“Defizita Arabako udalekin partekatuko dugu eta Arabako erakundeek behar duten zor ahalmena bermatuko dugu”

Arabako diputatu nagusiak Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan Ogasun Ministerioarekin lortutako akordioak azaldu ditu Batzar Nagusietan

“Defizita Arabako udalekin partekatuko dugu eta Arabako erakundeek behar duten zor ahalmena bermatuko dugu” 05Urriak
2020
2020 UrriaK 05 |
Arabako Foru Aldundia

PARTEKATU

Arabako diputatu nagusiak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die Arabako udalei. Iragan asteazkenean Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan akordioa lortu ondoren, Ramiro Gonzálezek iragarri du defizita Arabako udalekin banatzeko asmoa duela. “Bermatuta geratuko da nola Foru Aldundiaren zorpetze ahalmena hala udalena”, azaldu du. Mezu hori plazaratu du Arabako Batzar Nagusietan egin duen agerraldian, non Ogasun Ministerioarekin lortutako akordioen berri eman baitu. Akordio horietan, euskal aldundiek zorpetze eta defizit ahalmen propioa dutela aitortu da.

Zehazki, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek euskal BPGd-aren gaineko % 0,9ko baterako gehieneko defizita lortu ahal izango dute urte honetarako, eta % 0,8koa 2021erako. Diputatu nagusiak beste urrats bat egin du gaur goizean, defizita lurraldeko udalekin partekatzeko asmoa argi utzita. Banaketaren formula oraindik zehaztu gabe dago, Herri Dirubideen Euskal Kontseilua ez delako oraindik bildu (aurtengo dirubilketa aurreikuspenak itxiko ditu), eta udal bakoitzaren beharrak zein diren jakitea falta delako. Hala ere, Gonzálezek aurreratu duenez, “Banaketa egiteko premisa izango da ezein udal ez dela geratuko behar duen zorpetze ahalmenaren azpitik”.

Arabako agintariak, bere agerraldian, Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioaren garrantzia nabarmendu du; izan ere, akordio horretan aitortu da aldundiek zorpetze eta defizit ahalmen propioa dutela. Aitorpen hori, gainera, 2021etik harago doa. “Aldaketa handia da gure finantza autonomiarako”, adierazi du, pozik, Ramiro Gonzálezek.

Testuinguru horretan, azpimarratu duenez, aste honetan lortutako “akordio garrantzitsuak ziurtasuna ematen du eta Aldundiaren eta Arabako udalen kaudimena bermatzen du unerik zailenetan”. “Inork ez zukeen ulertuko guk eutsi eta, are gehiago, indartu ez izatea gure gizarte politikak eta gure arreta sozio sanitarioa. Inork ez zukeen ulertuko Ogasuna ez doitzea premia berrietara eta ez malgutzea ordainketak egiteko epeak. Itxaron ezin zuten beharrizanak zeuden eta daude. Ekonomiaren suspertzeak eta gizarte politikak hobetzeak ezin dute itxaron”, nabarmendu du.

Alde horretatik, finantzaketa orekatuaren formula baten alde egin du, zeinak zorraren alde ez ezik, gastua lehenestearen alde eta aurreko urteetako aurrezkiaren zati bat erabiltzearen alde ere egingo baitu. Amaitzeko, diputatu nagusiak erakundeen arteko konfiantza balioetsi du; indartu egin da Estatuarekiko akordioan.

“Krisialdi honetatik zerbait ikasi behar badugu, hain zuzen, akordioen, elkarrizketaren eta elkar ulertzearen garrantzia da. Norabide berean arraun eginez eta elkarrengan konfiantza izanik bakarrik lortuko dugu onik ateratzea erronka ekonomiko eta sozial handi honetatik”, esan du, bukatzeko.

Interesatu Zaitez