EAJ-PNV pozik agertu da hurrengo LEPak hobetuko dituen eta behin-behinekotasuna murriztuko duen lege bat onartzeagatik

Eusko Legebiltzarrak enplegu publikora iristeko eta finkatzeko prozesuak erraztuko dituen Legea onartu du gaur. "Segurtasun juridikotik eta gure eskumenen barruan jarduten dugu. Legea, Estatuko araudiak ezartzen dituen mugekin, erabakigarria izango da egonkortasunerantz aurrera egiteko eta behin-behinekotasuna murrizteko", esan du Estibaliz Larraurik

EAJ-PNV pozik agertu da hurrengo LEPak hobetuko dituen eta behin-behinekotasuna murriztuko duen lege bat onartzeagatik 11Azaroak
2021
2021 AzaroaK 11 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

"Haratago joatea gustatuko litzaiguke, baina gaur onartuko dugun legeak berme juridiko guztiak ditu eta enplegu publikoa sendotzeko baliagarria da". Estibaliz Larrauri legebiltzarkideak Estatuko oinarrizko legediak enplegu publikoaren arloan ezartzen dituen mugak deitoratu ditu, eta Eusko Jaurlaritzak eta EAJ-PNVk baldintza horiek gainditzeko eta legeak berme osoz egiteko egindako ahaleginak azpimarratu ditu. Egonkortasunarekiko, belaunaldi-erreleboarekiko eta behin-behinekotasunaren murrizketarekiko konpromisoaren adibide da, esan duenez, gaur goizean Eusko Legebiltzarraren babesa jaso duen legea: Kidegoen eta Eskalen Legea, jeltzaleek eta sozialistek berretsia.

Hurrengo lan-eskaintza publikoetarako "giltzarri eta funtsezko" Legea dela esan du Larraurik, eta, horren arabera, lege honen garapenak tresnak emango ditu funtzio publikorako sarbidea antolatzeko eta jada administrazioan lan egiten duten pertsonei balorazio handiagoa emateko, betiere lan-eskaintza publikoak arautzen dituzten berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak errespetatuz. Sendotze-prozesuak ahalbidetzeaz gain, legeak, xedapen baten bidez, aukera ematen die euskal administrazio publikoei prozesu horiek lehiaketa moduan egiteko. Azken kasu horretan, betiere Estatuko legeriaren babespean. Larraurik gogorarazi du ez gaudela lege integral baten aurrean, eta euskal enplegu publikoaren eredua aldatzeko beharrezkoa izango dela Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari diren Enplegu Publikoaren Legea onartzea.

Gaur argitara eman den legea Auzitegi Konstituzionalaren epaiak baldintzatu eta mugatu du. Epai horrek baliogabetu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legea finkatzeko Legebiltzar honek 2019an onartutako xedapen bat. Xedapen horrek mugatu egin ditu Eusko Jaurlaritzaren jarduera-marjina eta lege berri honen edukiak. Errealitate berri hori aintzat hartuta, Larraurik gaur onartutakoari balioa eman dio, eta Estatuko oinarrizko legedian aldaketak egiteko eskatu dio Estatuari, EAEk gaitasun handiagoa izan dezan bitartekotasun-tasen moduko arazoei aurre egiteko orduan. EAJ-PNVko ordezkariak gogora ekarri du euskal taldeak kongresuan enplegua finkatzeko egiten ari den lana. Bi jarduera-ildo ireki ditu: enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren berrikuspena eta Aurrekontuen Proiektua. Bi prozesuetan, euskal administrazioen autoantolaketarako gaitasuna mugatzen duten "enplegua finkatzeko modua eta baldintzak zehazteko eta birjarpen-tasak edo kontzeptu baliokideak ezabatzeko" borondatearekin.

Interesatu Zaitez