Nazio Batuen Erakundea (NBE) sortu zen mundu gerra baten erdian, milioika bizitzaren galera ekarri zuen zorigaiztoko une historiko hartan, gizaterian izua nagusi zen momentuan, pertsonaren dimentsio deshumanizatzailearen gorenean. Funtsean, III. Mundu Gerra eragozteko sortu zen
Nazio Batuen Gutuna, bere tresna eratzailea, 1945eko urriaren 24an sartu zen indarrean – gaur 75 urte – eta bere helburu nagusiak ziren bakea eta segurtasuna lortzea, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatuz. Espiritu eta helburu horiek berberak partekatu zituzten garai hartako EAJ-PNVko, buruek. Horren erakusle dira, esaterako, euskal ordezkarien parte hartzea 1945eko San Frantziskoko Konferentzian edo Agirre Lehendakariak Trygve Halvdan Lie Nazio Batuen Erakundeko lehen idazkari nagusiarekin izandako bilera.
75 urte hauetan egindakoari begiratuta, Nazio Batuen Erakundeak argi-ilunen balantzea egin lezake. Denbora honetan ez da gai izan munduko eskualde ezberdinak suntsitzen ari diren gatazka armatuetako batzuk konpontzeko, horietako batzuk neurri batean arintzen lagundu duen arren. Batzuk, Palestina edo Kaxmirra astintzen dutenak bezala, erakundea bera bezain zaharrak dira; beste batzuk berriagoak dira, Yemen, Siria edo Libiakoak kasu. 1948ko abenduaren 10eko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak ere ez zuen giza eskubideen urraketarekin amaitu, oraindik ere zigorrik gabe urratzen baitira, baina bai lagundu du giza eskubideen urraketa prebenitzen haien adierazpen guztietan, hala nola torturan, heriotza-zigorrean edo jazarpen arbitrarioan, eta, aldi berean, premia duten herriei elikadura, osasuna eta hezkuntza eskuratzeko aukera eman die.
Erakundearen bertuteak aitortu eta akatsak identifikatu ondoren, eta sortu zenetik 75 urte igaro direla gogoratuz, uste dugu NBEk berrikuntza sakona behar duela, bai barne-egituretan (Segurtasun Kontseilua eta Batzarra), bai errealitate geopolitiko berrietara egokitzeko duen gaitasunean. Eta eguneratze horri ekiteko, kontuan hartu beharko da eskualde-potentzia berriak sortu direla, XXI. mendeko erronka berriei modu eraginkorragoan erantzun ahal izateko, bake- eta segurtasun-helburu kolektiboak berreguneratzea xede.
Beharrezko gertatzen da Segurtasun Kontseiluaren osaera eraberritzea, hierarkiak eta beto-eskubideak ezabatzeko, gehiengo kualifikatu eta sinpleetan oinarrituta funtziona dezan. Errealitate politiko berriek, estatu-nazio klasikoaren higadurarekin eta nazioz gaindiko erakundeen agerpenarekin, kontinente-mailako eskualde-erakundeek Segurtasun Kontseiluan zuzenean parte hartzea eskatzen dute, hala nola Europako Batasunak (EB) edo Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Elkarteak(ASEAN).
Era berean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak gainditu egin beharko luke gomendioak ematera mugatzen den erakunde batek erakusten duen defizit demokratikoa. Ildo horretan, Batzar Legegile bat eratzea proposatzen dugu, Segurtasun Kontseilua kontrolatuko duena eta gehiengoaren ebazpenak lotesle egingo dituena juridikoki, bai eta zehapenak ezartzeko gaitasuna izango duena.
Era berean, NBEren erakunde-unibertsoko organismoetan errealitate politiko berrietarako ordezkaritza-bideak antolatzeko beharra aldarrikatzen dugu, hala nola Estaturik gabeko Nazioetarako eta nazioartean parte hartzeko borondatea adierazi duten eskualde konstituzionaletarako.
Pandemia globalaren mende aurkitzen garela "II. Mundu Gerraz geroztik izan den mehatxurik handiena", Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusiaren arabera, krisi integrala sortu da, eta Planetako biztanle guztien osasunari, ekonomiari, gizarte-bizitzari eta ongizateari eragiten die, baina baita, modu oso negatiboan, mundu osoko askatasunen eta giza eskubideen egoerari ere. XXI. mendean, "demokrazia", "askatasuna" edo "justizia" kontzeptuak narriatzea bezalako arazo kezkagarriei aurre egin behar diegu; baita ingurumenak bizi dituen erronka erraldoiei ere, iraunkor izateko arrisku larrian aurkitzen den planetan; eta erronka sozial erraldoiei: txirotasuna, arrazakeria, desberdinkeria, esklabutza, pertsonen trafikoa, armen trafikoa edo langabezia. Horrek denak erantzunak eskatzen dizkigu, baita globalak ere, nazioarte mailako lankidetza eta nazioarteko eragileen aldeaniztasuna areagotzea ezinbestean ekarri beharko dutenak.
Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vascok, duela 75 urte Nazio Batuen Erakundearen sorreran parte hartu eta erakundea eratzea ekarri zuten helburuekiko atxikimendua adierazi zuenak, hasieratik bezala dauka aldeaniztasunaren ikuspuntutik lan egiteko borondatea, munduak gero eta beharrezkoago baititu lankidetza politikoa eta mundu mailako gobernantza eraginkorra. `Nazioen familia´ kontzeptua nazioarte mailan garatu beharko duen mundua eraikitzea dagokigu, denon onbeharrez lan eginez, txirotasuna desagerrarazteko eta giza eskubideak babesteko tolerantziaren, elkarbizitzaren eta bakearen kulturaren bidez.