Euskal Taldeak Trans Legearen izapidetzea babestu du

“Gure derrigorra eta betebeharra da pertsona transexualekin daukagun zor historikoari erantzutea”, esan du Joseba Agirretxeak

Euskal Taldeak Trans Legearen izapidetzea babestu du 18Maiatzak
2021
2021 MaiatzaK 18 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak gaur bozkatu du Pertsona transexualen benetako berdintasunaren aldeko Lege Proposamena aintzat hartzearen alde. “Gure derrigorra da, bai eta gure betebeharra ere, pertsona transexualekin daukagun zor historikoari erantzutea”, baieztatu du Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak osoko bilkuran.

Hitz egiteko izan duen tartean, Euskal Taldean berdintasun gaietarako bozeramaile denak aldarrikatu duenez “pertsona guztien arteko berdintasuna da mundu osoan aitortzen diren giza eskubide guztien oinarrizko zutabea”, eta jarraian gogoratu duenez “pertsona transexualek bidegabekeria pairatu dute, bai eta diskriminazioa eta zaurgarritasun handia ere”.

Horregatik eta, parlamentuko izapidean zuzendu beharko liratekeen eskuduntzen inbasioak egiten direlako, proposamenaren testu osoarekin ados egon ez arren, Agirretxeak esan du ekimena “egokia eta beharrezkoa” dela gaur egungo araua zaharkituta geratu delako eta “pertsona transexualek identitate sexualarekin arazorik ez dutelako, gainerakoak baikara beren nortasunarekin eta beren generoarekin arazoa dugunok; behar bada, gainerakoak gara disforia dugunok, eta ez haiek”, baieztatu du. Areago, Agirretxeak gogoratu du Europako Kontseiluak ezarri zuela autodeterminazioa dela generoa ezartzeko tresnari onena. “Herriekin gertatzen den bezala, ez baitute inoren gidaritzarik behar beren erabakiak askatasunez hartzeko”, adierazi du.

Azkenik, Agirretxeak kritikak egin dizkio Espainiako Gobernuak alor horretan erakutsi duen gelditasunari. "Moncloako izozkailuan hibernatzen utzi baitu bere proposamena, pertsona transexualekin duen betebeharrari eta erantzukizunari jaramonik egin gabe". Era berean, adierazi duenez, EAJ-PNVri "kosta egiten zaio feminismoaren kontzepzio jakin bat ulertzea, zeinak pertsonek beren generoarekin eta sexuarekin izan dezaketen sentipen indibidualaren determinazio askea gidatu eta murriztu nahi baitu. Feminismoa ezin da baztertzaile izan, ezta beste emakumeen errealitatearen ukatzaile ere; hori ez da feminismoa, hori inposaketa da”, amaitu du.

Interesatu Zaitez