Gaur Gernikan egin den Politika Orokorreko osoko bilkuran, adinekoen arretari lotutako zerbitzuak emateko eredua aldatuko dela iragarri du, adinekoak euren etxeetan bizi diren aldia luzatuz eta egoitza-zentroak ahal den neurrian etxeen oso antzekoak izatea lortuz
Ahaldun Nagusiak lehentasuna eman dio enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeari. Helburu horretarako, besteak beste, honako proiektu hauek zerrendatu ditu: Bizkaia Dorrea, joan den astean behin-behinean esleitu dena; tokiko merkataritza digitalizatzea, BBKrekin eta sektorearekin irailaren 24an sinatutako akordioaren bidez garatuko dena; edo aste batzuetan abian jarriko den Invest in Biscay ataria, atzerriko inbertsioa erakartzeko. Gaur Gernikan egin den politika orokorreko osoko bilkuran, halaber, adinekoen arretari lotutako zerbitzuak emateko eredua aldatuko dela iragarri du, alde batetik adinekoak euren etxeetan bizi diren aldia luzatuz eta egoitza-zentroak ahal den neurrian etxeen oso antzekoak izatea lortuz eta, bestetik, osasun-profesionalei prestakuntza eskainiz ematen duten laguntza eta jasotzen duten ordainsaria hobetzeko. Rementeriak beste proiektu batzuk ere aipatu ditu, Bizkaia lurralde berdea, digitala eta eskualdeen arteko berdintasunekoa izan dadin; horien artean daude bihar 10 milioi euroko lizitazioa onartzea internet lurraldeko txoko guztietara eramateko, bizikletaren erabilera bultzatzea edo Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat datorren fiskalitatea ezartzea.
"Birus honek baldintzatu ahal izango gaitu, baina ez gaitu garaituko. Lanean jarraituko dugu, baldintzatuta, bai, baina egunerokoa kudeatzen, arazoei irtenbideak bilatzen, Bizkairako funtsezkoak diren proiektuak bultzatzen, hurrengo belaunaldiei zor diegun lurralde hau hobeto eraikitzen. Baldintzatuta, bai; etsita ez. Garaituta, inoiz ere ez". Hitz horiekin Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, berretsi egin du gure lurraldea aurrera ateratzeko duen konpromisoa, nahiz eta pandemiak arazo ugari sortu eta sei hilabetetan azken urteetako emaitza positiboak gelditu dituen. "Bizkaia ezin da gelditu eta ez da geldituko", azpimarratu du Gernikako Batzar Etxean gaur egin den politika orokorreko osoko bilkuran.
COVID-19aren ondorioz hil diren pertsona guztiak eta haien familiak gogoratuz hasi duen esku-hartzean, Rementeriak pandemia honek lurralderako ekarri duen egoeraren diagnostikoa egin du. Langabeziak gora egin du eta tasa %11,9koa da (2019an baino puntu bat gehiago), eraikuntzaren sektoreak atzera egin du edo merkataritza eta ostalaritza bezalako sektoreak krisian murgilduta daude, - "uste dugu aldi baterako kalteak izango direla eta 2022tik aurrera nabarmen hobera egingo dugula adierazten duten aurreikuspenak bete egingo direla"- baina, era berean, gogorarazi du beste sektore batzuek gora egin dutela, adibidez industria elektrikoak, sektore teknologikoak (bere kapazitatearen %95ean dagoena), automobilgintzak (enpresa asko ekoizpen-ahalmen okupatuaren %90etik gora daude), elikagaien banaketak, industria farmazeutikoak edo bizikletaren industriak.
"Pandemia hau ere igaroko da. Eta igarotzen denean, martxan hartu behar gaitu", adierazi du Unai Rementeriak, eta adierazi du Aldundiak horrela izan dadin "laguntzen" jarraituko duela. Ildo horretatik aurreratu du foru erakundeak hirugarren hiruhilekoaren ordainketa zatikatuaren salbuespena onartuko duela jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko guztientzat, eta horrek 10 milioi euro inguruko injekzioa ekarriko duela, eta itzulketa hori egiteko eskaera egin duten Bizkaiko 901 mikroenpresei eta enpresa txikiei Sozietateen gaineko Zergaren itzulketa aurreratuko zaiela, horrela irailaren 30ean kobratu ahal izango dutelako abendura edo urte hasierara arte itxaron Gabe.
"Laguntze" horretan, Ahaldun Nagusiak hiru lehentasun ezarri ditu: lehena, jarduera ekonomikoa eta enplegua lehengoratzen eta sortzen laguntzea; bigarrena, gizarte-ekintza hobetzea eta modernizatzea, beharrizana duten pertsonak babesten dituen sarea eta, hirugarrena, Bizkaia berdea, digitala eta eskualdeen arteko berdintasun handienekoa lortzea.
Lehentasuna duen hasierako ardatz horretan, enpleguarenean eta jarduera ekonomikoarenean, honako hauen moduko proiektuak daude:
Lehentasunezko bigarren ardatza, hau da, behar dutenei arreta emateari lotutako gizarte-zerbitzuetan eredua aldatzea, hiru gairen inguruan egituratzen da:
Bizkaia berdea eta digitala eta eskualdeen artean gehieneko berdintasuna bilatzen duenari dagokionez, Unai Rementeriak bi proiektu nabarmendu ditu:
Gaurko osoko bilkuran batzartutako batzarkide taldeen aurrean egindako esku-hartzearen azken zatian Ahaldun Nagusiak baliabide ekonomikoen eskuragarritasunarekin lotutako hiru gai aipatu ditu, pandemiak ere berariaz eragin baitio gai horri. Ildo horretatik, aurreratu du Europako berreraikitze funtsak eskuratzeko Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldea eraldatzeko XX proiekturen zerrenda aurkeztu duela. "Europako ardatzekin, jasangarritasunarekin, Green Dealarekin, digitalizazioarekin eta jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren sorrerarekin bat datozen proiektuak. Legealdiko proiektuak dira", esan du Rementeriak, eta" funts horien zati bat merezi dugu, proiektu handiak, eraldatzaileak eta onak direlako Bizkaiarentzat, Euskadirentzat eta Europarentzat, baina batez ere pertsonentzat, herritarren bizi-kalitatearentzat eta ongizatearentzat" aldarrikatu du.
