Herritarren eta eragileen partaidetza bermatzen zuten mahaiak berraktibatzea oso garrantzitsua dela deritzote eta aurreko legealdian martxan jarri zituzten dinamika parte-hartzaileetara bueltatu beharra dagoela uste dute.
Aurreko legealdian talde politiko, eragile eta herritarren parte-hartze zuzena zuten hainbat mahai jarri ziren martxan, Hondakinen Mahaia, Mugikortasun Mahaia… eta parte-hartzearen aldeko apustu garbia egin zen. Legealdi berria hasi zenetik, ordea, parte-hartze foro horiek denak geldiarazita daude eta urte betetik gora pasa ondoren udalak ez du horietarako bilera deialdirik egin. Ordiziako EAJren ustez, herritarren eta eragileen partaidetza bermatzen zuten mahaiak berraktibatzea oso garrantzitsua da eta aurreko legealdian martxan jarri zituzten dinamika parte-hartzaileetara bueltatu beharra dago. Jeltzaleek azpimarratu nahi izan dute gainera foro horietan parte hartu zuten herritar eta eragileek konpromiso sendoa azaldu eta lan bikaina egin zutela “asko eskertzen dugu bai herritarrek eta baita eragileek parte-hartze foroetan izan zuten inplikazioa eta egin zuten lana eta uste dugu beharrezkoa dela bide horri segida ematea” azaldu du Jose Miguel Santamaria jeltzaleen bozeramaileak.
Hondakinen Mahaiaren kasuan, Ordiziako Hondakinen sistema hobetzeko helburuarekin lan egin zuen mahaiak eta zenbait adostasun eraiki ziren bertan, adibidez, hondakinen tasa mahai horretan eztabaidatzea eta erabakitzea ondoren Ordenantza Fiskaletan txertatu eta plenoak onartu zezan. Hondakinen ordenantza ere landu zuen mahaiak eta baita prest utzi ere, udalean teknikoki egin beharreko moldaketak egin eta onartzeko. “Mahaiak ordenantza proposamena egin zuenetik urte eta erdi inguru pasa diren honetan ez dugu ordenantzaren inguruko berririk izan eta ez dakigu udalean teknikoki aztertu den dagoeneko mahaiak idatzitako proposamena” azaldu du Santamariak. EAJren iritziz, ezinbestekoa da lanketa teknikoaren inguruko argibideak mahaiari ematea, bertan egin zen lanari errespetua zor zaiolako batetik eta ordenantza lehen bai lehen onartze beharrezkoa delako bestetik.
Hori dela eta, Hondakinen Mahaia deitzea eskatu dute jeltzaleek udalean, batetik, Ordenantza Fiskalak onartu aurretik hondakinen tasaren inguruan mahaiaren proposamena jasotzeko eta, bestetik, mahaiak osatutako ordenantza proposamenaren inguruan informazioa emateko. “Idatziz aurkeztu dugu proposamena udalean aintzat hartuko delakoan, izan ere, laster onartu beharko dira Ordenantza Fiskalak eta aurretik mahaia biltzea beharrezkoa dela uste dugu, baita lehen bai lehen ordenantzaren inguruko argibideak jasotzeko ere” amaitu du Santamariak.