EAJ-PNVk, egoeraren jakitun izanik eta une oro bere laguntza eta babesa eskainiz, Udalari bere baliabide guztiak herritarren eskura jartzeko eskatu dio
Pasa den maiatzean, bizi genuen pandemia egoera ikusita, PSEko gutxiengoan dagoen udal gobernuari laguntzeko borondatea adierazi genion. Ez bakarrik hitzen bidez, baizik eta txoke-plana bezalako ekimenak babesten ditugu. Plan horri esker, hainbat familiak eta pertsonak bizi zuten egoerari erantzun ahal izan genion, neurri zehatz eta apartekoekin, guztira 5,7 milioi euro inguru lortzen zituztenak.
Hala ere, hilabeteak aurrera joan ahala, eta bere garaian eman zen erantzuna eta pertsona horiek gaur egun bizi duten errealitatea aztertu ondoren, gure taldeak ikusi eta egiaztatu du lehen Txoke Plan hori ez dela nahikoa izan. Ez du espero genuen bezala funtzionatu, eta horregatik neurri berriak hartzen jarraitu behar dugu. Udalak gehiago egin dezake, eta gehiago egin behar du. Talde politiko guztien artean, koordinazioan lan eginez, hainbat aukera eskainiz eta akordio zabalak lortuz. Identifikatzen ditugun behar guztiei erantzun behar diegu, zoritxarrez, oraindik asko baitira.
Era berean, jakin badakigu osoko bilkuran adostu ditzakegula eta adostu behar ditugula hain beharrezkoak diren neurri berri horiek, eta, horregatik, guzti honetan lehenbailehen lanean hastea proposatzen dugu EAJ-PNVtik. Akordio hori lehenbailehen lortzeko eta, horrela, baliabide berri horiek ahal bezain pronto mobilizatzeko eta martxan jartzeko. 2020ko aurrekontua oso bestelako egoera batean onartu zen, eta hor ezarri ziren lehentasunak ez datoz bat gaur egun bizi dugun errealitatearekin. Hori dela eta, horiek berrikusi egin beharko liratekeela uste dugu, horrela izan litezkeen premiei erantzuteko baliabideak birbideratu ahal izateko. Hori da gure ustetan une honetan egin behar dena. Egoera honi aurre egin behar zaio.
Hilabeteak dira Udalak bere lehentasunak errealitate berri honetara egokitu behar zituela. Are gehiago, ia urte erdi daramagu udal gobernuari alkateak martxoan deitu zuen aurrekontuaren birformulazioa martxan jar dezala eskatzen. Herritar guztien mesederako izango den ekimena, gaur egun erantzunik ez duten beharrak konpontzen eta herritarren ongizatea hobetzen lagunduko duena. Horregatik eta askoz gehiagorengatik, hain baliotsua den puntu honetan, udal-gobernuari gure babesa bermatu nahi diogu.
Etorkizunari dagokionez, datorren urtean zer diru erabili ahal izango dugun oraindik ez dakigun arren, eta hurrengo 2021 Aurrekontuen etorkizuna zintzilik bada ere, gure jarrera aurrekontuak aurrera ateratzeko egokia izango dela adierazi nahi genuke.
Amaitzeko, berriz ere, etorkizuna begien bistatik galdu gabe orainari aurre egiteko egin genuen proposamena gogora ekarri nahi dugu. Baita gure taldeak mugikortasun iraunkorraren, merkataritzaren, ostalaritzaren, kulturaren eta kolektibo zaurgarrenei laguntzen dieten gizarte politiken alde egiten duen apustua nabarmendu ere. Betiere proiektu handiak baztertu gabe, hala nola; trenbide gunearen berroneratzea, Via Irun, 2021-2025 PMUS eta Irun Hondarribiarekin eta Hendaiarekin lotzeko bidegorria. Adostasun handi eta zabala beharko dituzten proiektuak.