Ordiziako jaiak bertan behera geratu dira

EAJ-PNV udal taldeak gaur Ordiziako Udalak jaien inguruan egin duen agerraldi publikoan parte hartu du, batetik, bizi dugun osasun krisi honen aurrean garrantzitsua iruditzen zaigulako elkarlan eta batasun irudia transmititzea herritarrei eta, bestetik, ordiziarrei arduraz jokatzeko egiten zaien deiarekin eta jaiak aurten bertan behera uzteko erabakiarekin bat egiten dugulako.

Ordiziako jaiak bertan behera geratu dira 23Uztailak
2020
2020 UztailaK 23 |
ORDIZIA

PARTEKATU

Uste dugu guztion hobe beharrez hobe dela aurten jairik ez ospatzea eta izango dugula aukera horretarako datorren urtean, guztion arteko sakrifizio horren bitartez gaitzari aurre egiteko borrokan atzerapausorik ez emateko.

Hori horrela, argitu nahi dugu baita ere, gure elkarlanerako eta batasunerako nahia ez dela mugatzen agerraldi publiko batean parte hartzera eta uste dugu elkarlanak benetakoa behar lukeela eta ez soilik herritarrei mezua helarazteko momentuko argazkikoa. Izan ere, gure taldeak ez du izan inongo erabakietan parte hartzeko aukerarik, ez honetan konkretuki ez eta ere orain aste batzuk jasan genuen gaitzaren agerraldiaren inguruan ere. Publikoki azaldu dugun bezala, udal gobernuak gure parte hartzeko aukerak erabat murriztu ditu legealdi berria hasi zenetik eta uste dugu hori ez dela ordiziarrentzat egokiena. Bakoitzak dagokigun esparrutik gure aletxoa jartzea ezinbestekoa da krisi honi aurre egiteko eta guk behin eta berriz azaldu dugu elkarlanerako borondate hori. Horixe aldarrikatzen jarraitzen dugu eta espero dugu gaurko agerraldian eman nahi izan den batasun eta elkarlan irudi hori datozen egun, aste eta hilabeteetan benetako elkarlan bihurtzea. Gure eskuak luzatuta jarraitzen du eta udal gobernuaren baitan dago luzatutako esku horri heldu eta elkarlanaren bideari ekitea.

Ziur gaude, guztion hobe beharrez, ordiziarren gehiengoak erantzukizunez jokatuko duela, norbanako gehienok arduraz jokatuko dugula, baina erantzukizunez jokatzen ez dutenen aurrean udalak arduraz jokatzea ere beharrezkoa izango da, gertatzen denaren jarraipen zorrotza eginez eta behar diren erabakiak hartuz. Elkar zaindu behar dugu eta elkarlanean aritu behar dugu herri bezala krisi honetatik indartuta ateratzeko. Lortuko dugu. Gora Ordizia eta gora ordiziarrak.

Interesatu Zaitez