Gipuzkoak 2.752 milioi euro bildu ditu abuztura arte, pasa den urtean baino % 10,6 gutxiago

Legealdi honetako Partaidetza Programa onartu du foru erakundeak aste honetako Diputatuen Kontseiluan, partaidetza sustatzen jarraitzeko bide orria

Gipuzkoak 2.752 milioi euro bildu ditu abuztura arte, pasa den urtean baino % 10,6 gutxiago 15Irailak
2020
2020 IrailaK 15 |
Gipuzkoa

PARTEKATU

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantzetako departamentuak 2.752,7 milioi euro bildu ditu urteko lehen zortzi hilabeteetan, hau da, abuztura arte. Honenbestez, %10,6 jaitsi da zerga bilketa aurreko urtearekin alderatuta, 325,9 milioi euro gutxiago. Sarrera gordinak %8,2 jaitsi dira, eta itzulketak, bere aldetik, %0,1 hazi dira. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, zenbatekoak nabarmen hobetzen du aurreko hilabeteko zifra, Errenta kanpaina atzeratzearen eraginez: “Aurten hilabete luzatu dugu gure Errenta kanpaina eta, hori dela eta, hilabete atzeratu da honen eragina zerga bilketan: pasa den urtean uztailean jaso genuena, aurten abuztuko zerga bilketan jaso dugu”.

Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Zerga bilketari erreparatuz, eta azken hilabeteetan adierazi bezala, gogoratu du COVID-19 gaitzak eragin duen pandemia dela beherakadaren arduraduna. “Aurrera begira, ziurgabetasunez betetako agertoki baten aurrean jarraitzen dugu. Argi dago aurten jarduera ekonomikoa murriztu egingo dela, kontsumoa jaitsi, langabezia igo… eta honek datozen hilabetetako zerga bilketan baldintzatzen jarraituko dugu. Gainera, ezin dugu ahaztu alderaketa 2019 urtearekin egiten ari garela, zerga bilketan errekor guztiak hautsi zituen urtea”, nabarmendu du. “Gainera, PFEZ eta Sozietateen kanpainetan ordaindu beharreko irabaziekin pandemiak eragindako galerak konpentsatzea ere onartu dugu eta, ondorioz, honek ere eragin negatiboa izango du gure baliabideetan, argitzeko dagoena”, gaineratu du.

Zerga bilketa datuetan sakonduz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) izan da zerga nagusietan balio positiboa izan duen bakarra, % 2,8 igo baita. Mendozak azaldu duenez, amaitu berri den Errenta kanpaina “onak” azaltzen du hobekuntza, eta aurreratu du Gipuzkoako foru Ogasunak aste honetan bertan emango duela honen berri. Sozietateen gaineko Zergaren kasuan, -28,9 jaitsi da bilketa. “Zerga honetan, jaitsiera azaltzen du, zati handi batean, zergadun batzuei kanpaina atzeratu izanak: mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak orain, irailean, ari dira egiten kanpaina, eta 2019an uztailean egin zuten”, azaldu du. Azkenik, Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) % 15,9 jaitsi da. “Bizi dugun egoeraren adierazlea da zerga honen bilakaera, kontsumoan eragin zuzena izan baitu pandemiak”, gehitu du.

Herritarren partaidetza

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak 2020-2023 urteetarako Partaidetza Programa ere onartu du. “Aldundiaren bide orria izango da legealdi honetan, aldezten dugun gobernantza eredu ireki eta elkarlanekoa hedatu eta Gipuzkoako gizartean partaidetzaren kultura finkatzeko”, adierazi du Mendozak. 4 ildo estrategiko, 12 alor, 49 ekintza eta 3 euskarri-tresna aurreikusten ditu planak. “Pandemia egoerak dituen mugak kontutan hartuta ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromiso irmoa da herritarren partaidetzari bidea egiten jarraitzea”, azpimarratu du bozeramaileak.

Gaineratu duenez, Herritarren Partaidetzarako Programa honen helburu estrategikoa da herritarrekiko harreman irekia finkatzea eta parte hartzeko eta komunikatzeko bide berriak irekitzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardunean herritarren parte-hartzea txertatuz. Horretarako, lau helburu operatibo edo aipatutako ildo estrategiko aurreikusten ditu programak: gobernantza ireki eta kolaboratiboko eredua garatu eta bultzatu; ezagutza sortzeko jarduerak diseinatu eta gauzatu; partaidetza bideak zabaltzeko tresna eta ekipamendu digitalak sortu (puntu hau, are garrantzitsuagoa pandemia garaian); eta herritarren partaidetza bermatu eta sustatzeko beharrezkoak diren organo, egitura eta araudiak ezarri eta bultzatu.

