Legebiltzarreko talde guztiek, PP-C´s izan ezik, batera adostu dute Vox-ek Eusko Legebiltzarrean aurkeztu eta defendatuko dituen ekimenei ez erantzutea, eta ekimenak bozkatzera mugatuko direla erabaki dute. “Gizarteak konponbideak espero ditu gugandik, eta ez du gatazkarik nahi talde ultraeskuindarrak bere ekimenekin bilatzen dituenak modukoak. Tentsioa baretu beharra dugu”, ohartarazi du Jon Andoni Atutxak
Vox-ek ia bakarrik defendatu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean ohiko osoko bilkura batean aurkeztu duen lehen ekimena. Lege proposamen bat zen, ETAko presoei egiten zaizkien “ongi etorriei” buruzkoa. Gainerako talde politiko guztiek “tentsio politikoa baretzeko” hartu duten erabakiarekin ados, ezein bozeramailek, PP-C´s taldekoak izan ezik, ez du eztabaidan parte hartu. Jon Andoni Atutxa legebiltzarkide jeltzalearen hitzetan “Vox-ek hemen eta beste edozein erakundetan daukan estrategia da suak piztea bilatzen duten eztabaidak ekartzea, giroa nahastu eta tenkatu besterik egiten ez dutenak”. Ildo beretik nabarmendu duenez “gainerakooi geratzen zaigun gauza bakarra da beren jardun politikoa mugatzen saiatzea, hiritarren ordezkari diren aldetik izan ditzaketen eskubideak kaltetu gabe. Martinez legebiltzarkide andreak osorik dauzka politikan parte hartzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna, eta askatasun hori bera daukagu gainerako talde politiko guztiok beren jokoan sartu ala ez erabakitzeko”.
Atutxak politikaren balioa aldarrikatu du “hiritargoaren arazoak konpontzeko tresna gisa. Gaur egun bizi ditugunak moduko une konplikatuetan, gizarteak akordioak, lankidetza eta irtenbideak eskatzen dizkigu. Ez dezagun , beraz, giroa berotu”. EAJ-PNVko legebiltzarkideak alderdi gehienek hartu duten erabaki hori kokatu du iragan uztailean eta abuztuan adostu ziren akordioetan, legebiltzarreko jarduna arautzeko eta talde bakoitzeko aholkulari kopurua zehazteko. Orduan ere, alderdiek ikusi zuten beharrezko gertatzen zela saihestea ultraeskuindarrek agenda baldintzatzea eta Ganbera proposamen supiztailez betetzea. “Gaur goizean gertatu denak bat egiten du planteamendu horrekin. Gaur berresten dugu askatasunaren, berdintasunaren, demokraziaren eta aniztasun politikoaren defentsarekin daukagun konpromisoa, atzera egiteko saiakerei eta mundu mailako krisi honetan planteatzen diren erronka eta mehatxuei aurre egiteko eta muturreko eskuinaren gorakadari eta askatasuna,demokrazia eta aniztasun politikoa moduko baloreak auzitan jartzeko ahaleginei planto egiteko”.