2030erako klimari dagokionez neutroak izango diren Europako lehen 100 hirietako bat izateko hautagaitza aurkeztu du alkateak.
Ostegunera arte, hilak 17, iraungo duen Querétaroko (Mexiko) Michelin Hirien Nazioarteko Sarearen 3. konferentziaren inaugurazio-jardunaldian parte hartu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Alkateen mahaian parte hartu du Urtaranek, 2030erako neutraltasun klimatikoaren helburua lortze aldera Gasteizen bideratzen ari diren ekimenak azaltzeko.
Klima-aldaketa arazo globala bada ere, munduko hiri guztietan dituela ondorio zuzenak, adierazi du. “Planeta osoaren ingurumen-erronkarik larrienaren aurrean gaude, eta argi eduki behar dugu gizakiak eragina dela arazoa”, gehitu du. “Nire agintaldiaren hasieratik, hau da, 2015etik, zuzenean inplikatu ginen klima-aldaketaren kontrako borrokan; Parisko klimaren gailurrean parte hartu genuen, eta sinatu egin genuen han lortutako akordioa”, gogora ekarri du.
Europako Itun Berdea aurkeztu zuen Europar Batasunak 2019. urtearen bukaeran, eta 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzea finkatua dago helburutzat bertan. Europako Kontseiluak, berriz, berotegi-efektuko gasen emisioak 2030erako —1990ekoen aldean— % 55 murrizteko helburua berretsi zuen. Era berean, 2019an, Gasteizko Udalak, zeinek orain duela hamabost urte baino lehenagotik ekina baitzion klimaren aldeko ekintzari, Gasteizko Itun Berdea aurkeztu zuen.
Klima Aldaketaren kontra Borrokatzeko Plana (2010-2020) garatu ondoren Udala hurrengo hamarkadarako bi ekintza-plan ezartzen ari dela zehaztu du Gorka Urtaranek: bata trantsizio energetiko integraturako eta bestea klima-aldaketara egokitzeko, zeinen buruan 2030eko Klimaren eta energia iraunkorraren ekintza-plana etorriko baita.
Oraingoz, helburuetako zenbait lortu dira, hala nola kontsumitzen dugun energia % 2 murriztea edo berotegi-efektuko gasen emisioak % 30 gutxitzea. Petrolio-kontsumotik gas-kontsumora aldatzearen, energia berriztagarriek energia-sorkuntzan duten partea handitzearen eta biomasaren gisako iturri berriztagarriak baliatzearen ondorio da berotegi efektuko gasen emisioen murrizketa hori. “Portzentaje horiek jaisten jarraitzea da helburua”, azpimarratu du alkateak. Izan ere, hauek dira 2030erako erronkak: energia-kontsumoa % 30 murriztea, 2006koaren aldean, eta berotegi efektuko gasen emisioak, berriz, % 61,5; eskariaren % 43ko elektrifikatze-maila lortzea eta energia berriztagarrien kontsumoa % 12ra iristea.
Misio europarra
Querétaron bertan, 2030erako klimari dagokionez neutroak izango diren Europako lehen 100 hirietako bat izateko Gasteizen hautagaitza aurkeztu du alkateak, Michelin Hirien Sareko ordezkarien aurrean. Hain zuzen ere, zenbait aste barru izango da talde horretarako hautatzen dituzten udalerrien izenen berri.
Bere gain hartuak dituen sei konpromisoak aurkeztu ditu Gasteizek bere hautagaitzaren alde: eguzki-energian oinarritutako sistemak ezartzea, udal-instalazioak hornitzeko; 3.800 etxebizitza eraberritzea, energia-efizientziaren arloko irizpideekin; garraio publiko osoa elektrifikatzea, tranbia eta bus elektriko inteligentea hedatuz; gertuko produktuen eskaria bultzatzea, ekonomia zirkularraren bitartez; hiri-azpiegitura berdeak sustatzea, eta baso-azalera handitzea, karbono-aztarna konpentsatzeko.