Zehatzago esanda, proiektu horiek lau arlotan biltzen dira: digitalizazioaren bidez ekonomia eraldatzeko proiektuak, energia garbien eta ekintzailetzaren aldeko apustua (Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa -Bizkaia Dorrea-, Nagusi Intelligence Center, hidrogenoaren huba, Basque Cloud & Artifical Intelligence Center, tokiko merkataritzaren eraldaketa digitalerako eta berraktibaziorako plana, Eskola 42 Bizkaia), mugikortasuna mugikortasun iraunkor eta adimentsu bihurtzeko proiektuak (bizikleten mugikortasunerako plana, Metroa Galdakaora zabaltzea, Usansoloko Ospitalera eta Bilboko hegoaldeko auzoetara; ibai-azpiko konexioa itsasadarraren bi ertzen artean, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea AP-68 autobidearekin lotzea) eta landa-garapenerako eta aukera-berdintasunerako proiektuak digitalizazioaren, osasunaren eta ingurumenaren zaintzaren bidez (banda zabala Bizkaiko eskualde guztietara hedatzea, Bermeoko portua leheneratzeko plana, itsasadarraren ertzak leheneratzeko eta Bilbo efektua metropoli osora hedatzeko plan nagusia; Lezamako Bide Zaharra trenbide zaharra bide berde bihurtzea, erreferentziazko eskualde mailako zentro soziosanitarioen proiektua, belaunaldien arteko zentro pilotua Getxon eta administrazioaren digitalizazioa bultzatzeko programa) eta kultura bultzatuz garatzen diren eraldaketa-proiektuak (Koba, labar-artea babesteko eta zabaltzeko Lekeitioko gunea; Omako basoa lehengoratzea eta Arte Ederren Museoa handitzea).
Baliabide ekonomikoekin lotutako bigarren gaia NBEren Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datorren fiskalitatea onartzeko mahai gainean jarri duen proposamena da. Ildo horretatik, Bizkaiko Foru Aldundia maiatzetik ari da Mariana Mazzucato irakasle ospetsuarekin eta University College of Londonekin lanean GJHekin bat datorren fiskalitatearen proposamen horretan. "Susperraldi ekonomikoa ez dugu ulertzen Garapen Jasangarriko Helbururik gabe, bide bakarra delako ahalbidetzen duena mundu hobean Bizkaia hobea izatea. Aldundiak eta UCLk helburu bera dute: Bizkaian hazkunde ekonomikoa helburu horiekin bat etor dadin laguntzea, lurraldea New Green Deal delakoaren benetako living lab bihurtuz, eta Bizkaia euren politiketan ikuspegi bera aplikatu nahi duten beste zerga-jurisdikzio batzuetara transferitzeko moduko eredu bihurtzea. Nazio Batuen Erakundeak bultzatzen dituen Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datozen politika fiskalak diseinatzen dituen estatuz kanpoko lehen administrazio publikoa izan nahi dugu", azaldu du Rementeriak, eta elkarlan horren lehen emaitzak urte amaieran aurkeztuko direla azaldu du.
Ahaldun Nagusiak Ekarpenen Legean ezarritako eguneratzea ere aipatu du, eta honako hau adierazi du: "Hurrengo eredurako lehenik eta behin udalen arteko adostasuna landu beharko da, bai eta sentsibilitate politikoen artekoa ere. Eta adostasunetik abiatuta, Batzar hauetan foru arauaren proiektua aurkeztu. Akordio horren oinarriak udal-autonomia errespetatzea eta arrisku partekatuaren printzipioa eta indarrean dauden legeek aitortutako eskumenak betetzea izango dira".
Ondorio gisa, Rementeriak azpimarratu du Bizkaiak eutsi egin diola pandemia honi, "oso gizarte indartsua garelako. Horregatik eutsi dute egoitzek, osasun-sistemak, zerbitzu publikoak, garraioak... Asko sufritu dugu, baina denak zutik dirau. Bizkaiak zutik jarraitzen du eta ez da kasualitatea, ezta zortea ere; urte hauetan guztietan, egun askotan eta pertsona askoren etengabeko lana da". Eta, zentzu horretan, pertsona guztien barne-begiradari eta gizarte gisa ditugun balioei eutsiz amaitu du esku-hartzea: "Etorkizuna konpromiso pertsonala da, norberaren bertsiorik onena garatu behar da, eta beti bilatu behar da konponbide bat, tarteko puntu bat. Ñabardurak onartu behar dira. Arazoak abagunekoak izan daitezke, baina erantzunek, asmoek, balioek egiturazkoak izan behar dute, bereziki horrelako egoeretan eta bereziki Bizkaian. Ezin dugu galdu gizarte, lurralde eta herrialde moduan beti izan dugun balio erantsia. Honaino ekarri gaituzten balioak. Une aparta bizi dugu, eta guztion portaera aparta eskatzen du".
ITURRIA: BFA