Bizkaian, "Zu eta ni, maskara beti"

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Juan María Aburto Bilboko alkatea buru izan dira Foru Jauregiko eskaileretan herritarrak maskara erabiltzearen garrantziaz kontzientziatzeko egin den ekitaldian, COVID-19az kutsatzea eragozteko

Bizkaian, 16Uztailak
2020
2020 UztailaK 16 |
Bizkaia

PARTEKATU

Bizkaiko kulturaren, kirolaren eta gizartearen eremuko pertsona ezagunek eta funtsezko zerbitzuen lehen lerroan dauden profesionalek -suhiltzaileak, udaltzainak, Metro Bilbao, Bizkaibus, dendak eta ostalaritza- bere egin dute Eusko Jaurlaritzaren kanpainaren "Zu eta ni, maskara beti" mezua, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin batera, norbera babesteko, besteak babesteko eta COVID-19aren hedapena kontrolatzeko.

Eneko Atxa sukaldariak eta Gurutze Beitia aktoreak helarazi diete mezua herritarrei; denbora batez gure bizitzetan sartuta izango dugun errealitate honetan, oraindik ere zuhur ibili behar dugula dioen mezua: Maskara jarrita eraman behar dugu, eta ondo jarrita. Hala egitea benetan zer den barneratu behar dugu: gizalegezko jokabide bat. Elkartasunezkoa. Errespetuzkoa. Hezibidekoa. Eta, funtsean, guztion osasuna babesteko konpromisoa da: gure familiaren osasuna, gure lagunena, gure auzokideen, lehen lerroan lan egiten duten pertsona guztiena. Gizarte osoarekiko erantzukizuna da, nabarmendu dute.

Etorkizunean birusaren ondorioz kutsatze gehiago egotea saihesteko, herritarrak maskara erabiltzearen garrantziaz kontzientziatzeko egin da ekitaldi hau Foru Jauregian, eta hauek izan dira ere, besteak beste: Joaquín Achucarro piano-jotzailea, Rakel Mateo atleta paralinpikoa, Mikel Urrutikoetxea pilotaria, Leticia Canales surflaria edo Yolanda Aberasturi ile-apaintzailea. Athleticen izenean, Aitor Elizegi presidenteak, José Angel Iribarrek eta Mikel Martínezek parte hartu dute. Bilbao Basketen izenean, berriz, Isabel Iturbe presidenteordeak. Halaber, EUDELeko, Bizkaiko Ostalaritzako Elkarteko eta Bilboko Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteko ordezkariak izan dira ekitaldian.

ITURRIA: BFA

Interesatu Zaitez