Vitoria-Gasteizko alkate eta Eudelen presidenteak parte hartu du `Entzunez Eraiki´ entzuketa aktiboko prozesuaren barruan EAJ-PNVk Artium Museoan gaur egun duen topaketan
Oharra: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Jendeari entzutea, bere beharrak ezagutzea eta erakundeen bidez bideratzea da antidotorik onena muturreko eskuinaren gorakadari aurre egiteko”. Hori da Vitoria-Gasteizko alkate eta Eudel erakundearen presidente Gorka Urtaranek gaur zabaldu duen mezu nagusia, EAJ-PNVk EAEko hiriburuko Artium Museoan `Entzunez Eraiki´ entzuketa aktiboko prozesuaren baitan egin duen topaketan. Barne bilera izan da gaurkoan jeltzaleentzat, eta Urtaranekin batera, bertan izan dira EAJko hainbat herri eta barne ordezkari, hauen artean Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea, José Antonio Suso Araba Buru Batzarraren presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako Foru Ahaldun Nagusia eta Arabako Batzar Nagusietako presidente Pedro Elosegi.
“Euzko Alderdi Jeltzaleak entzuketa prozesu hau jarri du abian, berriro ere, gizarteari pultsua hartzeko lanketa egin dezagun, pandemiak, murrizketek eta gure arteko urruntzeak baldintzatu dizkiguten urte bi hauen ondoren. Gaurko hau da Alderdiaren eguneroko bizitzan parte hartzen dugun kideen arteko topaketa, baina halako beste bilera batzuk egingo ditugu EAJko alderdikide izan ez arren, inguruan nahi ditugun pertsonekin, beren iritziak eta asmoak ezagutzeko, bai eta beren kezkak eta ilusioak ere. Horiek denak entzun nahi ditugu eta gure lan egutegian txertatu, epe labur, ertain eta luzera aurreikusten dugun lan politikoa definitzeko”, azaldu du Urtaranek. Arabako hiriburuko alkatearen aburuz “Ez dira garai samurrak gizartearentzat, esparru sozialean, familietan eta arlo pertsonalean horren urte konplikatu bi bizi ondoren. Baina, politikarentzat ere ez dira errazak izan, egunotan estremismoekin eta populismoekin hain baldintzatuta” . Horren ondorioz gertatu da “jarrerak gero eta erradikalago bihurtzea” eta ” horrek aukera gehiago eta handiagoak ematen dizkio muturreko eskuinari, duela gutxi eta hemendik hurbil ikusi ahal izan dugunez, Gaztela eta Leonen, hain zuzen”. Urtaranek adierazi duenez mehatxu horri aurre egiteko “EAJn uste dugu jendeari entzutea, harekin konektatzea, bere kezkak eta nahiak ezagutzea, eta horiek denak eraginkortasunez eta zintzotasunez bideratzea dela antidotorik onena muturreko eskuinaren gorakadari aurre egiteko. Hori ere bada, Vitoria-Gasteizko udalean azken zazpi urteotan egin dugun lanaren gidalerro nagusia, eta hori ere bada EAJ-PNVren printzipioa, bereziki orain, Entzunez Eraiki entzuketa aktiboko prozesuari heltzeko orduan, eta horretara etorri gara gaur Artium Museora”.