Ekintzetara jaitsita, Mendozak azaldu du 49 ekintza aurreikusten dituela programak, eta ildo estrategiko bakoitzeko egitasmo nagusiak nabarmendu ditu. Horrela, herritarren partaidetzarako estrategiak eta mekanismoak garatzeari dagokionean, aurrekontu irekiak, aholkularitza ezberdinak edota eragile ezberdinentzako dirulaguntzak azpimarratu ditu. Bestalde, ezagutzaren kudeaketa eta dibulgazioaren arloan, prestakuntza eta formazio saioak, sari ezberdinak edota Gipuzkoako partaidetza esperientzien mapa osatzea aurreikusten du Aldundiak. Berrikuntza digitalaren kasuan, blockchain proiektu pilotua, entzute aktiborako gailuen prototipazioa edo adimen kolektiboko software sozial laborategia bezalako ekimenak landuko dira. Eta, azkenik, organo, egitura eta araudiaren  atalean, haurren eta nerabeen partaidetza bultzatzeko esparruak, partaidetzarako plataforma ezberdinen arteko sareak edota erakunde arteko espazioak eta foroak ezartzea aurreikusten du programak.

“Herritarren partaidetza bultzatu eta instituzionalizatuz, aurrera egiten dugu gipuzkoarrei foru-administrazio moderno, garden eta irisgarriagoa eskaintzeko bidean. Aldundiak herritarren parte-hartzea gizarte zibilaren inplikazio proaktiboa errazten duen tresna gisa ulertzen du sektore publikoaren zereginean. Gainera, gizartearen kohesioa bultzatzen duen eta balio demokratikoak defendatzen dituen tresna ere bada, eta baita ere jarduera politiko eta administratiboaren eraginkortasuna eta legitimitatea bultzatzen duen erreminta”, azaldu du. “Horregatik, COVID-19 pandemiaren testuinguru honetan ere, datozen urteetan partaidetzaren alorrean egindako lanean sakontzen jarraituko du Aldundiak”, borobildu du.

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero legez, COVID-19 gaitzak Foru Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratu du Mendozak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileei dagokionean, azken orduetan Alai-Etxe egoitzako erabiltzaile bat zendu da, 98 urtekoa. Bere gertutasun eta babesa adierazi die bozeramaileak hildakoaren familia eta gertukoei. Guztira, 61 dira egun dauden kasu positiboak: 2 Donostiako Hermano Garate-San Inazio egoitzan, 34 Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan, 16 Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan, 8 Donostiako Alai-Etxen eta 1 Donostiako Zorroagan. Hauetatik 13 ospitaleratuta, eta beste 35 Eibarko Ospitaleko planta sozialean (bertan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak). Honela, abuztuaren 11tik hona sei egoiliar hil dira, eta hiru lagunek gainditu dute gaitza.

Egoitzetako langileei dagokionean, 54 langile daude diagnostiko positiboarekin, 23 egoitza ezberdinetan. Bigarren olatu honetan, 26 dira sendatu diren langileak. Eguneko zentroen kasuan, azken astean 2 positibo berri atzeman dira eta, ondorioz, egun 13 positibo daude 7 zentrotan ezberdinetan. Desgaitasuna dutenen arretari dagokionez, 14 positibo daude guztira, 6 eguneko zentroetan eta 8 egoitzetan. Sare honetan 412 plaza egoitzetan eta 474 etxebizitzetan. Bestalde, gaixotasun mentala duen pertsonen arretarako zentro batean 2 kasu atzeman dira eta gizarte inklusioan, aldiz, ez da positiborik atzeman. Azken sare honetan 54 baliabide, 225 plaza egoitzetan eta 192 etxebizitzetan. Adingabeen kasuan ere ez dago positiborik, eta sare honetan 400 plaza kudeatzen ditu Aldundiak. Azkenik, PCR frogei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 12.574 proba egin ditu, pasa den astean 1.194 (619 erabiltzaileen artean eta 575 langileen artean).

Interesatu Zaitez