Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Vitoria-Gasteizen izenpetu dute gaur koalizio gobernu bat eratzeko hitzarmena
“Akordio honekin, euskal herritarrei emandako hitza betetzen dugu, hurrengo Gobernuari ibilbide-orri argia ematen diogu egoera politiko, ekonomiko eta sozial oso osoaren aurrean, eta helburu eta konpromiso zehatzak ezartzen ditugu. EAJ-PNV pozik eta konprometituta dago akordio honekin, uste baitugu horixe behar duela Euskadik datozen lau urteetan”. Hitz horiekin borobildu ditu Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, hedabideen aurrean eskaini dituen adierazpenak, minutu batzuk lehenago, Eusko Legebiltzarrean, Idoia Mendia PSE-EEko idazkariarekin eta Iñigo Urkullu Lehendakariarekin Eusko Jaurlaritza eratzeko koalizioaren hitzarmena izenpetu ondoren. Iñigo Urkulluk, ostegunean bertan, inbestidura bilkurara joango da berrautatua izango dela jakinik, alderdi bien artean 41 legebiltzarkide izango direlako, hau da, 31 dira jeltzaleak eta 10 sozialistak.
Ortuzarrek hauteskunde kanpaina gogora ekarriz esan duenez “ahalegin berezia egin genuen gobernu sendo eta indartsu bat ahalik eta azkarren osatzeko beharraz, ahalik eta azkarren aurre egin ahal izateko, eta ahalik eta zehaztasun handienarekin, euskal erakundeek eta herritarrek pairatzen dugun egoera larriari: Covid 19ak eragindako aurrekaririk gabeko pandemia”. EAJ-PNVk hori esaten zuen bitartean, EH Bildu moduko alderdiek hauteskundeak uda ostean egitea planteatzen zuten. “Beste alderdi politiko batzuen irizpidea gailendu izan balitz, Euskadi hauteskunde kanpaina baten atarian legoke gaur”, nabarmendu du Ortuzarrek. Alabaina, Euskadiko Hauteskundeak uztailaren 12an egin ziren osasun arazorik gabe eta gaur, 51 egun geroago, “EAJ-PNV eta PSE-EE, prest gaude euskal herritarren aurrean akordio bat aurkezteko. Akordio horri esker, pandemiaren aurkako borrokari eta herrialdearen susperraldi ekonomikoaren zereginari aurre egin ahal izango diegu”.
Jeltzaleen buruak baieztatu duenez, “Alderdi sinatzaileok lortu nahi duguna da, posible izateaz gain, Legebiltzarreko gainerako alderdiek une kritiko honetan egoerak eskatzen duen mailan egotea, eta Eusko Jaurlaritzarenarekin bat egitea, egoera horrek eskatzen duen lankidetzatik, leialtasunetik eta erantzukizunetik abiatuta. Era berean, EAJ-PNV eta PSE-EE erabat kontziente gara inposaketa garaia ere ez dela. Bi alderdiek partekatzen dugun ziurtasun hori da, eta, horregatik, gaur, hemen, gure eskua luzatzen diegu EH Bilduri, Elkarrekin Podemosi eta Partido Popularrari”, elkarlanerako. Ortuzarrek argi baino argiago utzi nahi izan du Vox-i ez zaiola gonbidapen bera egiten. “EAJ-PNVk eta Vox-ek ez dugu ezer ere partekatzen. Ezer ere ez. Eta, ezer ez partekatzen ez duzun horrekin ezin duzu ezer adostu”; baieztatu du .
Buru abertzalearen esanetan EAJ-PNVk eta PSE-EEk gaur izenpetu duten akordioan (eta legebiltzarra errespetatuz, ostegunean, inbestidura egunean, ezagutzera emango denean) laburbildu nahi izan dituzte hurrengo Gobernuak hartu beharreko erabakirik premiazkoenak lau ardatz egituratzaile oinarri hartuta: presakoa, garrantzitsua, arduratsua eta egiteke dagoena.
Premia nagusia da oparotasuna, enpleguaren susperraldiaren, horren kalitatearen hobekuntzaren eta Covid-19aren pandemiaren ondorio negatiboak gainditzeko susperraldi ekonomikoaren alde egiten duen estrategia bat garatzea. Garrantzitsua dira pertsonak: gobernu berriaren ekintzaren konpromiso politikoaren funtsezko elementua. Gure konpromisoa da osasun eta hezkuntzako zerbitzu publikoak finkatzea eta indartzea eta gizarte-politika guztiek euskal gizartearen giza garapenean laguntzen dutela bermatzea.
Ardura da Planeta zaintzea: Euskal gizarteak bere ekarpena egin behar du planetaren oreka lehengoratzea lortzeko. Adierazten dugu konpromisoa dugula bidezko energia-eta klima-trantsizio batekiko, energia berriztagarrien aldeko apustuarekiko, ingurune naturalaren eta biodibertsitatearen kontserbazioarekiko eta ekonomia zirkularraren bultzadarekiko.
Eta egiteke duguna dira Bizikidetza. Autogobernua eta Giza Eskubideak: azpimarratu nahi dugu beharrezkoa dela pertsonen bizikidetza, justizia eta segurtasuna finkatzeko eginkizun horretan lan egiten jarraitzea; Giza Eskubideak defendatzea; autogobernua defendatzea eta Gernikako Estatutua osorik betetzea eta belaunaldi berri batentzako estatutu-itun berri bat lortzea.