditu, Krakovian (Polonia) eta Brnon (Txekiar Errepublika). Foro honetan PDEk aztertzen ditu toki mailan garatu diren erronkak, irtenbideak eta ideia bereziak, Europak alderdi demografikoan, ekonomian, gizartean eta hezkuntzan egun dituen erronketako batzuetarako irtenbideak planteatzen dituztenak.

Egitaraua, Santa Cruz Tenerifekoko Taburiente Hotelean garatuko da eta goizeko 9:00etan hasiko da ostiralean Coalición Canaria alderdiko idazkari nagusi Fernando Clavijoren, Kanariar irletako Parlamentuko presidenteorde Rosa Dávilaren eta EBBren presidente eta PDEren presidenteorde exekutibo Andoni Ortuzarren hitzekin. Jarraian, EBBren idazkari Mireia Zaratek moderatzaile lanak egingo dituelarik,'Izpiritu enpresariala bultzatzea, tokian tokiko ekonomia dibertsifikatzea eta gazteen langabeziari aurre egitea' izenburuko lan-mahaia garatuko da. Burzakok parte hartuko du jardunaldien barruan egingo den bigarren lan-mahaian non Europa eta Afrikaren arteko harreman ekonomiko, politiko eta sozialak aztertuko diren. Hirugarren eta azken lan-mahaian aztertuko da energia berriztagarrien egoera Europako Batasuneko herrialdeetan. Foroa arratsaldean itxiko du Ortuzarrek berak PDEren ordezkaritzaren buru gisa.

Larunbat goizean ordezkaritza jeltzalea Palmara joango da bertan Coalición Canaria alderdiko buruekin eta erakundeetako ordezkariekin batzartzeko. Alderdi horrekin adiskidetasun harreman sendoak ditu EAJ-PNVk eta estrategia eta lankidetza partekatzen ditu CEUSen barruan, koalizio horretan aurkeztu baitziren biak 2019ko Europako Hauteskundeetara eta atera zituzten emaitza onen ondorioz Izaskun Bilbao Barandica jeltzaleak eserleku bat du Europako Parlamentuan. Euskadiko ordezkariek Palman daudela aprobetxatuko dute Sergio Rodriguez El Pasoko alkatearen eskutik (CC) zuzenean ezagutzeko Cabeza de Vaca izeneko tokian 2021ko irailean irla horretako sumendiak hasi zuen erupzioak utzi dituen ondorioak.

Interesatu Zaitez